Aspertzea
Aspertuta zeuden herrian jarri zuten lehen semaforoari begira. Semaforoa jarri behar zutela jakitean, aztoratu egin ziren, herriko denak bezala, eta egunaren zain egon ziren. Dagoeneko beren ipurdiaren moldera jarria zuten harrizko petrilean eserita eta pipitak jaten irudikatu zuten semaforoa nolakoa izango zen eta nolako pintada egin behar zioten jarri orduko.
Eta jarri zuten, azkenean, semaforoa. Eta jarri zen neskato kuadrilla hari begira. Eta, aspertu. Autoak ere gutxi pasatzen ziren, oso noizean behin. Lehenengoarekin tontakeriaren bat egin eta barre egin zuten gustura. Baina, gero, aspertu. Neskatoak bezain aspertua zegoen gizon buruzuri batek agertu zien semaforoak sentsore bat zuela eta auto bat zetorrela igartzen zuenean laranja kolorez egiten zuela dir-dir. Gorritik laranja koloreko keinura pasatzen zen. Berderik ez zuen semaforo hark. Triste samarra ere iruditu zitzaien kontua; herrian jarritako lehen semaforoak ez zeukan kolore berderik. Horrelakorik.
Erdi aspertuta erdi haserre, zer okurrituko eta etxera joatea patinen bila. Azkenerako hamar bat neskato elkartu ziren semaforoaren azpian, denak patinetan. Helburua? Semaforoaren sentsore hori engainatu eta kolore gorritik laranja koloreko kliskara pasaraztea. Saiakera bat bestearen atzetik etorri zen. Denak lerroan jarrita, zabal-zabal eginda. Denak lerroan jarrita, luzeraka. Auto baten itxura hartuaz. Mantsoago, azkarrago... Eta semaforoaren kolore gorria kentzea lortu ez. Baina arratsalde ederra pasatu zuten, bai beraiek eta bai haien okurrentzia ikustera bildutakoek. Barre ere gustura egin zuten denek. Azkenerako, gizon buruzuri hura jarri zen pasatzen ziren auto gutxi horiek gerarazten. «Patinek lehentasuna dute», esaten zien txantxetan.
«Ama, aspertuta nago» enegarrenez entzun dudanean akordatu naiz umetako pasadizo horrekin. Zein gauza ederra den aspertzea. Aspertuta zaudenean sortzen zaizkizun espazio txuri horiek dira gerora zure bizitzari kolore gehien ematen diotenak. Aspertuta zaudenean zure buruarekin hitz egiten duzu, planak egiten dituzu, asmoak pilatu. Aspertuta zaudenean ingurura begira jartzen zara eta sekula ikusi gabekoak ikusten dituzu. Begirada zorrozten zaizu. Aspertuta zaudenean okurritzen zaizkizu ideia onenak, baita aldrebesenak ere. Aspertuta zaudenean hasten da abentura. Gure burutazioak entzuteko isiltasun beharrezkoa da asperdura.
Hor nonbait irakurri dudan aholkua kontuan hartu eta etxean “Aspertzearen Potoa” jarriko dut eta hor bilduko ditugu aspertuta gaudenean egin ditzakegun gauzak, papertxoetan jasoak. Aspertzearen artea aldarrikatzen dut, galdu ezineko gaitasuna baita.



