MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Euskal Herritik

Pasa den igandeko manifestaziorako ez zen iritsi. Ia arratsaldeko hirurak ziren betiko lagunekin ardotxo bat hartzeko tartea hartu zuenean. Jakin nahi zuen jende asko bildu zen ala ez Bilbon. Eta ordu horretan zenbaki zehatzak baino (manifestazioetan beti hain zailak izaten diren zenbaki zehatzak), gehiago ziren batzuen eta besteen inpresioak.

Bera goizaldeko ordu txikietan kotxea hartu eta 600 kilometrora dagoen kartzelaraino joana zen. Joan eta etorri. Hamabi ordutan mila kilometro pasatxo eta bisitaldia. Pozik zegoen itzuleran. Pozik, pozik aurkitu zuelako bisitatzera joan zen presoa, irribarretsu utzi omen zuen. Pozik, itzuli zelako, bidaia arazorik gabe egin zuelako, eta laster guraso eta lagunekin utzitako seme-alabak berriz ere berarekin izango zituelako. Berak bai, berak nahikoa negar egin omen zuen itzuleran, baina «orain» dena ongi zegoela errepikatu zuen behin eta berriz, irribarretsu bera ere, nekeak sarritan sortzen duen goraldi urduriaz. Astea indartsu hasteko prest eta gertuan izango diren festak gogoratuz, asteburua balekotzat emanda joan zen.

Gutxi geroago jakin ahal izan zuen zehatz manifestazioaren berri; bertara bildutako pertsonak milaka izan ziren. Noski, ez zen urtarrilekoa, baina milaka asko izan ziren, eta lehen lerroan gizon-emakume ezagunak... badakizuena.

Bera bezala, beste ehunka pertsona joan ziren eta joan dira berriz ere Espainia eta Frantziako estatuetako kartzeletara. Presoen urruntzea amaitzea beharrezkoa da, kartzela politika aldatzea premiazkoa da.

Espainiako Auzitegi Nazionalak erantzun zien Euskal Herrira gerturatzea eskatu zuten hainbat presori urrian. Urruntzeak ez omen du urratzen euren oinarrizko eskubiderik. Ez omen du ekiditen defentsarako aukerarik, familiartekoen bisitak jaso ditzakete, komunikazioak, kulturarako aukera dute... Defentsako abokatuek Estrasburgoko Giza Eskubideen Khodorvsky eta Lebedev-en kasua ere aipatu zuten, baina ez zirela kasu alderagarriak aipatu zuen auzitegi espainiarrak.

Espainiara begiratzen da presoen auzia dela eta, «kartzeletako giltza» Espainiak duela esanez. Giltza Espainiak du baina beste neurri batzuk ere egon daitezke tartean eta presoek dagoeneko esan dute beste bide guziak urratuko dituztela, kartzelak husteko. Nolanahi ere, beti Espainiara begiratzen ari garela bizkarreratzen diguten honetan edo Espainiara begiratu beste erremediorik ez dagoela esaten diguten honetan, itxura guztien arabera, arazo honetarako eta herri honek dituen beste askotarako errezeta Euskal Herrian baino ez dugu aurkituko, Espainian, hango gobernuaren osaketarekin, gertatzen dena gertatzen dela ere. Edozein dela konpondu beharreko arazoa, presoak, langileen eskubideak, hezkuntza, edo jardunean dagoen Espainiako gobernuak azkena errekurritu dituen gai guztiak, irtenbidea ez da ezerezetik aterako, ez da besterik gabe aurkituko. Euskal Herrian eraikitzeko, eragiteko, aldatzeko moduak egitea... hori bai dela premiazkoa gainerako guztia aldatzen hasteko.