MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Lanak eginda

Astebete beste uda bat gure bizitzetan irristatu dela eta hasi dira amaitzen ikasturterako jarritako helburuak. Ekaina gogorra izaten da. Haurren futboleko, saskibaloiko edo atletismoko bazkaria ez bada, ikastolako festa da, eta bestela Ibilaldia, Araba Euskaraz edo Eskola Txikien Festa... Eta, azken bi urte hauetan, Gure Esku Dago ekimenak abian jarritako ekitaldiak. Bata, bestea, edo guztiak izan dira agendan. Eta, gainera, eskola eta ikastolek euren jarduna amaitu dute ikasleekin eta denak daude etxean, oraindik ez duelako erabateko forma hartu udarako pentsatutako egitarauak: udalekuak ez dira hasi, oraindik guraso asko lanean dago, baina opor usaina zabaltzen dute etengabe gauean lotarako batere presarik ez duten haurrek eta goizean jaikitzeko asmorik ez dutenek. Hondartza aldarrikatzen dutenek, eguzkia atera orduko, edo aspertuta daudela errepikatzen ari zaizkigunak.

Kaosa. Iritsiko da udari tamaina hartuko diogun unea ere, eta iritsiko dira oporrak. Eta tarte honetan, bakoitzak, azken txanpari ekiteko, eskuartean daukana amaitzeko, azken ahalegina egin beharko du. Batzuek kontatu dituzte ikasleekin egon beharreko egunak, beste batzuk kontatzen ari dira abuztura arte geratzen zaizkien egunetan gutxi gorabehera zenbat gaixo artatu beharko dituzten, beste batzuk zenbat torloju egingo dituzten minutuko edo zenbat albiste erredaktatuko.

Nik oporren aurretik eta San Ferminen aurretik Nafarroako Gobernua itxita utzi nahi nuke. Badirudi nire lan bat dela eta, egia esan, ezer gutxi egin dezaket nik han eragiteko. Baina azkar ikusi nahi nuke Nafarroan gauzatzen ari den aldaketaren garapena, gobernu berria osatuz. Sakoneko arazoak dira adostu behar dituztenak eta gobernu honek sortu nahi du lau urte baino gehiagoz lan egiteko bokazioarekin. Orain artekoak, ziurrenik, aurreikus zezakeen kolpea baina handiagoa hartu du, botere esparru ia guztietatik desagertu delako. Irensteko zaila da hori.

Hainbeste urteren ondoren aginterik gabe geratzean, aginte horren ingurumarian eraikitako sarean funtzionatzen zuten hainbat elementu ere jausiko dira erremediorik gabe, erresistentziak handiak izango badira ere. Nora ezak ziurrenik areagotu egingo ditu dagoeneko nabaritzen hasiak ziren barruko eztabaidak, ikusezinak eta, kasu batzuetan, baita gorroto sakonak ere.

Aldaketa gauzatzen ari da. Ikusi besterik ez dago Iruñeko udal berria eratu zenekoa edo Nafarroako parlamentukoa. Euskara agertu da natural, inor eraso gabe. Eta agertu dira beste aurpegi batzuk, beste aldarrikapen batzuk.

Aldaketa gauzatze hutsak aldaketa ekarri du, eta, inondik ere nahikoa ez den arren, iritsi da. Baina pizti zaurituarena baino atzaparkada okerragorik ez omen dago, beraz, gobernuaren aldaketa lehenbailehen ikuskatzea premiazkoa da, San Tomasek bezala sinesteko ikustea beharrezkoa dugunontzat, eta bestela ere bai.