Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Agurraren eta itzuleraren artean

Alex Sardui musikaria eta Jabi Elortegi zuzendaria, duela aste batzuk egindako aurkezpenean.
Alex Sardui musikaria eta Jabi Elortegi zuzendaria, duela aste batzuk egindako aurkezpenean. (Andoni Canellada | FOKU)

Agur esan barik” deitu zion Gatibuk bere azken birari. Izenak berak badu zerbait paradoxikoa: agur bat iragartzen zuen, baina agurra bera ukatu egiten zuen. 2025ean eman zuten azken kontzertua, eta Jabi Elortegi zuzendariak ibilbideko azken urtean bildutako irudiak baliatu ditu izen bereko dokumentala osatzeko. Martxoan aurrestreinaldia egin zuten Bilbon, eta orain jaialdietan barrena aurkezteko asmoa dute. Bira baten kronika hutsetik harago, filmak denboraren joanaz, eraldaketa pertsonal eta kolektiboaz, heldutasunaz eta, batez ere, agur esaten ikasteaz hitz egiten du. Trailerra Haimar Arejita gitarra jotzailearen galdera batekin hasten da: «Zenbat taldek irauten dute 25 urte?». Galderak, nolabait, film osoa zeharkatzen du.

2000. urtean sortu zen Gatibu eta urte berean, ozeanoaren beste aldean, beste talde bat ere jaio zen: Linkin Park. System of a Down, Limp Bizkit, Slipknot, Rage Against the Machine, Korn... Nu metal generoak munduko gazteen bozgorailuak astintzen zituen garaia zen, eta genero haren jarraitzaileok ondo gogoratuko dugu urte hartan eztanda egin zuen diskoa: “Hybrid Theory”. 26 urte igaro diren honetan, haren oihartzunak ez dira oraindik itzali. “Crawling” eta “In the End” kantuek Linkin Park mundu osoan ezagutzera eman zuten, eta Euskal Herriko bazter guztietara ere iritsi zen haien soinua.

Taldearen ahotsa Chester Benningtonena zen. Bere bizitzaren zati handi batean depresioarekin eta haurtzarotik pairatutako abusuen ondorioekin borrokatu zen. 2017ko uztailaren 20an hil zen, bere buruaz beste eginda.

Heriotza gertatu eta ia hamar urte geroago, Linkin Parkek bere itzuleraren kontakizuna pantaila handira eramango du. Joe Hahn taldeko kideak zuzendu du “Unshatter”, eta filmaren leloak ezin hobeto laburbiltzen du taldearen bigarren bizitza: «The Hardest Part of Ending is Starting Again» («Amaitzearen alderdirik zailena berriz hastea da»). Irailaren 30ean iritsiko da zinema aretoetara.

Dokumentalak kameren atzean grabatutako irudiak, zuzeneko emanaldiak, artxiboko materiala eta taldekideekin zein jarraitzaileekin egindako elkarrizketak uztartuko ditu. 2017ko galeraren ondoren taldeak bizi izan duen doluari, sormen prozesuari eta berriz elkartzeko erabakiari erreparatuko dio.

Eta horrela gurutzatzen dira bi istorioak, oso urrutitik bada ere. Gatibuk amaiera bati begiratzen dio; Linkin Parkek, berriz, amaiera baten ondoren hasi beharrari. Bi talde, bi estilo, bi ibilbide, bi garai eta bi norabide. Baina biek erakutsi dute musika ez dela beti amaitzen taldea amaitzen denean; geratzen dena ahotsa da, doinuak, oroitzapenak. Eta zeinen garrantzitsuak diren dokumentalak belaunaldi askorentzat erreferente izan diren taldeen irudi eta bizipen horiek berriro gogoratu eta sentitzeko.

«Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna», zioen Berri Txarrak taldeak.