Hauteskunde kanpaina
Hasi da hauteskunde kanpaina Euskal Herriaren hegoaldean. 16 senatari eta 23 diputatu bidaliko ditugu euskal herritarrek Madrilera. Diputatuen %6,5 besterik ez. Baina, dena den, hautagaitza ezberdinen lana izango da boto-emailearengan ilusioa sortzea.
Zeintzuk izan daitezke horretarako elementuak Euskal Herrian? Errepara diezaiegun normalean azaletik begiratzen diegun ikerketa soziologikoei, datu ugari eskaintzen dute eta.
Lehen kezka lan merkatuari lotutakoa da. Jendea ez dago seguru bere lanean; ez daki kontratua berrituko dioten; ez daki langabezian laguntzarik izango duen...Beraz, ez daki etorkizuna eraikitzeko aukerarik izango duen, bizitza proiektua arriskuan ikusten du: seme-alabak ekarri ala ez erabaki zaila bihurtzen da; etxea erosi ala ez; ikasten jarraitu edo lan bila hasi; aurrez jubilatu edo lanean jarraitu... Beharbada horregatik erakusten du euskal gizarteak krisiaren hasieran baino joera kontserbadoreagoa orain. Bistaz galdu ezin den datua.
Politika, politikariak eta gatazka politikoa ere ardatz nagusi gisa ageri dira herritarren kezken artean, nahiz eta lanak sortzen duen egonezinetik oso urrun. Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera, EAEko biztanleen %24 euskal herritar bakarrik sentitzen dira. Lupa handiagoa ipiniz, Euskal Herrian bertan jaiotakoen artean %32 sentitzen dira euskal herritar bakarrik. Deigarria da jaioterriaren arabera erantzunak aztertzea, alde handiak ikusten dira eta, Euskal Herrian jaio eta Espainiatik etorritakoen artean: bertakoak ezkertiarragoak dira, independentzia zaleagoak, eta ez daude hain ados euren udalarekin, diputazioarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin. Gauzak horrela, proiektu independentista argi batek gutxi gorabehera boto-emaileen laurdena eskura dezake, baina ia %40aren kontrako jarrera tinkoa sustatu. Jende asko dago, hala ere, proiektuaren xehetasunei erreparatuko liekeena: %30. Beharbada proiektu argi eta egingarri batek erakar ditzake. Behin eta berriro ari dira esaten, inkesta guztietan, baldintza zehatzak ezagutu nahi dituztela baiezkoa edo ezezkoa esateko.
Eta hirugarren kontu bat benetan larria dena. Herritar askok uste dute etorkin gehiegi dagoela, gehiengo handi batek, beharbada gehiegi ez, baina bai etorkin asko dagoela. Eta laguntza sozialek batez ere bertakoentzat izan beharko luketela pentsatzen dutenak ere asko dira. Ezin zaizkio horri begiak itxi. Txanponaren beste aldean, herritarren gehiengo handi batek uste du aberatsenek zerga gehiago ordaindu beharko luketela, eta oro har, zerbitzu hobeen truke, pertsona gehienak prest daude gehiago ordaintzeko. Badago, beraz, hain arriskutsua izan litekeen pertzepzio publiko hau landu eta jorratzeko beharra.
Egoera konplexua da boto bila hasi direnentzat. Hiru ardatz horien inguruko proposamen argiak ezinbestekoak izango dira. Eta gainera medioak, moda, hizkuntza, herritarrengana hurbiltzeko grazia... Dena beharko dute.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
