MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Rumasa efektua

Espainian azken 40 urteetan bere alderdiak izandako emaitza okerrenak kudeatuz, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia lehen ministro bihurtzeko ahaleginetan ari den bitartean, PSOEren inoizko emaitza onenak lortu zituen beste lider bat etorri zait gogora: Felipe Gonzalez, 1982ko udazkeneko hauteskundeetan berrehundik gora diputatu lortu zituena.

1975ean Franco hil eta Adolfo Suarez falangista «demokratizatuaren» gobernuaren ostean, erregimen aldaketa Gonzalezekin iritsi zen Espainiara (beste kontu bat da ze neurritarainokoa). Gogoan daukat, Gonzalezen lehen ministro kontseiluaren biharamunean, Marisa Florezen argazki bat “El Pais” egunkariak portadan emana: Gonzalez, beroki ilunaz, militarrez inguratuta. Gonzalez lehen lerroan, militarrak atzean. Brunete dibisioko argazki bat zen. Inmakulada eguna. Egun batzuk lehenago, ETAk dibisio militar haren buru Lago jenerala hil zuen. Militar eta tankeak kuartelean formatuta, Gonzalezek bere bizitzan lehen aldiz ikuskatu zuen formazio militar bat. Eta seinale argi bat bidali zuen: bera zen burua. Denak «firmes», beraz. Lehen eguna zuen gobernuburu gisa. Beranduago etorriko ziren hainbat agintari militarren kargugabetzeak.

Eta militarrentzako esanguratsua zen beste data bat aukeratu zuen agintea berea zela argi erakusteko, baina oraingoan mezua sektore ekonomiko eta enpresarialarentzat zen. 1983ko otsailaren 23an, Tejeroren kolpetik bi urtera, Gobernuak Rumasa enpresa-taldea nazionalizatu zuen, garai hartan 60.000 langile zituena, 700 enpresa, bankuak, hotelak, ardandegiak. Gauetik goizera, desjabetua. Eta polizia bidali zuen enpresak prezintatzera. Militarrek jasotako mezu berbera: bera zen burua, eta beraz, ekonomia eta industria alorretan ere, denak «firmes». Gero, hamalau urte egin zituen gobernuburu, argi-ilunez betetako balantzea utziz.

Euskal Herrian ere erregimen aldaketaz asko hitz egin da azken hilabeteotan, bereziki Nafarroan. Eta edozein erregimen aldaketatan gertatzen denez, erresistentziak ikaragarriak dira. Inork ez du gustuko izaten boterea eta pribilegioak galtzea, are gutxiago pribilegio horiek kenduko dizkizuna «geuretakoa» ez bada. Beraz, aldaketa hori gauzatzeko orduan, normalak dira zalantzak, bi pauso aurrera eta bat atzera ematea, inor gehiegi ez haserretu nahi izatea, oreka gorde, zuhurtziaz jokatzea, elkarrizketa eta adostasuna lehenestea, parte hartzea bultzatzea... Bai, elementu horiek guztiak ondo daude, esku artean edozer gauza dugula ere. Baina beharbada ez dira nahikoak erregimen aldaketa bati aurre egiteko. Horrelakoetan, agian, «Rumasa» bat behar da. Boterea noren esku dagoen argi utziko duen seinale bat, eta botere hori erabiltzeko prest dagoela erakutsiko duen kolpe bat. Ez da erraza horretan asmatzen, ondo aukeratu behar da zer eta noiz egin, batez ere ez garelako ari boterearen erresorte guztiak bere eskura dauzkan Estatu bati buruz, botere mugatuak dituen lurralde bati buruz baizik. Baina ondo begiratuta, ziur badagoela aukeraren bat.