Mertxe Aizpurua
euskal preso politikoen senideen historia bat

«Amaren etxea», kartzelaren itzal luzea

Eskuragarri dago dagoeneko «Amaren Etxea» liburua, euskal preso politikoen senideen «epika handi baten kronika bat», Jokin Urain egilearen hitzetan. Durangoko Azokako GARAren standean ere salgai izango da lan esanguratsu hau, balio historikoaz izateaz gain, herri honen bizipen eta sentimenduen esparruan hutsune bat betetzera datorrena. Senideak baitira hemen protagonistak, presoaren eta herriaren arteko katebegi diren horiek.

Euskal preso politikoen senideei buruz askotan hitz egiten da azken urte hauetan, baina gutxitan izan dira beraiek benetako protagonistak. Errealitate honen bultzadaz, Astero argitaletxeak senideei ahotsa emateko proiektua garatu du. Fermin Munarriz editoreak dioenez, «hitz egiten duten gehienetan beren senideek –presoek– pairatzen duten egoera salatzeko egiten dute. Senideek zuzenean hitz egitea zen obra honen helburua, liburu-dendetan ez baitago era honetako bildumarik».

Horrela, Jokin Urainek jaso zuen planteatuko hordagoa, eta dagoeneko eskuragarri dago “Amaren etxea” kioskoetan edo interneteko eskaeraren bidez.

Erronkari heltzeko orduan, herri honetan euskal preso politikoen senideak milaka direla eta milaka testigantza jasotzerik ez dagoela jakinik, Jokin Urainek nolabaiteko sailkapenaren arabera antolatu zuen aurrean zuen lana. «Kasuistika desberdinen araberako hautaketa egin nuen: senidea denbora askoan preso izan duten familiartekoak, presoa gaixorik izan dutenak, bidaietan istripuren bat izan dutenak; ahots horiekin guztiekin mundu hau islatua gera zedin».

Zuzeneko elkarrizketak egin ditu batzuetan, besteetan, aldiz, protagonistak elkarrizketan baino erosoago senti zitezkeela-eta, horiek idatziz egin dute beraien bizipenen kronika. Horri guztiari erantsi dizkio toki desberdinetatik bildutako senideen testigantzak, prentsaurrekoak, elkarrizketak edo deklarazioak direla. Era honetara, ehun lekukotasun inguru aurkezten dira “Amaren etxea” liburuan.

1936tik hona, soka luze bat. 36ko gerra hartzen du abiapuntutzat Jokin Urainek, gaur arte iritsi den soka luze bati jarraituz. Alde batetik, Gerra Zibiletik gaur arte kasik etenik gabe euskal herritar es&bs;petxeratuak egon direla esan litekeela azaltzen du egileak, beste arrazoi bat gaineratuta: «Ohartu nintzen oraindik bazeudela bizirik Gerra Zibilean senideak espetxean izan zituztenak eta iruditzen zitzaidan haien ahotsa jasotzeko azken aukera ere izan zitekeela. Horregatik jo nuen haiengana eta ahots hori ere jasotzen da liburu honetan».

Senideen unibertsoa askotarikoa da, bizipen pertsonalak eta egoera bereziak markatutakoa. Aniztasun horren ispilu ere bada “Amaren etxea” eta, horrela, 392 orrialdeetan barrena, motxiladun umeak, desagertutako senideen testigantzak –Naparra edo Lasa eta Zabalarenak, kasu– eta torturaren sufrikarioa pairatu dutenen senideenak ere agertzen dira. Baita deportazioaren gaineko errealitatea ere, Cabo Verden hil zen Juan Ramon Aranbururen emaztearen testigantzarekin. Deportazioa ere nolabaiteko kartzela delako, Urainen hitzetan: «Urrutiko espetxea da; munduko txoko batean sartzen zaituzte eta hor zaude, espetxean egongo bazina bezala, deportazioari kateatuta». Bizipen desberdin horien artean, guztietan agertzen den elementu bat atzeman du egileak: Itxaropena. Urainek aitortzen du ez dakiela zein punturaino ote den erreala esperantzaren hauspo hori, baina «esperantza horrek ematen die senideei indarra aurrera jarraitu ahal izateko; epe motzean, epe motzean beti, baina inoiz galtzen ez den esperantza».

Kontatzeke zegoena. Mendea zeharkatu duen euskal preso politikoen senideen ibilbide luze honetan, gertakizunak kontatu ohi dira gehienetan. «Istripua izan dutela, edo harrikada eman diotela autobusari... baina familiaren angustiaz, egoerak irekitzen duen egonezinaz, etxekoa nongo espetxetan ote dagoen jakin gabe doazen tarte ilun horiek... hainbat egoerak eragiten dituzten sentimenduak agertzen dira liburu honetan. Honetaz oso gutxi hitz egin da gaur arte».

Urainek era honetan laburbiltzen du “Amaren etxea” liburuan agertzen diren ahotsen bilduma: «Epika baten kronika da –dio–, epika handi bat delako hainbeste urtez senide horiek asteburuz asteburu milaka kilometro etengabe egiten aritzea. Eta senide hauek, konstantzia horretan, etengabeko ibilbidean, militanteak direla esan beharra dago, astero azaltzen direlako bisitara, baina baita ere presente daudelako egiten diren enkarteladetan edo manifestazioetan...»

 

Ehun testigantza, ehun argazkitan. Liburuan bildutako 100 testigantzek horietako bakoitza eman duenaren argazkia daramate, senideak protagonista bihurtu baititu liburu honek. Bertan sufrimenduaren konstatazioa ere badagoela azpimarratzen du Urainek –«ez dute sufrimendua ukatu edo baztertu nahi»–, baina jasaten duten sufrimendu horren gainetik «nabari da konstantzia baterako konbentzimendua eta itxaropenak ematen duen bultzada hori».

Kartzelaren alde bat ezagutu du berak, barrukoa, eta bilduma hau egiterakoan ezer berririk aurkitu duen galdetuta, honela erantzun du Jokin Urainek: «Preso egon garenok askotan ez dakigu zer suposatzen duen senide konprometitua izatearen ardura hori. Ni senide ere izan naiz, semea kartzelan sartu zutenean, baina espetxean nengoen orduan. Kaleratu nindutenean, kartzelatik atera eta etxerako bidaian nentorrela, bide hura amaiezina egin zitzaidan. Orduan ohartu nintzen senideek bidaia hau egin zutela urteetan zehar eta, gainera, berriro itzultzeko hurrengo asteetan... Izugarria iruditu zitzaidan».

Sakabanaketaren zama ere ageri da liburuan. Sakabanaketa eta urrutiratzea senideentzat direla dio Jokin Urainek, «senideak zigortzeko asmatu den politika». «Azken finean –gaineratu du egileak–, kartzelan daudenak kartzelan daude; egon Cadizen edo Zaballan. Senideentzat da ezberdina oso. Beraien nekea areagotzeko asmatu da».

Fermin Munarriz editoreak nabarmendu duenez, liburu asko argitaratu dira kartzelari buruz, baina guztiak «barruko ikuspegitik». «Lehendabiziko aldiz, liburu honetan, kanpotik, senideen bitartez, kontatzen da kartzelaren itzala noraino iristen den. Horregatik uste dut balio historikoa ere baduela bilduma honek, orain arte, liburu formatuan, kontatu ez dena kontatzen baitu eta hamarkada hauek senideen ikuspegitik nolakoak izan diren erakusten duelako». «Bestalde –gehitu du– kontuan izan behar dugu kartzela barruko giza eskubideen urraketa asko eta asko ezagutu direla senideei esker, beraiek izan direlako urraketa horien bozeramaile, eta salaketa horren lehen lerroan kokatu dira beti».

Non epaitu gaituzte gu? Presoaren gertukoek pairatzen duten zigorra ederki adierazten duen esaldi bat atera du Jokin Urainek liburutik. Isidro Gabirondorena da eta galdera hau uzten du airean: «Non epaitu gaituzte gu eta non zigortu gaituzte gu hau jasan behar izateko?». «Senideak dira preso baten senideak direlako –erantsi du Munarrizek–; ez dute zigor judizialik jaso, baina ordaintzen ari dira jaso izan balute bezala».

Bukaerarako utzi dugu liburuari izena ematen dion “Amaren etxea” nondik norakoa. Egileak urteetako espetxe barruko ibilbide pertsonalean ikusi ahal izan duen moduan, asteburuero bisita kabinetara azaltzen direnen gehiengoa emakumeak dira. Amak dira bertaratzen direnak, edo emazteak eta alabak, edo neska-lagunak eta izebak. «Amarena, emakume guztien irudi bezala hartu nahi izan dut libururako, ama delako etxeko zutabeari eusten diona, eta kartzelako egoerak daudenean ere, paketeak, enkarguak, barruko eta kanpoko antolakuntza horretan aurpegia ematen duena ia beti bera da, emakumea. Baita atxiloketa edo egoera gogor horien aurrean ere; ama dago hor beti, lehen lerroan».

Edozein kasutan, gizonak eta emakumeak dira senide, eta senideen ikuspuntutik egina dago liburua. Beraiek izan dira, Asteroko editorearen iritziz, presoen eta herriaren arteko harremana mantendu dutenak. «Hamarkada hauetan ikusi dugu nolako saiakera egin den lotura hori deuseztatzeko; kate hori ez da apurtu eta hori ere senideek lortu duten zerbait da. Senideak dira presoaren eta herriaren arteko zilbor-hestea».

“Amaren etxea” liburua NAIZen webgunean eros daiteke jada internet bidez. Edozein kioskotan egin daiteke eskaera kupoi baten bidez eta abenduan Durangoko Azokara GARA egunkariak eramango duen produktu nagusia izango da, hutsune bat betetzera datorren “Amaren etxea” liburua.