Fantasiak
Ez dakit noiz arte kontatuko dizkizudan behaztxoak goizero, baten bat ohean galduta gelditu den itxura egin eta biok maindire azpian sartzeko. Ez dakit noiz esango didazun ja ez duzula sinisten behaztxoak erori egin daitezkeela –egia esan, uste dut ja konturatu zarela–. Baina badakit egun hori iritsiko dela, Olentzeroren sekretua deskubrituko duzun eguna iritsiko den bezala. Autoa zilborrean klik eginez irekitzen ez zela deskubritu zenuen eguna iritsi zen bezala.
Behin lagun batek galdetu zidan: «Komenigarria eta osasungarria al da umeak fantasia horietan heztea? Hori ez al da haurrak engainatzea?». Ez dakit galdera horri zorroztasun zientifikoarekin erantzuten. Uste dut asko dagoela hautu pertsonaletik eta hezteko moduak asko daudela, izateko moduak adina. Baina tristeki konturatzen hasia nago «fantasia horietan» gauza asko kabitzen direla. Gehiegi.
Etxe batzuetan, adibidez, euskara fantasia horietako bat da. Haurtzaroan gozo-gozo erabiltzen den hizkuntza da, gertukoa eta samurra, baina heldua zarenerako balio ez duena. Maldizioak botatzeko eta helduen gauzei buruz hitz egiteko ez dauka nonbait pulamentu nahikorik euskarak.
Tristeki konturatzen hasia nago berdintasuna ere fantasia horietako bat dela zenbait kirol taldetan. Helburua haurrek ondo pasatzea eta jarduera fisikoa egitea da... baina noiz arte? Pixka bat koskortzen hasi orduko “ona” edo “txarra” etiketa jartzen diete kopetan eta horren arabera tratatu. Ja ez dira denak berdinak, ja ez dute denek berdin balio. Batzuek gehiago balio dute eta atentzio gehiago merezi dute. «Baina helburua ez al da denok ondo pasatzea?». Eta zure erantzunak ez du fitsik balio oihan basatian. Hor onenak, azkarrenak, politenak, ausartenak egiten du aurrera, bidean zapaldu behar duena zapalduz. «Mundua ere horrelakoa da». Ja, eta orduan zenbat eta goizago ikasi mundua zein krudela eta aldrebesa den, hobe, ez dezan energiarik alferrik gastatu hori aldatu nahian.
Frustragarria da kontua. Haurrak txikiak direnean “fantasien” gainean eraikitako mundutxoan hezten ditugu; elkartasuna, berdintasuna, errespetua, maitasuna... denok gara onak zeozertan, kirola ondo pasatzeko da, galtzen jakin beharra dago, azal kolore guztiak ederrak dira, maitatzeko modu guztiak maite ditugu... baina koskortzen hasi orduko, zart lehertzen zaie errealitatea parean. Olentzero ez da existitzen, ezta berdintasuna ere. Badakit behaztxoak kontatzeko jolasa ez dela bizitza osorako. Baina badira bizitza osoan janzteko moduko balioak, handitu ahala ez dutenak zertan txiki geratu. Errealitatea bestelakoa dela? Ba aldatzen segitu beharko dugu zenbait gauza ez daitezen umetako fantasia hutsak izan.

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

Bebidas sin apenas alcohol pero con cuerpo

El legado vivo de Manu de la Sota

«Sotak euskal diasporaren potentzial politiko eta kulturala oso goiz ikusi zuen»
