amagoia mujika
IRITZIA

Galderak

Autobusa ikusi dugu aparkatuta. Gizonezko bat eta hiru emakume irribarretsu. «Horko gizon hori da ‘Arnaldo Askatu’ jartzen duten karteletakoa ama! Arnaldo ‘askatua’ dago ja?». Irakurtzen hasi zinenetik pareta guztietan geratzen zara. Den-den-dena irakurri eta ulertu behar duzu. Galdera bat beste baten atzetik botatzen dizkidazu, bonbardaketa. Eta nik burua hausten dut zure neurriko hitzak topatzen. «Eta zer dira hauteskundeak?». «Zer da mitina?». «Zergatik margotu diote sudur gorri bat ‘Idoia Mendia’ jartzen duen horri?». Hasieran dena segidan erantzuten saiatzen nintzen, arnasa hartu eta patxadaz. Galderak zintzilik eta erantzunik gabe uzteak bertigoa ematen zidan. Orain batzuetan denbora eskatzen dizut, «orain ezin dizut erantzun. Pentsatu egin behar dut galdera horren inguruan, oso interesgarria eta zaila delako». Eta pixka baterako bakea, nahiz eta berandu baino lehen bete behar izaten dudan promesa. Promesak betetzeko direlako. Hautsi ezineko araua zure bizitzako arauetan.

Zer dira hauteskundeak? Orain bueltaka-bueltaka dabilkit zurekin hartu dudan konpromisoa. Esan diezazuket gauza aspergarria dela, antzerkitik asko duena, promesatik gehiegi. Edo esan diezazuket egunero zapaltzen dugun mundua ahalik eta justuena, euskaldunena, parekideena eta dibertigarriena izan dadin egin behar dugun ariketa dela. Ez baitu balio inguratzen gaituen munduarekin haserretu eta haserre horretan harrapatuta geratzea. Haserretu eta hurrengo pausoa aurrera eman behar da, amorratu gaituena aldatzeko, iraultzeko.

Azkenaldian hainbeste hauteskunde eta hauteskunde ondoko sufritu behar izan ditugunez, igartzen da asperdura-haserre-eszeptizismo-neke puntu bat jendartean. Baita nahasmen eta ezezagutza pixka bat ere. Seguru nago ez direla ez bat eta ez bi Madrilgo hauteskundeekin eta Gasteizkoekin nahastuta dabiltzanak; «bai, Gabon eguneko horiek izango dira irailaren 25ekoak. Esan zuten aurreratzen saiatuko zirela». Jende asko bizi da politikatik oso aparte, agintean batzuk edo besteak egon denak berdin segituko duela sinetsita. Berdin gaizki akaso, baina berdin. Eta akaso bozkatzera joango dira, badaezpada, ezer alda ez dadin. Eta badira «ezer ez aldatzearen» artean oso trebeak diren alderdi politikoak.

Iruditzen zait haserretu eta pauso bat aurrera emateko hauteskundeak izango direla oraingoak. Mitinetatik indarberrituta bueltatu omen da jende asko etxera. Gauza handia da hori.

Bigarren aldiz pasatu gara autobusaren ondotik eta ezin aparkatu segitzen dugu. «Kaguen, herri honetan ezin da aparkatu!», joan zait maldizioa. Eta zuk, atzetik, autoko zure aulkitxotik, «puto Rajoy».