Alaia Martin
IRITZIA

Hasi

Zikloak ziklikoak izanagatik eta biribilean itxiagatik, berriz gerta daitezen, berriz biribil daitezen garrantzitsua da biribilak itxiz joatea. Ixten jakitea, hasten bezala. Ixten jakiteko ausardia izatea, hasteko ausardia biltzea. Ixteko amaierako puntuak jartzea garrantzitsua dela uste dut. Horrek ez du esan nahi puntu horrek gerora jarraipenik izan ezin duenik eta betirako geratuko dela puntua umezurtz eta lehengo hitzetatik aparte.

Ixteko hilabetea izan da abendua eta hasteko hilabetea urtarrila. Bi hilabeteak dira luzeak, 31 egunekoak eta, hala ere, askotan kosta egiten zaigu ixten eta hasten, geratzen eta abiatzen.

Bizitzako esparru askotan ezin amaituz eta ezin hasiz ibiltzen garen sentipena daukat. Dela geure lantokian, geure aisialdiko apustu txikietan, geure gurasoekiko harremanean, geure lagunartean eta bestelako harremanetan.

Ez dut uste koldarkeria bakarrik izango denik arrazoia. Askotan zerbait amaitu dela ez baitugu amaitu den unean jakiten, askoz aurrerago baizik. Edo ez gara sekula ohartzen eta lehengoa zukutu nahian jarraitzen dugu. Batzuetan zikloa aldatzen da, modua aldatzen da, pertsona aldatzen da eta guk lehengo moduan eta lehengo pertsonari eskatzen diogu ezer den zerbaiti lehengoa izan dadin eta existitzen ez den errealitate baten neurriko erantzunak eskatuz itsutzen gara eta josten diogu gure kopeta hormari, alfer-alferrik.

Beste batzuetan amaitu dela jakinik ere hasteari izaten diogu beldurra, lur berriak zapaltzeari, lurpean ura, asfaltoa edo geu egongo ote garen ez dakigulako. Hasteari beldurra, eraikitzeari beldurra, eraikitakoak lehengoaren antza ez izatearen beldurrak identitatea ostuko baligu bezala edo eraikitakoa merezi dugun bezain ona izango ez den beldur txiki aitorrezinarekin.

Horrela gera gintezke bizitzen, existitzen ez den pertsona, adin-garai, egoera politiko, gatazka edo mehatxu baten magalean, urte luzez. Geu orain baino lehengo geu hura, lehengo eskeman hartu eta orainaldian itsatsi ahal balitz bezala. Puzzleko piezak indarrez sarraraziz eta lehengo paisaia hondatuak erreproduzitzen saiatuz.

Ixteari beldurra kendu behar genioke, hasteari beldurra neurrian izan. Itxitako ia guztia birzabaldu bailiteke eta hasitako guztia desegin. Komatxo eta koma artean bizi baino puntuka biziko bagina gehiago biziko ginateke. Hiru puntu eta guzti batzuetan, baina puntuak puntu bakan direnean ere, beren biribiltasunean perfilatuz.

Hitz emateari beldurra kendu, hitza ez betetzeari bezala, hitza eman eta gero berriz hitzaren bila joan eta beste bat emateko gaitasuna landu behar genuke, agian.

Karpetak ixteko urtea opa dizuet. AZ-tan uztaia zabaldu eta itxi eta paperak eta paperak bilatzen joan beharrean, karpetak ixtea eta zabaltzea. Hasteko amaitzea eta hastean ez dela ezer amaitzen gogoratzea.