amagoia mujika
IRITZIA

Garbitu

Ez omen zen ezertan nabarmentzen, ez matematikan, ezta futbolean ere. Oharkabean pasatzen zen haurra omen zen. Horregatik, sei urte zituela bere irakasleak «berezi» sentiarazi zuenean kontentu jarri zen, aparta sentitu zen bizitzan lehen aldiz. Eta nola berezia zen, besteengandik apartatu eta gela ilun batera eramaten zuen. Mina egiten zion, min handia. Baina, lagunarteko sekretuak omen. Egunero maindireak odolez zikinduta esnatzen zen. Eta amak garbigailuan sartzen zituen, isil-isilik, maindireak garbitzearekin bat seme txikiaren zauriak, urduritasuna, egonezina zurituko zirelakoan. Geroztik berrogei urte pasatu diren arren, zauriek hor segitzen dute, zornatuta. Eta, batzuetan, gutxi batzuetan, egun on bat izaten duela eta «pertsona normala» dirudiela esaten du poz arraro batekin.

Azken egunotan entzuten ari garen haurren kontrako eraso sexualen berriek aztoratuta naukate, amorratuta. Eliza gora eta eliza behera, kasik imajinatu dezaket erasotzaile horien usain garratza. Belusezko gortinatzar horiek ezkutatzen duten usain sarkorra eta beldurgarria.

Apaizen eta mojen inguruan egin izan diren txiste ilararekin akordatu naiz. Txisteek errealitate gogorrenak jasangarri egiten laguntzen dute askotan. Alegia, gutxi edo gehiago, denok genekiela zer gertatzen zen Elizaren inguruko zoko batzuetan, baita Elizak berak ere. Ez du lan gutxi egin zikinkeria hori dena tapatzen.

Zelibatuak omen dauka errua. Tira, ez da sexualitatea bizitzeko dagoen modurik sanoena, ezta urrundik ere, baina norbait erasotzerakoan sexu gosea baino grina ilunagoak daude atzean. Boterearen erabilera maltzurra dago, batez ere. Elizgizona aukeratua sentitzen da, inguruan estatus berezi bat duen pertsona pribilegiatua. Akaso, garai batean nabarmenagoa zen hori; alkatea, medikua eta apaiza aparteko maila batean zeuden garaian. Baina botere harreman hori baliatzen du babesgabe dagoenari erasotzeko eta biktimaren isiltasuna ziurtatzeko. Nola salatuko du hainbesteko prestigioa daukan hori?

Nazka handia ematen dute horrelakoek. Tristura ere bai, harritu, ez gaituztelako askorik harritzen. Aurrekoan apaiz bati entzun nionez, «lan handia daukagu etxea garbitzen, baina ondo garbitu beharra dago». Ea oraingoan egia den.

Ostiralero auzoko eliza garbitzen dute adineko emakume batzuek, borondatez. Grinatsu eta arretatsu aritzen dira bazterrei distira ateratzen. Zergatik? Beti horrela egin dutelako, eliztar zintzoak direlako eta bene-benetan sinisten dutelako Elizak on besterik ezin duela egin. Penaz begiratzen diet. Horiek ere merezi dute Eliza garbia, gardena eta pederastarik gabea.