AMAIA URIBE
IRITZIA

Hauteskundeak

Hauteskunde usaina nabari da. Erredakzioetan hasi da urduritasuna, lagunarteko elkarrizketetan ez dago beste gairik. Bost aste barru bozkatzen egongo gara eta izua ematen dit gerta litekeenak. Ultraeskuinaren gorakadak ematen dit beldurra. Eskubideen galerak, euskararen zapalketak eta migrazioaren kontrako politikek. Vox Gobernura iristen baldin bada, zinez igarriko dugu.

Italian, Hungarian, Herbehereetan eta Alemanian ikusi dugu eskuin muturra indarra hartzen ari dela. Baita Argentinan, El Salvadorren eta Kolonbian ere. Frantzian, datorren urteko apirilean izango dira hauteskundeak, eta inkestek aurreratzen dute Marine Le Penek lehen bueltan botoen %37 lor dezakeela. Eta ikusteko dago, zer gertatzen den Ameriketako Estatu Batuetako Kongresurako hauteskundeetan. Datorren astean bidaiatuko dut bertara, hauteskunde erabakigarri horien berri emateko. Ez dira presidentzialak, baina azaroaren 3an gertatzen denak markatuko du Trumpen etorkizuna eta herrialdearen norabidea.

Trumpen politikek erakutsi dute muturreko diskurtsoak ez direla hitz hutsak. Deportazio masiboak agindu ditu, eta familiak banandu. Herrialde musulmanetako biztanleei sarrera debekatu die, eta bazterketa bultzatu. Klima aldaketa ukatu du, eta arriskua areagotu. Eta munduko ekonomia hankaz gora jarri du, muga zergak bere interesen arabera ezarriz. Duela urte gutxi, politika horiek zientzia-fikzioa ziruditen, baina Trumpekin edozer da posible. Eta haren MAGA mugimenduaren barruan dauden hautagaiek itsu-itsuan defendatzen dute Trumpen agenda. Demokratek, beraz, hauteskunde hauetan dute aukera Kongresuaren kontrola berreskuratu eta trumpismoari mugak jartzeko. Agian horregatik, parte hartze handia espero da, bereziki, boto emaile demokraten artean. Eta zalantzarik barik, geuk ere berdina egin behar genuke. Hauteslekuak bete, ultraeskuina geldiarazteko.