Plazak
Bosgarren urtebetetzea ospatzeko berriz ere Espainiako plazak, batez ere Madrileko Puerta del Sol, jendez beteta ikusi ditugu eta milaka pertsona kalera irten dira aldaketa posible dela aldarrikatuz. Abenduaren 20koaren ostean ez da posible izan eta ikusi egin beharko da posible den ekainaren 26koaren ostean.
Botoek esango dute ezkerrekoenen aritmetikak, plazak betetzera dei egin zutenenak edo kasu batzuetan plazak bete izana beraien kapitaltzat hartu dutenen baturak ze emaitza ematen duen. Ikusi beharko da ezkerreko batura horrek PSOE ezkerreragoko bidean jartzen duen ala ez eta, honekin guztiarekin, eta beste alderdi batzuen laguntzarekin, aritmetikak ematen ote duen orain arteko gobernua eta batez ere une honetan indarrean dauden politikak aldatzen hasteko. Espainia, egia esan, ezberdina da oso inguruko herrialdeetatik eta ez da gauza izan Franco hil zenetik ezta hezkuntza sistema iraunkor bat edukitzeko ere, gobernu aldaketa bakoitzeko lehertuko ez dena. Eszenara igo diren aktore berriak gauza ote diren Europako herrialde garatuenekiko homologaziorako neurriren bat egikaritzeko etorkizunak erakutsiko duen zerbait da.
Baina plazetara edo plazara itzuli nahi dut. Euskal Herrian ere ikusi ditugu bosgarren urtebetetzea ospatzen hainbat lagun, M15eko mugimenduko kideekin bat eginez. Ilusioa dute, ilusioa sortzen jakin dute eta ilusioa berpiztu zaie “Unidos-Podemos” aldarrikatuz.
Euskal Herriko plazak, ordea, ez duela bost urte ez orain, ez dira bete Espainian beste eta, Podemos-Ahal Duguk erakutsitako indarra gutxietsi gabe, argi dagoena da herri honetan badagoela alderdi moreak asetzen ez duen nahi bat. Independentziaren lorpenera begira dagoena, beste estatus batera urratsa ematetik gertuago dagoena, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena funtsezko zaiona baina egungo egoerarekin gustura ez dagoena, espainiarra edo frantsesa sentitzen ez dena inondik ere. Plazan dantza egiten da, plazan bildu egiten da, plazan aldarrikatu egiten da, baina historikoki herri honetan egin den aldarrikapena ez da gai izaten ari plazak ilusioz betetzeko.
Ekainak zita bat baino gehiago ekarriko du boto kutxekin. Hilaren 23an Erresuma Batuak erabakiko du Europar Batasunetik irten ala ez. Eta egun batzuk lehenago Euskal Herriko hainbat herritan herri galdeketak egiten hasiko dira. 34 herritan izango da. Herri batzuetan «euskal estatu burujabe» bat nahi duten galdetuko dute eta beste batzuetan «euskal estatu independente» bat nahi duten. Euren esku dagoenez, galdetu dezatela hobetsi dutena, baina joan beharko da pentsatzen Euskal Herri mailako galdera egiten denerako galdera bateratua ere. Nolanahi ere, uste dut plaza, Euskal Herriko plaza, galdeketaren inguruan zubiak eraikitzen eta ariketa demokratikoa egiten ari direnak ari direla betetzen. Ilusioa ariketa hori sortzen ari da, duela bi urte egindako giza-kateak sortu zuen bezala. Aspaldian Euskal Herrian ezagutzen ez zen poz eta ilusio erakustaldia izan zen eta oraingoa haren ondorena. Hau da Euskal Herriko plaza.



