GALDER PEREZ
IRITZIA

Popatik pop-a

Gure lagun batek bere bizitza, eta bizimodua, artelan bihurtzea erabaki zuen. Garaikide mantendu ohi da beti eta, batzuetan, surrealismo ukituak gogoko ditu. Haserre dagoen egunetarako barrokoa izan ohi da aukera, eta abstraktua, berriz, desagertzeko gogoz dagoenean. Arau normatibo eta estetikoetatik kanpoko bizimodua da halakoa, askea, berezkoa, ezberdina eta bakarra. Jakin badakigu ezberdina izatea garesti ordaintzen dela. Gure kulturan ere diferente izatea oso zaila da oraindik ere, eta are zailagoa izan da atzetik. Horrek, jakina, bere ondorio potolo bezain ikaragarriak izan ditu. Esate baterako, arte estiloez ari garela, egin dezagun pop-az berba. Pop-a popatik bidali genuen aspaldi. Pop kultura gaizki ikusia izan da, erraldoi baldarraren pareko kakanarru itsusitzat joz; funtsean, hegemonia kulturala arteak berak irudikatzen duen jendartearen isla baino ez da. Badirudi popak kultura hegemonikoari lotsa sorrarazten diola, bera mamitsu bakarra izatearen ustea baitu. Popa, berriz, arina bezain zoriontsutzat dauka. Aspaldi ikasi genuen alaitasuna gehiegi adieraztea zein gaizki ikusia dagoen. Baina azken urteetan, ordea, popa han-hemenka agertu da, zorionez, eta bere neurrian onartuz joan da. Bitxia da, esaterako, popa askatasun pertsonal eta kolektiboen aldeko mugimenduekin batera etorri dela pentsatzea eta, beharbada, horregatik agertuko dira oraingo pentsamendu liburuetan pop azalak.

Konplexuak kenduz goazela badirudi ere, euskal seme-alabak jaso genuen herentzia astuna gainetik ezin kendurik dantzan jarraitzen dugu; pisutsuegia oraindik eta sufrimenduaren aldekoa ia beti, zer eta goi mailako kulturaren eta pop kulturaren arteko banaketa zentzugabe horretan galtzen garelako. Kontsumismo, kapitalismo eta hainbeste “ismo”-rekin zikintzen da popa, baita horrek adierazten duen guztia ere, bere zulo bakar zein hamaika gezur-zuloekin. Fantasiaren zulo koloretsuetan galdu nahi dugu, bai, aldendu behar gara. Hori plazera infantilizatzea dela sinetsarazi digute, behar genukeena baino umeago izatea zerbait txarra balitz bezala. Begirik ez itxi, ordea. Izan ere, kalitatea tesina gris eta marroi kiratsarekin gehiegi nahasten denean, popa kolorgetu egiten dute guztiz.

Geurea ez da armairu marroi zaharkitua, ez, izozkailu erraldoia baizik; hotza, zuria, betikoa. Margotu dezagun behingoz morez, arrosaz, urdin turkesaz zein gorriz izozkailua eta super heroi koloretsuak lez atera gaitezen mundura. Bestela beste bizitza osoa emango dugu geure buruari kolpeka izozkailu erraldoi, hotz eta zuri baten kontra. Hortik behingoz atera ezean, onetsia ez zen ipotxa bezala, geure burua freaky show baten eszenatokian agertzen jarraituko dugu, plazer eta adierazpen guztien jabe diren botere absolutuek gozatzen jarrai dezaten.