Laura Bonila
Atseden beharra new Yorken

Siesta, «lorik egiten ez duen» hiriari eusteko

Lehiakortasunak, joan-etorriek eta jendetzaren artean ibiltzeak nekea eragiten die newyorktarrei eta, horri aurre egiteko, bazkalosteko atsedenaldia da topatu duten modurik hoberena. Gero eta ohikoagoak dira siesta egiteko aukera eskaintzen duten lekuak. Ez da gutxiagorako, lo faltak osasun arazoak dakartza, baita galerak ere herrialdeko ekonomiarentzat.

Oporraldia amaitu eta lanera buelta egin duten asko udan siesta egiteko hartutako ohiturari buelta eman ezinik dabiltza. Zein azkar egokitzen den gorputza atseden hartzera eta zein geldo eguneko gorabeheren martxara, ezta? “Inoiz lorik egiten ez duen” New York hirian, atseden hartu eta indarberritzeko siesta egitea proposatu dute. Orain artean yoga edota meditazio zentroen aldeko apustua egin dute hiritarrek, lehiakortasun handiko eremuek eta etengabeko joan-etorriek sortzen duten nekeari aurre egiteko. Siesta egiteko zentroek hartu dute orain sona New Yorken, baita AEBetako beste hainbat hiritan ere.

Zabaldu diren aretoen artean, Nap York-ekoak dira handienak. Hiru solairuko eraikin hau Times Square ondoan kokatua dago eta gerturatzen denak 12 euroren truk egurrezko etxola bat aloka dezake ordu erdirako, egunez edota gauez. Otsailean zabaldu zituen ateak zazpi kabinekin eta segituan 22 eskaintzen hasi zen. Gainera, eraikinaren sabaian sei hamaka ere jarri dituzte, 15 euroren truk ordu erdiko egonaldia egin nahi dutenentzat. «Zaila da bakea eta lasaitasuna topatzea New Yorken», dio Stacy Veloric Nap York zentroko marketin arduradunak. «Ongietorria eman nahi genien nekatutako newyorktarrei».

Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren arabera, New Yorkeko hiritarren herenek ez dute behar adina lorik egiten eta horrek gogo-aldartean eta kontzentrazioan eragiten du, baita produktibitate jaitsieran ere. Rand Corporation ikerketa enpresak 2016an egindako azterketaren arabera, lo faltak urtean 411 milioi dolarreko kostua du AEBetako ekonomiarentzat.

 

Arratsalderako indar bila. Laura Lik nahiago du 35 minutuko siesta kafe katilukada bat baino. 28 urteko emakumeak bidaia aldizkari batean egiten du lan zuzentzaile gisa eta YeloSpa zentrora –hamaika urte daramatzate bertan zerbitzu hau eskaintzen– joaten da atseden hartzera. Li argi morea duen kabinan sartzen da eta apur bat inklinatua dagoen koltxoiaren gainean etzaten da. Hankak airean ditu, horrek bihotz frekuentzia jaisten eta lokartzen laguntzen duelako. 35 minutu beranduago “simulatutako egunsenti” batekin esnatuko da. Loaldi honen prezioa minutuko dolar batekoa da. «Lan asko dudanean etortzen naiz. Modu honetan arratsaldean lanean jarraitzeko energia izatea lortzen dut. Nekatu egiten naiz, loguratu, eta ez zait kafea hartzea gustatzen», azaldu du Lik.

Lankideei ez die esaten bazkalordua lo egiteko erabiltzen duenik. Bere lagunek denbora eta dirua galtzea dela uste dute. «Niretzat, ordea, pagatzeko modua dudan bitartean, merezi du hona etortzea. Ondoren, hobeto sentitzen naiz eta hori niretzat nahikoa da».

Nortzuk dira siestaren jarraitzaile berri hauek? Lanaldi luzeak dituzten pertsonak, Manhattanetik urrun bizi diren eta afaltzera joan aurretik atseden hartu nahi dutenak, haurdun dauden emakumeak, haurrak dituzten eta gauean lorik egin ez duten gurasoak, goizaldera arte parrandan eman duten pertsonak...

«Energia kapsulak». Christopher Lindholstek 2004an sortu zuen Metro Naps. “Energia kapsula” horietan, erabiltzaileak lo egiteko bakea lortzen du. Lehenak Empire State Building eraikinean jarri zituzten, baina kendu egin behar izan zituzten segurtasun neurriak gogortu zirelako. Orduz geroztik, enpresa honek unibertsitateei, ospitaleei, aireportuei eta enpresei saltzen dizkie halako kapsulak. «Urte hauetan jendearen jarrera erabat aldatu da», dio loari eta haren onurei garrantzi gehiago ematen zaiola nabarmenduta. Hala ere, siesta eta nagitasuna lotzen dituen ideia oraindik ez dela erabat ezabatu iritzi dio Christopher Lindholstek.

Kabinetako bat Arianna Huffingtonen Thrive Global enpresaren New Yorkeko egoitzan dago orain. “The Sleep Revolution” liburua idatzi zuen 2006an “The Huffington Post”-en sortzaileak, eta bertan ohartarazi zuen behar-beharrezkoa dela «arrakasta izateko pertsona bat ahitu egin behar dela» nabarmentzen duen ideiarekin amaitzea.