Amaia Ereñaga
ipeñarrietako bi leinuak

Lau mende eta bi unibertso jauregi baten harri artean

Irimo (901 m) mendiaren magalean, ikusmenean Urretxu eta Zumarraga dauzkan jauregi bat altxatzen da, Ipeñarrieta izenekoa. Han dago, harro, dotore, iraganeko distirak eta nahigabeak gogoan izango balitu bezala. Lau mendeko istorioak gordetzen ditu eraikin honek bere harrien artean, XVI-XVII.eko Austriako etxearen gortean boteretsu bihurtu zen Ipeñarrieta maiorazkoarenak eta, era berean, azken 250 urteetan lur hauek landu dituzten Izagirre leinukoenak. Bi mundu: bata, jauntxoena, galdua jada; bestea, baserritarrena, desagertzear.

Tupustean, Urretxun jaiotako pertsonaia ospetsuena nor den galdetuko bagenizu, apustu egingo nuke gutariko %100k Jose Mari Iparragirreren (1820-1881) izena botako lukeela. Euskal musikagintzaren bardo eta “Gernikako arbola” bezalako kanten egilearen jaiotzaren 200. urteurrena pare bat urte barru ospatzear dugunean, gehienoi Gipuzkoako Urola Garaiko herri hau protagonista duen beste gertaera bat ia oharkabean pasa zaigu, lau mende baino gehiago dituen Ipeñarrieta jauregiaren eraikuntzarekin lotuta, alegia. Baina Urretxuko Udalak argitaratu berri duen liburu bat helarazi zigunean, “Ipeñarrietak. Austriarren zerbitzupeko leinua” izenekoa, bi mundu –jauntxoena eta baserritarrena–, beste horrenbeste unibertso –Filipe II. eta III.aren gorte boteretsuak eta industrializazioaren aurretiko baserri giroa– eta han-hemen zabaldutako aztarnez osatutako istorio liluragarria agertu zitzaigun begien aurrean. Liburuaren egileak Jon Ander Arcelus, Nerea Iraola, Borja Prieto eta David Cano ikerlariak dira, eta iaz bete zen ipeñarrietarren maiorazkoa sortu zeneko 400. urtemugaren (1617) harira egin dute lana.

Erraz irudika dezakegu zer-nolako zirrara eragin nahi zuen Cristobal de Ipeñarrieta (1556-1612) Calatravako zaldunak errege-bidetik Gipuzkoan barneratzen zirenen artean. Egungo jauregia errepide nagusitik kanpo dagoen arren, XVIII. mendera arte bertatik igarotzen zen errege-bide hura gaur egungo autobidearekin alderatu zitekeen, mugaraino iristen zen bide-sare nagusia baitzen. Gipuzkoara Leintz Gatzagatik sartu eta lurraldean barneratzen jarraitu nahi zuen orok jauregiaren Santa Barbara ermita ondotik igaro behar zuen. Dena den, XVII. mendean “autobide” hura ez zegoen oso egoera onean, Cristobali berari zaldia hil baitzitzaion 1604an garaiko Villareal de Urrechu hartarako bidean, hain juxtu jauregia eraikitzeko agindua ematera joan zenean. Mende haietako jokabide arrunta zen euskal kapare familietako boteretsuengan, oinetxetik abiatuta edo dorretxe zaharrak egokituta landa-jauregiak eraikitzea. Gortean egindako xoxak eta ospea etxean erakusteak plazera ematen zuen... eta Cristobal de Ipeñarrietak, gainera, anbizio handiko gizona zenez, beste asmo bat ere bazuen; probintzian barna bidaiatu behar zuten entzutetsuei ostatu emateko leku ezin aproposagoa eraikiko zuen. Nahitaezko egonlekua, ahal baldin bazuen. Adiskide onak izatea zein garrantzitsua den jabetuta zegoen...

Ipeñarrietatarren artean nabarmendu zen lehena Gregorio izan zen, Espainiako Filipe II.aren maiordomo izatera iritsi zena. Osaba Gregorioren bultzadari esker, Cristobal de Ipeñarrieta habsburgotarren gorte distiratsuan bere leinuko kiderik boteretsuena izatera iritsi zen. Filipe II. eta III.aren laguntzaile leiala izan zen eta Ogasun kontseiluan, lehenengo idazkari eta gero kontseilari izendatu zuen erregeak. Kaparea zen, ez zen nobleziako partaidea, baina Calatravako zaldun ordenako kide izendatu zuen erregeak.

Gortekoen eta boteretsuen ostatu. Beraz, Antzuolatik edo Ormaiztegitik zetozen bidaiariek zubi apurtuak eta zuloz betetako bideak ahal zuten moduan gainditu ondoren haranera iristean, zer begiztatuko zuten hondoan, sendo, Irimoko magalaren gainean, inguruak zaintzen? Eraikin dotore bat, Ipeñarrieta familiaren boterearen ikurra. Jon Ander Arcelus, Nerea Iraola, Borja Prieto eta David Canok bildutako informazioaren arabera, ez dago oso garbi jauregiaren maisu-hargina nor izan zen –badirudi Foruko Martin de Besagoiti batek eraikitzeko prozesuan parte hartu zuela, baina ezin da esan bera izan zenik arkitektura lanen arduraduna–, bai ordea jauregia oso denbora tarte laburrean eraiki zela, lauzpabost urteetan alegia. Liburuan bildutakoaren arabera, 1605ean Oa eta Otañoko harrobietatik 386 gurdi atera ziren Urretxurantz harriz beteta, maldan gora jauregia eraikitzeko.

Azken lau mendeetan Irimo mendiaren magaletik bailara dotore asko zaindu duen dorrea gure inguruetako jauregi-arkitektura errenazentistaren erakusgarri nabarmena bilakatu da. Bi zatitan dago banatuta –bailara aurrez aurre duen alde noblea eta, mendira ematen duen alde pobrea–, oinplano angeluzuzena eta bi solairu dauzka. Goian, dorre huts dotorea. Hemen hartu zuen ostatu Filipe III.ak 1617ko azaroaren 2an eta, noski, berarekin bidaiatzen ari ziren dozenaka zalgurdi, gurdi, literak eta antzeko guztiek, Faisaien uharterako bidean zihoala alaba Frantziako erregearekin ezkontzera. Mende batzuk beranduago, eta etxea Narros markesaren jabetza zenean, Isabel II.aren bisitak oihartzun handia izan zuen inguruetan.

Idiak, baserria eta euskalkiak. «Nire osabari, Arantzazun fraidea zegoena, hari esan nion nik: ‘Jakin behar duzu zenbat urtetan dagoen gure apellidoa hemen?’, Eta esan zidan: ‘250 urte baino gehiago’». Inixio Izagirre, oraingo Ipeñarrieta baserriko jauna, Urretxu eta Zumarragara begira dago eta argi mintzatzen da, euskara ederrean. Aipatu duen osaba Kandido Izagirre (1913-1967) da, euskalki aztertzaile fina. Hura zendu zenean, Luis Mitxelenak zera esan zuen: «Euskal dialektologorik onenetarikoa zen, Bonaparteren antzekoa». Mitxelenaren hitzetan hau ere, «bista mikroskopiko zorrotza» zuen frantziskotar hark hainbat euskalki aztertu zituen, gure hizkuntzaren “altxor” bila baitzebilen etengabe eta Inixio ilobari ere maiz galdetzen zion: «Hau zelan esaten duzue?».

Agian, ipeñarrietatarren mamuen aztarnak etxeko atariaren gaineko Carrarako marmolean egindako bi armarrietan aurkitu zitezkeen, baina hemen Kandido bezalako izagirretarrek indar gehiago dutela esatera ausartuko ginateke. «Hemen (alde noblean) balkoiak zeuden, baina gu baino lehenago kendu zituzten. Nire birraitonak esaten zuen Oñatiko maiordomo bat egon zela hau zaintzeko, eta erori edo kendu hark egin zituela. Izagirretarrak errentero iritsi baino lehen hemen inor ez zegoen». Luzaroan alokairua ordaindu ondoren, duela 62 bat urte etxea eta inguratzen duten lursailak erostea lortu zuen Inixioren aitak, honek 16-17 urte zituela. Orduko jabea zorrez itota aurkitu zen... eta eskerrak horri, bestela auskalo non sartuko zituen aitak hamahiru seme-alabak!

«Nik baserrian egin dut bizimodua. Ez naiz tailerrera sekula joan. Hor 40 urte egin nuen, batera eta bestera idiekin basora lanera. Asko ibiltzen nintzen». Izan ere, idiekin egiten zuen lan Inixiok. Orduko lanbidea –idiekin basoan, egurretan edo beste baserritarren lurrak lantzen–, gero hobby bihurtu zen, eta herri kiroletan, idi dematan egin duten lan mardulagatik, eta Urretxuko Euskal Jaietako karrozak mantentzen egin duten ahaleginagatik izen ezaguna bihurtu da izagirretarrena. Jauregiaren gibelean dagoen baserrira joan gara, izagirretarrek erosia hura ere, eta hantxe daude etxeko altxorrak, bi idi pare. Txato eta Beltza, bikote bakoitza. Zer behar da idia txapelduna izateko? «Ebali [erabili], gauza guztiak bezalaxe. Aizkorarekin ere ibili behar da, harri-jasotzen ere bai, berdin idiarekin. Batzuek balio izaten dute, ez denek, gizakiak bezala».

Inixiok badu segida idi probetan, Asier semeak hartu diolako lekukoa, baina baserrian, zoritxarrez, ez. Gauzak asko aldatu dira bera gazte zen garaitik. «Urretxun bertan nik ezagutu nituen ganadua zegoen etxeak, kalean ere bai, baina orain kito. Hamabost bat baserri daude ganaduarekin». Etorkizunari buruz, beraz, ezkor azaltzen zaigu: «Baserriko bizimodua izorratu egin da. Esnearekin ez dago dirurik, haragiarekin ere ez...». Eta horrelako etxe handia mantentzea ez da erraza izango, ezta? «Horretan dauzkat nik lanak», dio hasperen batekin Inixiok galdetzen zaionean. Esaterako, teilatua; orduko aurrekontutik (23 bat milioi pezeta), Aldunditik oso zati minimoa jaso zuten. Huskeria bat, barka gaitzatela. Bisita gidatuekin egin zuten urtebeteko saioarekin nazkatuta –ganbarako babak eta artaburuak desagertu egiten ziren–, baserriko bizitzarekin jarraitzen dute Inixiok eta Dora emazteak, pixka bat mugatuago etxeko gizonak aldakako ebakuntza baten ostean izan dituen arazoengatik.

Noizean behin, bisitariren bat gerturatzen zaie, baina hau etxe pribatua da, ez zabalik dagoen monumentua. Urruntzen naizen bitartean, instituzioek oreka bat bilatu beharko luketela mota honetako ondarea galdu ez dadin hausnarrean noa. Babestu beharreko hainbat mundu gordetzen baitituzte Ipeñarrietako harriek.