AMAIA URIBE
IRITZIA

Bakardadeaz

Goizero gizon bera ikusten dut kalean. 90 bat urte izango ditu eta beti joaten da bakarrik, ogia eta egunkaria eskuan dauzkala. Burumakur, begirada tristearekin. Sarritan pentsatu dut alarguna ote den, familiarik ote daukan. Ez naiz ausartzen hori galdetzen baina, irribarre egiten diot goizero eta begi ilun horietan argi izpi txiki bat ikusten dut. Edo hori pentsatu nahi dut nik.

Beldurra diot bakardadeari. Gozatzen dut bakarrik egoteaz baina bakardadea ez da hori. Bakardadea hutsune bat da bihotzean, pisu bat lepoan. Bakardadeak min ematen du eta zaila da gainditzen. Bakardadeak izan zenuena eta galdu duzuna dakarkizu gogora edo izan nahi zenuena eta izan ez duzuna. Bakardadea gizarte berri honen gaixotasunetako bat da. Izan ere, familiak geroz eta txikiagoak dira eta jendeak geroz eta indibidualago jokatzen du. Ni, ni, ni eta gero ni. Eta horrek bakarrik geratzeko arriskua areagotzen du.

Sentitu zaitezke bakarrik, jendez inguratuta egon arren. Horren adibide da New York. Zortzi milioi biztanleko hiria da Estatu Batuetako “bakardadearen hiria”. Izan ere, ez da erraza han jendearekin harreman estuak izatea. Joan-etorriko hiria da askorentzat. Lagunak egin eta lagunak badoaz. Hiri lehiakorra ere bada. Asko euren lanagatik joaten dira New Yorkera eta garrantzi gehiago ematen diote lanari, jendea ezagutzeari baino. Han bizi nintzenean begirada triste asko ikusten nituen metroan.

Inguruak ere bultza zaitzake bakarrik sentitzera. Behar duzun besarkada ematen ez dizun laguna, entzun nahi duzun galdera egiten ez dizun neba, ulertzen ez zaituen bikotekidea. Bakardadea sentimendu konplexua da eta sentitu zaitezke bakarrik zure ingurukoen erdian. Azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 70.000 lagun sentitzen dira bakarrik, eta adineko pertsonak izaten dira gehienak. Ez dakit zein den goizero ikusten dudan gizonaren istorioa. Badaezpada, baina, bihar ere irribarre egingo diot.