«Leritbi»
Igogailuan, botoia sakatu, gorantz lebitatu eta atea zabaltzeko ohi baino 3 segundo gehiago itxaron behar izan ditudanetan berehala etorri zait burura nire mugikorraren bateria kopuruaren ehunekoa, eta ondoren, ingurura begiratu dut zenbat oxigeno geratzen zaidan ikusteko. Eta arnasa sasitu zait. Gero, normalean, 4. segundorako ikusi dut argia igogailuko kristalezko ate zatitik eta hiltzear egon naizen 3 segundoak ahaztu ditut 5. segundorako. 2 segundoan zabaltzen dira igogailuetako ateak.
Jatetxe batean zer nahi dudan galdetzera etortzeko 15 minututik gora pasatzen badute (eta galdera horrek behar du zeremonia pixka bat), halako zilegitasun bat sentitzen dut bekain bat bestea baino pixka bat gorago altxatzeko. Haserretu ere egin naiz inoiz. Ez dut uste nire haserrearekin ados nagoenik.
Maite gaituzten galdetu ondorengo 3 segundo horien egia entzuteko gaitasunik ez dugu, gerok ere 3 segundo mental horiek tarteka entzuten baditugu ere geure barne solasalditan, dutxan, edo autoak garamatzanean. Zalantzafobikoak gara. Entzuten al dugu politikaririk erantzuna pentsatzeko denbora gehiago eskatzen? Edo gai horri buruz sekula ez duela hausnartu hausnartzen? Denak dira orojakileak edo kontsumo baxuko bonbilla batek ematen die argi estaldura betierekoa?
Erantzun azkarreko (abiaduraz ari naiz) jendartea da hau. Tik bat, bi tik, bi tik urdin, eta «idazten» ohartxoa pantailaren goialdean, kurtsiban, letrak ere abiadurarekin flekilloa atzerantz dutela doaz. Entzuteko abiaduran hitz egiten ikasteko soziologopedak nahi nituzke.
Arreta ematen didate pentsatzeko eta mugitzeko segundo kopuru ezberdina behar duten pertsonek. Gordetzen dute zer edo zer haurtzarotik, besteok txirristaren batean galdu genuena.
Haurren Nazioarteko Eguna da gaur. 1989an sinatu zen haurren eskubideen ituna, tinta lehortzeko zain daudela uste dut. Haur izateko eskubidea aldarrikatzeko egun ona da. Eta ez da Peter Pan konplexua. Peter Pan sinplea da. Haurrak ginela begiak hontzatuz erantzuten genituen galderak, besoak astinduz esaten genituen «maite zaitut»-ak, oihuka eta negarrez kantatzen genituen geure beharrak eta malkoak masailak biribildu aurretik lehertzen zitzaigun indar bereko irribarre bat. Autoko bidaia luzeak ez ziren segundoka kontatzen, «zenbat falta da?»-ka baizik, eta autoko kaseta The Beatlesena bazen Liverpooleko ingelesez kraskatzen nituen ahots kordak «leritbika». Zer esaten ari nintzen jakin gabe, esana egiten. Kaseteko zinta magnetikoa trabatu eta konpontzeko axotarik eskura ez eduki izanak pena ematen dit. Gehiagotan utziko bagenio denari izaten, eta ez jakiten baldin bageneki …



