Pradier etxea
Pradier etxea Pierre Debeauxek diseinatutako eraikuntza da, Clair Pradier nekazariak egindako enkargu baten ondotik egina. Le Corbusierren jarraitzaile izaki, geometria izan zen gidari eta artearen eta zientziaren arteko sintesiaren bilaketa izan zen bere muga nagusienetako bat.

Pradier etxea lurrari lotutako monolitoa da, eta, aldi berean, gorantz egiten duen arkitektura. Masa sendo baten eta mugimendu arin baten arteko tentsioan eraikitzen da Pierre Debeauxek proiektatuko etxearen izaera. Hormigoiak pisua ematen dio, eta, estalkiko belardiak, berriz, lurrarekin lotzen du. Bien artean, espiral baten moduan gorantz egiten duen ibilbideak etxea arkitektura-pasealeku bihurtzen du, beheko lurretik estalkiko lorategiraino. Estalkiak eraikinaren luzapen tridimentsional gisa funtzionatzen du, eta etxearen logika espaziala bere gailurreraino eramaten du.
Pradier etxea Lavaurren dago, Agout ibaiaren bihurgune batean, Pays de Cocagne eskualdean. Herria baratzeez estalitako lautada alubial baten gainean hedatzen da, eta etxea ingurune periurbano horren erdian agertzen da, bere izaera brutalista nabarmenduz. Clair Pradier nekazariak egin zion enkargua Debeauxi. Le Corbusierren mireslea zen Pradier, eta, eraikitzeko aukeratutako lursaila zabala, laua eta irekia zen. Baldintza horiek askatasun handia eman zioten, bai bolumena antolatzeko, bai etxearen geometria modu erradikalean lantzeko ere.
Arkitektoaren lanean geometria beti zen gidari. Artearen eta zientziaren arteko sintesia bilatzen zuen haren ogibidearen bitartez. Forma harmoniko eta emozionalak sortzeko interesa zuen, eta bereziki erakartzen zuten gainazal geometriko arautuek eta forma konplexuek proiektuetan izan zitzaketen aukerek. 1960. eta 1978. urteen etxebizitza sorta bat eraiki zuen Tolosa (Okzitania) inguruan. Banakako etxebizitzek sormen askatasun handia eskaintzen zioten, eta esparru horretan aurkitu zuen bere ideiak garatzeko aukera. Le Corbusierren hainbat printzipio hartu zituen oinarri, hala nola, modulorra, hormigoi gordina, arrapalak, landarez estalitako teilatuak eta solariumak. Elementu horiek Debeauxen forma konplexuekiko interesarekin uztartzen ziren.
ESPIRAL LOGARITMIKOA
Pradier etxea izan zen Debeauxen azken etxebizitza proiektua, eta bere ikerketa geometrikoa muturrera eraman zuen bertan. Eraikina urrezko proportzioan oinarritutako espiral logaritmikoaren printzipioaren arabera diseinatu zuen, matematika arkitekturara eramateko saiakera berezi batean. Era berean, paraboloide hiperboliko itxurako azal meheak erabili zituen. Etxearen antolaketa mugimendu geometriko baten bidez egituratzen da. Printzipio nagusia helize edo goranzko espiral bat da, erdian patioa duena. Debeauxek ideia hori lehenago ere aztertua zuen Tolosako Chanfreau etxean, eta, oraingoan, bere adierazpena muturreraino eraman zuen.

Estalki landatuak espiral horren forma hartzen du. Erdiko patioaren inguruan kiribiltzen da, pixkanaka gorantz eginez, eta eraikinaren bolumen osoa estaltzen du. Aldi berean, egongela eta bizitzeko espazio nagusiak hegoaldera orientatzea ahalbidetzen du. Mugimendua barruko ibilbidean ere agertzen da. Sarreratik abiatuta, bi zatitan antolatutako arrapala luze batek egongelara eramaten du lehenik, eta handik goiko solairuko logeletara. Ondoren, kanpoko terraza txiki batera iristen da ibilbidea, eta, azkenik, estalkira eta solariumera. Goranzko sekuentzia horrek etxearen esperientzia osoa antolatzen du.
Estalkira iristean, lorategiaren kurbadurak oreka fisikoaren pertzepzioa zalantzan jartzen du eta hutsarekiko harremana areagotzen du. Barandarik gabeko ertzeko sentsazio erakargarri eta, aldi berean, ezegonkorra sortzen du. Begirada urrutiraino luza daiteke, inguruko zuhaitz garaien adaburuek mozten duten ortzi mugaraino.
Erdiko patioak, helizearen nukleoak, urari ematen dio protagonismoa. Iturri batek euri-uraren mugimendua agerian jartzen du. Ura estalkiaren maldari jarraituz jaisten da lehenik terrazako urmael batera, handik hormigoizko hormetan behera egiten du, beheko urmael batera iritsi arte. Uraren ibilbidea arkitekturaren barruan ikusgai bihurtzen da, eta estalkiaren, patioaren eta hormigoizko egituraren arteko lotura indartzen du. Patioaren ondoan, alderantzizko piramide baten moduan eratutako eskailera batek estalkirako sarbide zuzena planteatzen du.
Etxearen materialtasunak geometria horri gorputza ematen dio. 1981ean, Pradier etxeak Frantziako Arkitektura Akademiak antolatutako Beau Beton saria jaso zuen, hormigoiaren kalitateagatik eta erabilitako tekniken aniztasunagatik. Hormigoi gordineko gainazaletan agerian geratzen dira egurrezko kofratuen aztarnak. Debeauxek material horrek erabilera haren plastikotasunagatik defendatzen zuen. Hormigoiak arkitektura sendoa, eskulturala eta arina garatzeko aukera ematen zion.
Nolabait, estalkiak sorturiko gainazal berdea da atalik esanguratsuenetakoa. Inertzia termiko handia du, eta hainbat geruzaz osatua dago, besteak beste 40 zentimetroko landare lurrez. Haren esanahia alderdi tekniko eta espazialekin batera eraikitzen da. Pradier etxean lorategia eta etxebizitza egitura beraren parte dira. Debeauxek asmo ekologiko argia adierazi zuen, eraikinak lurrean okupatutako azalera estalkian berreraikitzea.
Debeauxen proposamena garaikidea izan zen ikuspegi ekologiko horretan, eta hurbiltasuna erakusten du beste eredu batzuekiko. Eraikinak beheko lurzorua hartzen du, baina goian lur-geruza berria sortzen du. Arkitektura lurretik abiatzen da, eta, pixkanaka, paisaiaren gainetik altxatzen da, lurra berarekin eramanez.



