JOKIN URAIN
IRITZIA

Oharrak

Inguruaz eta ingurukoez ohartuz goazen heinean badugu hainbat gauza gogoratu beharra; goizetik iluntzera bitarteko egitekoak gogoratu behar ditugu, edo datorren asterako ditugun hitzorduak eta zereginak, edo datorren hilekoak… Gure aurrekoen belaunaldientzat urteko santuen izendegia izan zitekeen, adibidez, iraganeko gertakariak, data bereziak... gogoan gordetzeko “arbela”; santuen egunen arabera gogoratuko zituzten hitzorduak, edonoren urtebetetzeak, zorrak kitatzeko datak… Memorian egiten zituzten apunteak, laburrak eta luzeak, paperean ordez; behin eta berriz historia berberak edo berriak aletuz, bestei entzunak gehituz, batzuk asmatuz eta besteak amestuz, etxeko txikiei eta handiei edo auzotarrei kontatuz, “historiategi” oso bana zeramaten gogoan.

Aurrerapenarekin, gogoan hartu beharreko gauzak gehitu egin zaizkigu: hitzorduak ugaritu, lantokian kontuan hartu beharrezko oharrak pilatu… Erdiak ahazteko beldur garenez, ohartxoak hartzen ditugu. Ordenagailuen memorietan gordetzen ditugu kontuak, oharrak, argazkiak… gogoratu nahi dugun guztia, noizbait berriz irakurriz edo ikusiz gozoguneak birbizitzeko ere bai, eta gauza asko dugu gordea, gogoratu ere ez gara egiten zenbat gauza gorde dugun, zer gorde dugun, eta gordetakoa ikuskatzen hastean ez dugu gogoratzen hori guztia noiz gorde genuen, ez gara gogoratzen gordetakoa guk gorde ote genuen, ez gara oroitzen gordetako argazkietan agertzen direnez, ez ditugu ezagutzen argazkian alboan ditugunak…

Mugikorrean ezartzen ditugun oharrak, hitzorduen datak eta orduak garaiz gogorarazteko agindua ezartzen diogu telefonoari; koaderno txikiak eta post-it-ak darabiltzagu, zernahi koloretakoak, eta hozkailuaren atean, mahai gainean, ispiluan ipintzen ditugu… begien aurrean izan ditzagun eta irakurtzean gogora ditzagun hitzorduak, egin beharrak, ogia, halakoren urtebetetzea, hiruretan hara joatea… Dena gogoratu beharra dugulako idazten dugu guztia; eta idazten dugun momentutik ahazten eta gogoan ez hartzen ari gara.

Gauzak ahazteko hartzen ditugu oharrak, memoria paper muturrean utziz. Idaztea ahaztea da, gogoan ez hartzea; idaztean ahazten ari gara.

Baina guk ahazten duguna beste batek ikusteko eta ikasteko aukera emateko modua ere bada idaztea, Unai, eta bizi izan duguna ondoren etorriko direnei uzteko modua da, batez ere.