MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Mineralak

Duela hilabete idatzi nuen Austriaz. Erabat sinetsita nengoen hauteskundeen lehenengo itzulian alde handiz Norbet Hofer Askatasunaren Alderdiko (FPÖ) kideak irabazi arren, eta II. Mundu Gerratik beti boterea partekatu duten alderdi sozialdemokrata eta kontserbadorea laugarren eta bosgarren tokian gelditu ziren arren, gai izango zirela ultraeskuineko 45 urteko ingeniaria garaitzeko bigarren itzulian. Van der Bellen independente gisara aurkeztutako berdeetako kideak guztien babesa jasoko zuela Hofer garaitzeko eta bera izango zela Errepublikako presidente ia zalantzarik gabe. Horrela esan nuen.

Sinetsita nengoen bigarren itzuliak alde handiagoa erakutsiko zuela eta atzean utziko zituela ultraeskuindarrak. Hala ere, ardura handiz begiratzeko fenomenoa zela neritzon, Frantzian, Herbehereetan eta Europako beste zenbait tokitan «sustoak» ematen hasia delako ultraeskuina, ondoren errealitate hori nolabait estali izan bada ere, gainerako alderdiek bat eginik gobernuetara iristea lortzeko adina boto izan dutelako. Hau idazten ari naizen unean, korreoz bidalitako botoak izango dira balantza alde batera edo bestera botako dutenak 750.000 herritar, biztanleriaren %14 inguru berdinketa teknikoa apurtzeko. Gauzak honela, hau susto bat baino zerbait gehiago da. Austriako gizartea era oso arriskutsuan erdibitu duen gertaera politikoa da. Viena naziek okupatuta egon zen Sobietar Batasuneko soldaduak iritsi ziren arte eta 1945. urtean bigarren errepublika aldarrikatu arte. Bizirik daude oraindik egoera hura ezagutu zuten asko, tartean Van der Bellen hautagaia bera ere. Euren haragitan bizi izan zuten gertaera hura.

Europak hau ikusita, ardura erakusteaz gainera, egin ez duen hausnarketa sakona egin behar luke azkar, premiaz, momentuz «tiritak» baino ez baitizkio jarri gero eta zorne gehiago botatzen ari den zauriari. Astekari honetan joan den igandean Dacia Maraini idazle italiarrari egindako elkarrizketan zioen memoria ezinbestekoa dela. Gure kontzientzia da, bere ustez, memoria. Orainaldia ulertzeko eta etorkizuna prestatzeko ezinbestekoa dela zioen, Henri Bergson filosofo frantsesa aipatuz. Poloniako judua zuen aita 1972. urtean Nobel saria jaso zuen Bergsonek eta ongi ezagutu zuen Europaren drama.

Memoriarik gabe, mineralak bezalakoak izango omen ginateke, Marainik dioenez. Memoria kolektiboa behar dugu geure bizipenez harago (horri memoria pertsonala deitzen dio) kolektibitateak bizi izan duena ez ahazteko eta kolektibitate gisara gogoratzeko eta portatzeko: gerrak ez ahazteko, sarraskiak ez ahazteko. Gaurkoaren harira, Viena naziek okupatuta izan zutela ez ahazteko.

Austriako hauteskundeen emaitzek pentsarazi didate ez ote garen harri bihurtzen ari, mineral.

Eta hori guztia pentsatzearekin batera, batez ere Austriako emaitzen aurrean sentitu dut beldurra, memoria kolektibo horri esker guganaino iritsitako sarraskiaren beldurra.