Independentzia
Euskal Herriko alderdi, eragile eta herritar independentistek azterketa sakona egin behar dute gertatzen ari denaz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %19 daude independentziaren alde eta %38, kontra. Bada %30 garrantzitsu bat egoeraren arabera alde edo kontra egon daitezkeena. Lakuako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen otsaileko txostenaren emaitzek horrela diote. Emaitza horien sinesgarritasuna eta kaleratzeko unea zalantzan jarri duenik egon den arren, galdeketa honen aurretik beste “soziometro”, “barometro” eta abarrek erakutsitako joera baieztatu du.
Ez da galdeketa zehatzik egin berriki ez Nafarroan, ez eta Ipar Euskal Herrian ere, eta interesgarria izango litzateke aldaketa eta erakundetze berriak kontuan hartuta gainerako herrialdeetako gizon-emakumeek zer dioten jakitea.
Independentziaren kontra daudenek eta normalean esparru horretatik datozenez erabakitzeko eskubidearen aurkako jarrerek hausnarketa egin behar lukete eta pentsatu galdeketa eginez gero argi geratuko litzatekeela Euskal Herrian gehiengoak nola edo hala Espainian egon nahi duela, eroso dagoela. Azken datu horiek diotenez, bai. Baina galde dezatela.
Espainiara begiratuta, ez da giro. Ez dira gai izaten ari gobernua osatzeko eta, batez ere, oso nekagarria eta gogaikarria izaten ari da ezintasun horretan erakusten ari diren maila eskas eta edukirik gabea. Eta azpimarratzen hasita, hainbeste arazo dituen herrialdea izanik, Estatu espainolaren batasunari baino ez diote begiratzen. Hauteskundeen biharamunean hasi eta aste honetan bertan, PPk eta Ciudadanosek eskatuta, Espainiako Gorteetako bi ganberetan, Kongresuan eta Senatuan, ekimen bana aurkeztu dute Estatu espainolaren batasunaren inguruan: aniztasunaren, nazioaren eta espainiar guztiengan dagoen subiranotasunaren adierazle gisa. Argi geratu dadila!
Euskal Herrian udaren atarian galdeketa ugari egiten hasiko dira erabakitzeko eskubideaz. Galderak herri askotan oraintxe ari dira lantzen, baina independentziaren hautua beren baitan jasoko dute batzuek.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan desegiteko zorian dagoen Legebiltzarrean gehiengoa, printzipioz, independentziaren alde dauden alderdiek osatu dute. Batzuek Eskozia erabili dute eredu aipuetan; besteek, Eskozia eta Katalunia. Eskoziak bigarren erreferenduma egingo du. Abiatu da. Kataluniak urrats handiak egin ditu, baina Euskal Herrian zer gertatzen da?
Seguruenik ezagutuko ditu garai hobeak, berriz, independentziaren aldeko joerak, eta ordurako, aldarrikatzen dutenek jakin beharko lukete oso zehatz alde daudela esaten dutenak zer eskatzen ari diren. Ez nori eman dioten azkenengoz botoa, ez zerekin hunkitzen diren edo zer oihukatzen duten, edo zer sentimendu duten. Ez hori bakarrik; osatuta izan beharko lituzkete estatu baterako egiturak, dirutan balioztatutakoak, kuantifikatuak, pertsonaz hornituak, eskumenetan banatuak; hau da, benetako estatu bat zer den erabat marraztuta eduki behar lukete (Eskoziako Liburu Zuriak bezala) eztabaidak betiko puntuan harrapatu ez ditzan. Katalanek, eskoziarrek «gu bagoaz» diote eta, hala ere, kostatzen ari zaie. Ba, pentsa!




