Hankak lehorrak
Uzkurtuta ikusi dut filma, hanka puntetan. Uzkurtuta eta estututa. Gela itxi batean jaiotako haurraren zoriontasunak astindu egin nau. Ez du eguneko argirik ezagutu, ez daki paretaren beste aldean zer dagoen. Are gehiago, preso daukan paretaren beste aldean ezer ez dagoela sinetsita bizi da. Gehiago, berak ez daki zer den preso edo libre egotea. Bera zoriontsu bizi da gela txiki eta ilun horretan bere amaren ondoan, behar duenean magala eta behar duenean kilima jolasa. Ariketa hunkigarria eta interesgarria izan da “La Habitación” filma ikustea.
Badira galderak pilatzen dizkizuten filmak, bata bestearen gainean, eta ez duzu bakerik hartzen erantzun bila abiatuta. Zer behar du haur batek zoriontsu izateko? Sekula baloirik-izozkirik-zakurrik-trenik-eguzkirik parean ikusi ez duen haurra zoriontsua izan daiteke? Ezagutu ez duzun horren hutsunerik ezin duzu eduki, ezta?
Grezia eta Mazedonia artean, Idomeniko lokatzetan harrapaturik dauden milaka pertsonen argazkiak iristen zaizkigu egunero. 4.000 haur, oinutsik, bustita, gaixorik eta hotzez. Kanpin-denda baten atarian emakume batek jaioberri bat dauka eskuetan, buruz behera, biluzik. Bitartean, gizonezko batek ura botatzen dio gainetik, eta xaboiarekin igurtzi. Idomeniko kanpalekuan jaiotako haurretako bat da. Zoritxarrez, ez da bakarra. Eta berriz sortu zait galdera; zer behar du haur batek zoriontsua izateko? Sekula sehaskarik-mantarik-berogailurik-ur berorik-baineratxorik ezagutu ez duen haurra zoriontsua izan daiteke? Eta badakit nondik ari naizen begiratzen eta galdetzen, munduaren ertz honetatik, gure ikuskeratik. Eta badakit munduan haur asko direla sehaskarik eta mantatxorik gabe haziak eta gozotasunik falta ez zaienak.
Baina Idomenin inork ez du bere haur jaioberria ur hotzarekin eta lokatz artean garbitzen inongo ohiturak edo kulturak hala agintzen diolako. Beharrak agintzen du, behar larriak. Idomenin jaiotako haurrarentzat mundua lokatz putzu handi bat da, toki guztietan hotza egiten du eta hankak beti daude bustita. Idomenin jaiotako haurrarentzat bi alde dituen hesi handi bat dago, eta berari alde horretan egotea egokitu zaio. Idomenin jaiotako haurraren begietara jendeak beti egiten du eztula eta askotan egiten du negar. Segur aski, Idomeniko haurrek magala eta kilima jolasa ere badute, maite dituztenekin daudelako.
Berriz uzkurtuta. Baina oraingoan ez da nahikoa zinemako aulkitik altxatu eta joatea. Errefuxiatuekin gertatzen ari dena ez da inongo filmetan kabitzen. Zer behar du haur batek zoriontsua izateko? Erantzuna askotarikoa izan daiteke eta eztabaida, interesgarria. Baina, sikiera, eztabaidan hasi aurretik, ziurta dezagun hankak lehorrak dituela.

El mercado de Santo Domingo, a debate

El legado vivo de Manu de la Sota

«Sotak euskal diasporaren potentzial politiko eta kulturala oso goiz ikusi zuen»

«Batzuetan etxea barrutik pixka bat garbitzea ez legoke gaizki»
