GALDER PEREZ
IRITZIA

Luma beltzak

Txoria euskal kulturaren ikurretako bat da. Hamaika kantu, olerki eta ipuinetan agertzen zaigu animalia lumaduna. Susmoa dut, ordea, txoriei luma lotsaz ezkutatu izan zaiela beti. Bihar hastekoa den Zinegoak Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak, “Lumaz harro” lelopean, lumari gorazarre egin nahi dio; luma adierazteko modu bezala, luma sentitzeko modu bezala, dibertitzeko, negar egiteko, dantzatzeko, hegan egiteko eta geure buruaz beste egiteko luma.

Esamoldearen jatorriaren bila bidaia abiatuz gero, indioilarraren sexu itxuraren bariazioarekin egiten dugu topo. Indioilar hain dotore, koloretsu eta jostaria. Beste batzuek, antzokietako vedetteekin konektatzen dute lumaren terminoa. Morbosoenak, berriz, armadari begira jartzen dira, italiar soldadu faxista batzuek kaskoan luma baitzeramaten, arma, tiro, pum! Nik nahiago, besterik gabe, lumaren dotorezian, hauskortasunean eta lurrunkortasunean pentsatu. Horrek hegan egiteko gogo handiagoa ematen du. Borrokarako hegan, adibidez. Luma, jarreraz gain, dibertsioaz gain, borroka ere badelako, inposatutako maskulinitate ereduari aurre egiteko itxura, dantza eta berbakera. Gero eta politagoa suertatzen zait «ez dut zure modukoa izan nahi» esaldia. Batzuei zenbat min ematen dien hori entzuteak eta zenbat barregura guri.

Gure usadioa, ordea, erabat lumatua izan da beti. Ez da hain erraza euskal lumadun erreferenteak topatzea. Gaztetxoen artean modan dagoen euskarazko telesailak sexu berekoen arteko harreman afektiboak sartu ditu azkenean. Baina mariketako bat friki antzean irudikatu dute eta bestea, berriz, nerabe gihartsu eta guapo gisa erakusten dute. Nerabeen arten luma edukitzea gaizki ikusita badago, ustezko helduen artean zer izango da, bada? LGTB kolektiboaren baitan ere, Yogurinha Borovak hain ongi abestu zion bezala, ohikoegia da lumafobia. Ai, ene maritxu, berriz ere konplexuak eta zentsurak. Ez dezatela pentsa eroak garenik, mesedez! Jende serioa gara oso. Kar-kar! Ze aspergarria eta hutsa den Seriotasuna. Cortazarrek zioen bezala, kasu gehiegi egiten zaion andere panpox gogaikarria da Seriotasuna.

Idazteko luma erabiltzen dutenen artean ere gehiegi ezkutatzen dela dirudi. Kostatzen da letren artean lumarik aurkitzea. Erantzuna, beharbada, gure hiztegi serioek dute. Euskaltzaindian terminoa aurkitu ez dugun bitartean, erabiliena omen den hiztegian hara zerekin egin dugun topo: «Luis tiene mucha pluma; no puede negar que es gay». Tira, askotxo esatea da; izan ere, bada marika ez den lumadunik. Eta, adi ondorengo esaldiarekin, itzulpena egin nahi duenarekin, hain zuzen ere: «Luisek emakume-taxu handia du». Kito! Luma emakume kontua dela esaten ez digute ba! Eta borobil bukatu dute euskarazko esamoldean ere: «Ezin ukatu bere gay-izaera». Dena esan zuen kantuak: «Azkenian atzeman düt oi, bena tristeki, lumarik eijerrena beit zaio erori».