Berandu gabe
Pasa den igandean, Larrabetzun, 2016. urte hau hasi zenetik hirugarren aldiz, hau da, hilabete bakarrean hirugarren aldiz, giza gorpuzkiak atera dituzte lurpetik, Paco Etxeberria antropologo eta forentsea buru zela. Bertako Karraderan elkarteko kideek egindako lana ezinbestekoa izan da, herritarrei testigantzak hartuz informazio ugari jaso dutelako, eta bertako Udala eta Eusko Jaurlaritza lekuko zirela, 1936ko altxamendu faxistan desagertutako Euzko Gudarosteko gudari baten gorpuzkiak dira, uste guztien arabera, azkena atera dituztenak. Ez omen da erraza izango, Etxeberriaren esanetan, identifikazioa osorik egitea; nolanahi ere aurkitu berri dituztenak, mutil gazte baten gorpuzkiak, agian sekula aurkituko ez diren beste ehunka pertsonaren ikur gisara gogoratu daitezela iradoki du Etxeberria forentse entzutetsuak.
Eusko Jaurlaritzak egitasmo berezia du halako gorpuzkiak egon daitezkeen hobiak, fosak, aurkitu, arakatu eta ahal den neurrian bertako pertsonak identifikatzeko. Nafarroako Gobernua, Arantzadi elkartearekin, helburu bera duen egitasmoa lantzen hasia da eta, batez ere, lanean hasiak dira gorpuzkiak berreskuratzen. Urte gehiegi pasatu dira. Gutxi dira, etxekoak hiltzen ikusi eta nora eraman zituzten jakin gabe bizitza osoa eman eta oraindik bizirik jarraitzen dutenak; gutxi, gertukoak desagerrarazi ondoren bizi guztia hura sufrituz pasatu eta orain nolabaiteko ordaina jaso dezaketenak. Geratzen direnak edozer egiteko kapaz dira maite zituztenen hezurrak berreskuratu eta beraiek nahi bezala betiko atsedena emateko. Amets bakar hori dute gehienek euren bizitzaren azken urteetan.
Espainian ere badute halako lana egin beharrik, badago errepide bazter tragikorik aurkitzeko.
Han, dena den, orain bueltaka ari dira ikuskizun nahikoa pobrea eskainiz nork aginduko duen. Ez, berez, interesgarria ez dagoelako, baizik eta ikuskizuna bera nahikoa hutsa gertatzen ari delako edukiz, «antzerkitxo» bat dirudi. Eta Euskal Herritik, neurri batean, begira gaude han zer egingo, zer gertatuko. Begira bai, baina ekinean ere bai.
Atzo bertan Foro Soziala hirugarren aldiz bildu da. ETAren armagabetzea izan dute hizpide bertan bildutakoek, 50 urteko gertuko historiaren atal bati amaiera emateko. Atzokoa ere ez da nahikoa izango. Jesus Eguigurenek «bakea hau zen» esan zuenean, askok arrazoi eman eta motxila astun moduko bat kendu zuten gainetik, argudio hura berretsiz. Ez dakit bakea existitzen den, baina gizarte honek, orain artekoa ezagututa, Gerra Zibilak edo frankismoak sortu eta oraindik konpondu ez diren kalteak zer-nolako mina eragiten duten ezagututa, baliabideak jarri behar lituzke, azken mende erdian herri honetan sufritu duten eta sufritzen ari diren guztien mina errekonozitzeko. Gizarteak berak sufritu duena ezagutzeko. Hori gertatu ezean, lehenago edo beranduago, minak, kalteak, injustizia… azaleratu egingo dira berriz eta errepikatu egin daitezke. Berandu gabe egitea komeni da, gizarte gisa ahanztura erosoetan ez jausteko.




