AMAGOIA MUJIKA
IRITZIA

Jendea

Asteotan hatz puntak tintaz zikinduta ibili naiz. GAUR8 astekariak milagarren zenbakia argitaratu zuen atzo eta artxiboa errepasatzen aritu naiz. Amonarekin akordatu naiz. Sukaldeko mahaian, antiojoak sudurraren puntan, hatza bustitzen zuen egunkariaren orriak pasatzeko. Umea ni, grazia egiten zidan eta imitatu egiten nuen, nire hatz txikia listuarekin bustiz eta egunkariari atentzioz begiratuz, nahiz eta artean irakurtzen ez jakin. Orduan konturatzen ez banintzen ere, hor ulertu nuen lasai eseri eta egunkaria irakurtzea erritual garrantzitsua dela. Amonarentzat munduari begiratzeko toki garrantzitsua zen sukaldeko mahai hori. Orain amonaren antzera aritu naiz, hatza busti eta orrialdeak pasa eta pasa.

Mila zenbaki. Ia hogei urte. Gure herriaren azken hogei urteetako zimurrak topatu ditut GAUR8ko orrialdeetan; zimur batzuek minen traza dute, pozaren forma beste batzuek. Nire bizitzako azken 1.000 asteak GAUR8ren bidearen parean joan dira. Horregatik piztu zaizkit orrialdeetan kabitzen ez diren oroitzapenak. Akordatu naiz nola lagundu zidan aitak elkarrizketa hau edo hura egitera Euskal Herriko txoko ugaritara. «Nola joango zara bakarrik? Nik lagunduko dizut hamaiketakoaren truke». Aitarentzat memorian daukadan kutxan GAUR8 ere agertzen da, pentsa. Lan polita nuela esaten zidan. Akordatzen naiz hartu nauten etxeetako sukaldeez. Herritar askok ireki dizkigu etxeko ateak eta istorio oso pertsonalak kontatu dizkigute, kontaketa pertsonal horiek min kolektiboagoak samurtzen lagunduko dutelakoan. Eskertza infinitua haientzat.

GAUR8 sortu zenean konbentzituta ginen mundua euskaraz konta zitekeela. Horretan tematuta, arkitekturaz, hezkuntzaz, osasunaz, sexologiaz, zientziaz, nekazaritzaz, digitalizazioaz, feminismoaz, informatikaz... dakitenez inguratu ginen. Adituen ahotsa ekartzeko saiakera etengabea izan da GAUR8koa. Egun boladan daude gai guztiei buruz dena dakiten sasijakintsuak. Aukeran, nahiago benetako adituei eta arituei entzun. Zarata isilarazi eta dakitenei entzun.

GAUR8 astekariak daukan balio handiena, zalantzarik gabe, gauzak egiten dituen jendearengana hurreratzen asmatu izana da. Herrietan, auzoetan, elkarteetan egunero lanean ari direnak dira herri honen benetako orea. Txikitik ari dira lan tematian Euskal Herria bizigarriagoa eta euskaldunagoa egiteko. Horiek dira garrantzitsuak, ezinbestekoak. Gauzak ondo egiten dituen jendearen miran segituko dugu. Bagoaz 1.001. zenbakia prestatzera.