MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Inboluzioa

Ez dakit zergatik sinistu behar dugun Euskal Herrian euskara ikasi dutenak bereziki eskuzabalak izan direla, ingelesa ikasi dutenekin konparatuta edo txinera ikasi dutenekin alderatuz gero. Euskara ikasi badute, irabazi dute jakindurian, eta irabazi dute unibertsala den eta ikasi arte jaso ez zezaketen kultura baten atal oso garrantzitsu bat. Hizkuntzak murgildu ditu eremu berri eta aberasgarri batzuetan: unibertso berri bat. Hala diote ikasi dutenek eta hala gertatzen da jakituriaren edozein eremu barneratzen dugunean. Gainera, euskara Euskal Herriko hizkuntza da. Baina konprenitu dezakegu zirkunstantzia ezberdin ugari egon zitezkeela aipagai dugun euskararen ikaskuntzan, eta ondorioz aitortu, eskuzabaltasuna baino pertsona batzuek egin duten ahalegina. Txalotzeko prest gaude. Dena den, duela hogeita hamar urtetik, herri honetan jende askok izan du euskaraz ikasteko eskubidea eta aukera (tamalez ez da Nafarroako eremu zabal baten eta Iparraldearen kasua) eta, zentzu horretan, ez dakienak, salbuespenak salbuespen, nahi izan ez duelako da. Gainera, euskaraz bizi nahi duten euskaldunek, hizkuntza eskubideak sarri zapalduta aurkitzen dituztenek sekulako malgutasuna eta laguntzeko prestutasuna dute saiatzen denarekin eta mundu guztiak onartzen du «egun on» bat, «barkatu, astiro mesedez» bat, nahikoak direla ekiteko eta gehiago ezin denean gaztelaniaz hitz egiteko prest gaude.

Eskubideen urraketa euskaldunok pairatzen dugu. Azkenaldian gainera erantzun bortitzak ugaritzen ari dira egunerokoan eta jarrera horiek haizea hartzen dute, aspaldi ez bezala, oso era gordinean, hizkuntza lehia elektoralaren zurrunbilora jaitsi dutelako batzuek; hizkuntzarekin politikarik ez zela egin behar zioten haiek. Inboluzio bat gertatzen ari dela esango nuke. Euskara nahi ez dutenen putzutik bozak arrantzatu nahi dituzte batzuek eta edozerk balio du horretarako. Bitartean, Espainiako Auzitegi Gorenak jomugan hartu du katalana, berriz ere. Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi du, eta Kataluniako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eskolen laurdenak gaztelaniaz emateko agindu du. Alegia, gutxienez enborreko ikasgai bat hizkuntza horretan eman beharko dute, Gaztelania ikasgaiaz aparte. Irene Rigau Kataluniako Hezkuntza kontseilariak dio, Espainiako Auzitegi Gorenari ez dagokiola Kataluniako hezkuntzaren hizkuntza sistema moldatzea baina epai hori kudeatu behar du. Gainera Wert ministroak salaketa jarri du Kataluniako Auzitegi Nagusian, Generalitateak datorren ikasturteko matrikulazioetan gaztelaniazko ikasgaien ordu gehiago eskain ditzan. Frantziak, bere aldetik, beste behin ere tokiko hizkuntzei muzin egin die eta Najat Vallaud-Belkacem Hezkuntza ministroak kolegioetan egin nahi duen erreforman, hizkuntza horien irakaskuntza ikasgai osagarrietan sartu nahi du, leku askotan tokiko hizkuntzen ikasgaia desagertzeko arriskuan jarriz. Ipar Euskal Herriko ikastolek pairatzen duten egoeraz zer esango dugu... Duela astebete egindako Herri Urrats arrakastatsuak horri egin nahi zion aurre. Bada arrazoi sorta bat atzerantz goazela pentsatzeko eta egoera honi nola aurre egin hausnartzeko.