MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Lehentasunak

Kanpezutik Zuñigara joatean, lehenengo «Navarra. Comunidad Foral» irakur daiteke, eta gero «Reyno de Navarra. Tierra de diversidad», eta ongietorria ingeles, frantses, aleman eta italieraz. Eta espainolez, noski. Hasteko, ez litzateke aldaketa txikia izango, Zuñigatik, Cortestik edo Esatik sartu, Nafarroara iristen garenean euskararen eremura sartu garela jakitea bide-seinaleei esker. Eskatzen hasita, eskatuko genituzke gauza handiagoak, baina gauza txiki askok osatzen dute handia. Ez legoke gaizki, esate baterako, San Fermin bezperan, Udaletxe plaza inguruan udaltzainak ikurrina baten zelatan ez ibiltzea, hobe segurtasuna bermatzea tentsioa areagotzea baino. Hasteko.

Hasi eta gero, jarraitu egin behar da. Herritarrek, bozen bidez, lau urteko agintaldiak ematen ditugu. Ez hiru eta ez zazpikoak. Lau horietan gauzatu behar dira proiektuak eta ezin da lorik hartu. Eta, aldi berean, tentuz jokatu behar da, abiadura handiegiak bertigoa eragiten du eta askotan, eta bertigo horren ondorioz, lau urteren buruan iritzia alda dezakegu, eta orduan, akabo!

Nafarroako diputazioan eta Iruñeko alkatetzan ez ezik, beste euskal erakunde askotan izango dira aldaketak, eta bertara helduko direnak ni baino askoz jende prestuagoa izan arren, emango nieke hala ere aholku bat: ez lorik hartu, lau urte barru emaitzak eskatuko dizkizuegu eta. Hauteskunde-programa osorik betetzea ezinezkoa izango zaizuenez, hobe duzue lehentasunak ondo ezarri. Ondo pentsatu jendeak zertarako eman dizuen botoa, eta ez uste jendeak zortzi edo hamabi urte dauzkanik zuen zain egoteko. Ez pentsatu boto-emaileak zuen alderdietako kideak bezain diziplinatuak direnik, amen-amen ibiliko diren horietakoak. Gehien-gehienak ez dira zuen alderdikideak. Zerbaitetarako eman dizuete botoa. Beraz, agindu jakin bat jaso baduzue, egizue! Ezer zehatzik agindu gabe iritsi bazarete, bejondeizuela... baina beti egongo zarete kolokan! Baina ez ezazue jendea alferrikako luzamenduetan nahastu, ez esan zortzi edo hamabi urte behar dituzuenik. Lau urtetan gauza asko pasatzen dira, zortzi urte bizitzaren hamarren bat da, hamabi urtetan jende asko hiltzen da, gaur egungo umeak heldu bihurtzen dira... Eternitatea kontzeptu interesgarria izan daiteke, baina arlo erlijiosokoa. Hori ez da politika.

Politika da arreta eta ilusioa piztea, proiektu jakin baten inguruan jendea batzen asmatzea, herritarrekin konexio berezia lortuko duten liderrak bilatu eta lantzea... eta, azkenean, pentsatutakoa egitea. Jende horrentzat, ez datozen gizaldientzat. Jende konkretu hori hobeto bizitzeko.

Errepideez hasi naiz, eta beste kontu bat datorkit burura. Kontrako bidean, Zuñigatik Kanpezurako bidean, Felix Ormazabal Arabako ahaldun nagusi zela azaldu ziren “Euskadi” zioten kartelak. Erasopean eta zahartuta, kendu behar izan zituztenean, Rabanera eta Andresek ez zituzten berriro jarri. “Araba” ziotenak bai, haiek berritu zituzten, baina gaur egun ere, Zuñigatik Kanpezura doanari jakinarazten zaion bakarra da Araban sartu dela. Lehentasunak.