JOKIN URAIN
IRITZIA

Apartekoak

Garapenaren gailurtzat izango dute batzuek euren gizarte klasea, besteei goitik behera bezala begiratzen dietelako handitasunetik. Goikoak eta behekoak, altuak eta bajuak, oligarkia eta langileria... Bakoitza bere lekuan alegia.

Esklabo eta esklabistena da, beharbada, klase diferentzia adierazgarriena, kolorearen kasuan arraza mailaraino eraman duguna. «Esklabo moduan lan egitea», «beltzak bezala lan egitea»... horrelako jenialkeriak baditugu hizkeran. Eta daltonismo pandemia unibertsal batek bakarrik ez luke dena konponduko.

Peñaflorida kondearen “El borracho burlado” obran ere agerikoa da, eta zein apropos dakarren gaurkora Iñigo Aranbarrik 1766ko testuingurua, “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna” liburuan.

Bai baitira gauzak normaltzat-edo jotzen ditugunak, zirkuitu itxian dabilen haizea ematen dutenak: «horrela da», «horrela izan beharko du», «zerbaitengatik izango da»... Gauzen estatus enkistatu hori, komunikabide handietatik ere egunero eskaintzen digutena, erreparatu edo batere hausnartu gabe bere horretan pozoi eta guzti onartuta irents dezagun.

Ez dakit zenbat hilabete eman ditugun hauteskunde kanpainan, esaten zutenari atentzioa galdu eta eskaini dizkiguten irudiei soilik erreparatzeko adina bai behintzat. Peñaflorida klonatuak ibili dira bulego blindatuetatik eta moketatik jalgita, adorazio eta boto bilketan, asfaltoan, Txanton Garrote guztiei adeitsu: «zuetakoa naiz, zuetakoa naiz...». Mantra hori, alegia. Orain erretiratu dira atzera, gorte ezkutuetara, hurrengora arte, eta moketan lorratzik ez.

Hauteskunde kanpainarik gabeko garaia zen, Loiuko aireportuan, hegazkina hartzeko zain, itxaronlekuan eserita jendea. Aspertzen ere hasita ordurako, elkarri begirada nagiak eskainiz... Hara hor non agertzen den Peñaflorida klonatuetako bat, ezaguna euskal politikagintzan aspalditxotik gaur arte, hor eta han sarri agertzen delako eta ibiltzen delako gauzak hemen eta hemendik kanpora nola diren eta zelan izan behar duten dotore esplikatzen. Momentu batean pentsatu nuen behingoan hurbiletik ikusiko genuela, geurekin eseriko zela eta gertutik bazitekeela beste edozein bezain pertsona normala izatea ere... Baina ez. Apartekoa izaki. Albotik pasa eta aparteko sala batera sartu zen. Masa zikingarri bat ikusiko zuen gugan.

Egongo dira arrazoiak, segurtasunekoak eta gainerakoak. Horien artean dagoela uste dut apartekoa izatea, aparteko klasekoa. Eta nik uste izatea baino okerragoa da, seguru asko, bera sinistuta egotea.

Gosalondo bat hartuko nuke Xabierren mahaian, gauza hauetaz eta esan gabe doanaz jarduteko.