Tango zaharra
Gardelen tango zaharrak dio hogei urte ez direla ezer. Batzuentzat berrogei edo laurogei ere ez, justizia eskatzen jarraitzeko. Joan den astean bete dira 79 urte Durangoko bonbardaketatik. Hura jasan eta bizirik atera zirenak hiltzen ari dira eta itxaron dituzte hogei, berrogei, ia laurogei urte justiziarik gabe. Tangoaren herrialdetik etorri da azken urteotan batzuk ahaztu nahi izan dituzten hainbat gehiegikeria ikertzeko ekimena.
Javier Marotok ahaztea gomendatu die Martxoaren 3ko biktimei: «Izan ere, gorrotorik gabe elkarri eskua emateko aukera izan dezagun, errespetuz elkar entzuteko aukera egon dadin... zoritxarrez edo zorionez, horretarako, ahaztea beharrezkoa da». Hauek dira gutxi gorabeherako PPko agintariaren hitzak, gazteleraz esan baitzituen Gasteizko Udaleko bilkuran, bere alderdiaren botorik gabe, frankismoak gizateriaren aurka egindako krimenak ikertzeko Espainiako epaitegietan auzia irekitzeko onartutako bilkuran. Gainera, Udala akusazio gisa agertuko da Argentinan irekitako prozeduran eta Gasteizko Memoria Historikoaren lantaldeak frankismoaren krimen hauek aztertuko ditu.
Aurten 40 urte izan dira, eta biktimek berriz ere egia justizia eta erreparazioa eskatzeaz gain, Gasteizen egin diren erakusketa, manifestazio eta jardunaldietan Gorka Urtaran alkateak Espainiako Gobernuari exijitu dio eska dezala barkamena egindakoagatik.
Marotok 1977ko Amnistia Legea ekarri zuen argudioetara, 1977aren aurretik egindako delituen aurka egitea eragozten duelako; are gehiago, udalbatzak onartutakoak ez zuela ondoriorik izango ere azpimarratu zuen.
Horrela izango da seguruenik, baina horrek ez du ekarriko justiziarik. PPko hainbat kidek eta euren familiarteko eta ingurukoek badakite zer den min hori eta aldarrikatzen dute egia, justizia eta erreparazioa. Esango lieke Javier Marotok hoberena ahaztea dela?
Min zuzena jasan dutenek ez dute sekula ahaztuko. Kontua da guztiekin justiziak berdin, oso antzera jokatzea. Egia da 1977ko Amnistia Legeak dioena, baina egia da era berean estatua oso azti ibili zela berak ardura zuzena zuen gaiekiko eragina izan zezan. Estatuak eragiten duen kalteak, minak edo terrorismoak aparteko trataera izan behar luke, bere baitako herritar guztien eskubide guztiak babestera derrigortua dagoelako. Joan Mari Torrealdai idazle, soziologo, euskaltzain eta tortura jasandakoak sarri esaten du guztiok ezagutzen ditugula torturatutako pertsona gehiegi torturaturik ez dagoela dioen Espainiako Estatuan.
Aipatutako udal bilkuran martxoaren 3an hil zutenetako Pedro Mari Martinezen ilobak, Nerea Martinez gazteak, jendartetik zutitu eta honela esan zion hunkituta Marotori: «Guretzat egia, justizia eta erreparazioa dira bidea, ez ahaztea. Justizia bilatzeko bide hau emankorra ez bada, lanean jarraituko dugu beste batzuen laguntzarekin eta zuen laguntzarik gabe bada ere. Nik espero dut zuen laguntzarekin ere izatea».

Juan Bautista Bilbao & Nikolaus Zu Dohna-Schlodien

Guía para evitar algunos regalos nada apropiados

Etxemaite, para sentirse como en casa

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»
