Markel Urrate Antia / Salto Training
KIROLA

«Ze ederra izango den itzulera»

(Getty Images)

Udaren hondarrean, iraila iristearekin batera, badirudi dena berriz hasten dela. Errutinak, lana, ikastetxea eta, nola ez, lehenbailehen «forma berreskuratzera» gonbidatzen gaituzten mezuak itzultzen dira: 30 eguneko erronkak, dieta miragarriak eta udan gozatutako guztia konpentsatu behar delako sentsazio etengabea.

Baina hori guztia behar ez balitz?

Nahiz eta idealena gure bizi ohitura osasuntsuak ahalik eta gutxien aldatzea izango litzatekeen, abuztua hilabete ezberdin bat izaten da. Ordutegiak aldatzen dira, gehiago bidaiatzen dugu, otordu luzeak partekatzen ditugu senide eta lagunekin, atseden hartzen dugu eta, askotan, ohitura osasungarri batzuk alde batera uzten ditugu. Eta ez da ezer gertatzen. Osasuna ez dago hilabete bakar baten mende, urte osoan zehar egiten dugunaren mende baizik.

Arazoa, itzulera hori erruduntasunetik egiten dugunean dator. Galdutako denbora berreskuratu beharrak aldaketa bortitzegiak ekarri ohi dizkigu: egunero entrenatzea, gustatzen zaizkigun elikagaiak kentzea edo mantentzeko zailak diren arauak ezartzea. Motibazio handiarekin hasten dena, askotan, frustrazioan eta abandonuan amaitzen da.

Jarduera fisikoak ez luke izan behar oporrak hartzeagatik ordaindu beharreko zigorra, hobeto sentitzeko tresna bat baizik. Ez da beharrezkoa astean bost entrenamendu egitea, agian bi nahikoak izango dira hasieran. Era berean, ez da beharrezkoa entrenamendu perfektua bilatzea; nahikoa izango baita berriz oinarriak ongi lantzearekin, gorputza berriz jarduera fisikora egokitzen joan dadin.

Beraz, alde batetik, izan pazientzia eta sinetsi prozesuan, gorputza pixkanaka egokitzen delako. Eta, beste alde batetik, garbi izan sakrifizio txiki bat ere eskatuko dizula itzulerak, motibazioak ere feedback positiboa behar baitu ohitura osasuntsuekiko atxikimendua berriz sortzeko.

«Ze ederra izango den itzulera» dio Izaroren kantu eder batek, eta sinestea zaila izan daitekeen arren, zaindu dezagun geure burua, urrian, azaroan edo abenduan gurekin jarraituko duen errutina bat eraikiz. Itzulerarik onena beti ez baita aldaketa gehien dakartzana, gozatu eta mantendu dezakezuna baizik.