02/09/2018

amagoia mujika
Opor klaseak
90eko hamarkada zen. Oporrak «barkazioak» ziren, lana barkatzen zuten egunak. Batzuk jaioterrira joaten ziren, «al pueblo». Pueblorik ez zutenak, herritik gertuen zegoen hondartzara, arroka artean kozinatutako paella jan eta karramarroak harrapatzera.

Opor klase asko daude. Tere eta Serafin oporretara joan zirenean beren herri txikian denak aztoratu egin ziren. Aurretik sekula ez zuen Terek bere denda txikia itxi. Horregatik aztoratu ziren herritarrak, astebete pasatxoan denda itxita egongo zelako. Hegazkina hartu eta irla batera omen zihoazen. «Ze nezesidade!» esaten zuen kaleko marmarrak.

90eko hamarkada zen. Oporrak «barkazioak» ziren, lana barkatzen zuten egunak. Batzuk jaioterrira joaten ziren, «al pueblo». Pueblorik ez zutenak, herritik gertuen zegoen hondartzara, arroka artean kozinatutako paella jan eta karramarroak harrapatzera. Baziren oporretara urrutixeago joaten zirenak ere, ez asko hala ere. Giro hartan, Tere eta Serafinen bidaia hura exotiko samarra gertatu zen beren herri txikian. Eta, buelta, zelebrea.

Lehen egunean, hondartzara bidean, etxebizitza batzuk eraikitzen ari ziren ingurune batetik pasatu ziren. Kartel handi bat omen zegoen bertan, langileak falta zirela esaten zuena. Serafini hondartzako lehen egun hura oso luzea egin zitzaion nonbait eta afaritan Tereri aipatu zion igual hurrengo egunean eraikuntza lan horietara joango zela, ea lana ematen zioten. Esan eta egin. Hurrengo egunean bertan hasi zen Serafin lanean, oporrek iraun bitartean. Tere, bitartean, hondartzan eta paseoan ibili zen bakarrik. Eta gustura samar ibiliko zen, herrira bueltan grazia handiarekin kontatzen baitzuen gertatutakoa. Serafin ere gustura, «nik ez dut balio hondartzan botata egoteko...».

Milaren oporrak ere zelebreak izan ziren. Larunbatero elkartzen ziren lagunak dantzaleku batean eta aste batean huts egin zuen, Tenerifera joan omen zelako oporretan. Hala esan zuen, baina aste osoa eman zuen baserri alboko zelaian eguzkia hartzen, beltzaran jartzeko, Tenerifen egon izan balitz adina. Ez zuen aste samurra pasatu, anai-arreben adar jotzeak latzak izan zirelako. Ederki kostatu zitzaion bere sekretua gordetzea. Baina lortu zuen, eta hurrengo asteburuan dantzalekura agertu zen, beltzaran eta irribarretsu. (Hamarkada batzuk beranduago “Aupa Etxebeste” filma egin zuten eta Milaren etxekoek barre egin zuten, jukutria hori asmatua zegoela esanez).

Opor klase asko daude. Batzuek egindakoa kontatzen oporretan baino gehiago gozatzen dute; beste batzuek sekulako nagia izaten dute ezer kontatzeko. Batzuentzat espero baino askoz okerragoak izan dira eta beste batzuentzat aldrebes, asko espero gabe ondo samar ibili dira. Batzuek ezin izan dituzte oporrak izan eta beste batzuek ospitaleko aulki batean eserita eman dituzte egunak.

Eta bai, aurretik kontatutako istorioak egiatan gertatutakoak dira.