Maider Eizmendi
ospitaleratutako haurrak

Irrikiclown, hamarkada bat irriarekin eragiten

Clown ikastaro baten ondotik ernaldu zen Irrikiclown taldearen ideia. Irriarekin eragin nahi eta zein alorretan egin zezaketen mesede gehien pentsatzen hasi ziren. Ospitalean dauden haurrentzako irribarrea sendagai gisa erabiltzea erabaki zuten. Asteartero dute zita bi pailazok eta hilabetean behin, igandeetan, boluntario taldeak. Euren jardunarekin ordu batzuetan Gurutzetako ospitaleko Pediatriako eta Onkologiako korridoreak itxuraldatu eta koloreztatzen dituzte. Ideia eta proiektuak ez zaizkie falta, baina bai horiek garatzeko beharrezko sosak.

Marina, Haizea, Aratxo, Ainara, Vicky, Maite, Jokin, Matxalen, Madalen, Javi, Monika, Peñi, Aintzane, Ziortza, Sebas... Ez dira medikuak, baina beren lan eremua ospitalea da noizean behin eta bertan dauden haurrei «irribarrea» ematen diete sendagai gisa. Hamar urte baino gehiago igaro dira clown ikastaro batean elkar ezagutu eta pertsona talde bat jardun horrekin non lagundu zezakeen pentsatzen hasi zenetik. Ospitalean eta haurrekin lan egitea aukera ederra zela pentsatu eta horrela sortu zen Irrikiclown taldea, Gurutzetako erietxean dauden haurrak sudur gorria jantzita bisitatzeko. Asteartero joaten dira horietako bi (Vicky eta Aratxo) eta dozena erdi bat lagun berriz hilean behin, igandeetan egiten duten emanaldietarako boluntario gisa.

Ospitaleko mediku, erizain zein bestelako langileekin duten elkarlana oinarri-oinarrizkoa dela kontatu du taldeko kide Sebas Gutteritgek: «Geletara sartu aurretik egoeraren berri ematen digute haiek: zenbat haur dauden, zenbat urte dituzten, zein egoeratan dauden...». Hori guztia kontuan hartzea beharrezkoa da saioa prestatzeko. Astero joaten direnek, Vicky eta Aratxok, ematen dieten informazioa ere lagungarria da hilabetean behin joaten diren boluntarioentzat. «Loturak egiten saiatzen gara istorioak ez galtzeko –azaldu du Gutteritgek–; modu horretan, haurren arreta errazago lortzen dugu». Izan ere, bisitatzen dituzten haurretako batzuek egonaldi laburrak egiten dituzte ospitalean, baina badira, Onkologia sailean batez ere, denbora luzean egon behar izaten dutenak eta «komenigarria da, noski, haur bakoitzarekin zerk funtzionatzen duen eta zerk ez jakitea». Bezperan egiten duten bileran eztabaidatzen dituzte kontu horiek guztiak eta prestatzen dituzte ondoren garatuko dituzten gaietako batzuk.

Gazteengan eraginen bat lortzea. Bistakoa da, baina taula gainean aritzea edota haur baten ohearen ondoan jardutea desberdina da oso. Irrikiclown taldeko kidearen esanetan, ospitalean lehen hanka jarri orduko «nork bere egoa atean» utzi behar izaten du: «Clown ikuskizuna, noski, esperientzia artistiko bat da; guztioi gustatzen zaigu egiten dakigun hori erakustea eta besteek ‘zein ondo egin duzun’ esatea. Ospitalean, aldiz, garrantzitsuena ez zara zu edota zuk egin duzu hori. Parean duzun haur eta gazteengan eragitea, hori da arrakasta», aipatu du. Zentzu honetan, indarra jarri nahi izan du «eragite» horretan, «izan ere, beti ez da irribarrerik lortzen, baina beste modu batzuetan ere lor daiteke egiten den horrekin on egitea eta denboratxo batez bederen haur horiek ospitalean daudela ahaztea».

Beste alde handi bat arauekin lotuta dago eta, batez ere, higienearekin. «Arropa desinfektatuta eraman behar izaten dugu, eskuak xaboi berezi batekin garbituta, haurrak ezin ditugu ukitu...», zerrendatu ditu Gutteritgek, horiek errespetatzea funtsezkoa dela nabarmenduz. Hori dela eta, ikuskizunak baldintza horietara egokitu behar izaten dituzte: «Oro har, clown ikuskizunean nahi duzun hori izatera irits zintezke, guk aipaturiko muga horiek ditugu eta zorrotz errespetatzen ditugu, gainera».

Irudimenari ez diote, ordea, bestelako mugarik jartzen eta haurrei nahiz horien ondoan egoten diren guraso eta gainerako senitartekoei dibertimendurako ateak zabaltzen dizkiete. «Pailazoak beti haurrekin lotu izan dira, baina gure ikuskizunak gurasoei gerturatzen saiatzen gara, besteak beste, txikienentzat ere ederra delako ekimen hauek familian egin ahal izatea». Hori dela eta, gelan dauden helduei parte hartzera gonbidatzen diete, nolabait, «etxean duten familia giro hori izatea lortzen ez bada ere, elkarrekin une eder bat pasatzeko aukera izan dezaten».

Sebasek eta gainerako kideek ez dute pailazo gisa ospitalera joan ziren lehen aldia ahaztuko. «Ni akordatzen naiz oso-oso urduri nengoela. Lehen aldietan, ordea, beti joaten zara beste bi lagunekin batera eta horiek gidatzen dute emanaldia. Eroso bazaude, primeran, eta ez bazaude, aukera duzu bigarren plano batean jartzeko», azaldu du, bere esanetan, erietxe batera joateko modurik hoberena sudur gorri bat soinean jarrita egitea dela nabarmentzearekin batera. «Oso jende gutxiri gustatzen zaio ospitalera joatea. Nik behintzat ez dut atsegin, baina pailazo gisa bestelakoa da esperientzia», azaldu du.

Zentzu honetan, aitortu du bere irudipena dela ospitaleetan oro har oso giro serioa sortzen dela. «Nire ustez, haurrak tartean direla beharrezkoa da alde ludiko hori mantentzea, on egiten die eta», kontatu du. «Erizainek esaten digute –jarraitu du– gu joaten garen egunetan giro berezia izaten dela eta hori, nire ustez, atsegina eta onuragarria da». Aipatu du, esaterako, egonaldi luzea egin ostean gaztetxo bati astelehen batean etxera joateko baimena eman ziotela eta eskatu zuela asteartera arte itxarotea pailazoak ikusi ostean etxeratu nahi zuelako. «Horrelako gauzak atseginak dira eta indarra ematen dute», esan du. Izan ere, taldeak aurrera egin ahal izateko, ospitaleko ateetatik kanpo borroka asko egin behar izaten du. «Dirua da irauteko dugun arazorik handiena. Osakidetzarekin proiektu bat dugu adostuta, konpromiso bat –asteartero egiten dituzten bisitak– eskatzen duena, eta horrek ezinbestean dirua eskatzen du, Osakidetzak ematen ez duena», aitortu du Gutteritgek.

Finantziazioa arazo. Jarraitzeko moduan dira, besteak beste, bazkideen bidez eta dohaintzen bidez jasotzen duten diruarekin moldatzen direlako. «Crowdfunding bat ere egin genuen eta halako ekimenekin lortzen dugu mantentzea», azaldu du.

Azkenaldian, gainera, Aspanovas minbizia duten haurren gurasoen elkartea Onkologia eremuan egiten dituzten bisitak finantzatzen hasi da. «Gustura gaude egiten dugunarekin eta lehentasuna mantentzea da, baina gauza eta proiektu gehiago egin genitzake eta egiten ez baditugu diru arazoagatik da», azaldu dute. Ez dute, izan ere, boluntario arazorik: hasieran zeuden pertsona batzuek utzi dute jarduna, baina beti gerturatu izan zaie norbait berria, «azkenaldian lauzpabost». Alabaina, irriak eragin zale dira eta zer hobea barrea ondo pasatu nahi duenari ez ezik sendatzeko ere baliagarria duen pertsonari eragiten bazaio.