Karine Albertazzi
MUNDUARI BEGIRADA BAT

Landareen adimenaren misterioa

Duela hamarkada batzuk, ikertzaileek mahairatu diguten galdera lelokeriatzat joko lukete. Landareek ba al dute adimenik? Galdera ez da hain zentzugabea, ordea, eta hainbat behaketa eta saiakuntzaren ondorioz zalantzak sortu zaizkie, landareek orain arte abereen munduari espresuki lotutako hainbat ahalmen badituztela egiaztatu baitute. Ongi etorriak landareen «burmuinera».

Grabitatea, haizea eta kokalekua sentitzeko ahalmena dute. Hori egiaztatu dute oraingoz, bederen, zientzialariek. Estatu frantseseko erdialdean dago INRAren (nekazaritzako ikerketarako institutua) egoitza nagusia, zehazki, Okzitaniako Clermont-Ferran hirian. Zientzia-fikziozko film bateko dekoratuan gaudela iruditu zaigu bertan barneratu garenean, are gehiago bat-batean Bruno Moulia ikertzaileak 90 bat neonez elikatutako argi itsugarriko esfera baten baitan nartziso bat jarri duenean. Etzanda jarri du, horizontalean, eta metalezko arku batek eusten dio erdian. Argi-bola hori ixten denean, nartzisoak dantza dibertigarri bati ekingo dio. Espazio-ontzi baterako aproposa dirudien egitura oktogonal honen barnean ez dago beste argi iturririk, kanpoko egoeratik erabat isolatuta dagoelako. «Alde guztietatik argi hau jasotzean, landareak ezin du jakin non dagoen goiko aldea eta non behekoa, baina gorantz joko duela ikusiko duzue, grabitatea sentitzen duelako», argitu digu Mouliak. Zuhaitzen Egoera Aldakorretako Fisika eta Fisiologia Integratzailearen ikerketa taldearen zuzendaria da bera. Landare txiki hauen bitartez, esaterako nartzisoak, zuhaitzak ikertzen ari dira.

Baina grabitatea ez da hauengan eragina duen elementu bakarra. Mouliak gidatzen duen taldeak gizakioi bakarrik zegokigun beste esanahi bat aurkitu zuen; propiotzepzioa, hau da espazioan bere gorputzaren itxura hautemateko gaitasuna. Beste esperimentu batean, zientzialariek xanporaren antzeko landare bat –Arabidopsis thaliana, landare xume hau organismo eredu gisa erabiltzen da Biologian– jarri zuten horizontalean eta gero biratu egin zuten, behin eta berriro, grabitatearen eragina nabaritu ez zezan. Eta zer gertatu zitzaion? Landaretxoa artez-artez hazi zela. «Zuhaitzak badaki zuzen edo okertuta dagoen, eta aldatzeko ahalmena dauka, baita bere oreka kontrolatzeko ere», dio nekazaritzako fisikariak. Are harrigarriagoa da aipatu digun hurrengoa kontua: landareek ukimenaren zentzumena dutela. Abiadura desberdinetako haizearen eraginpean jarri zituztenean, haizearen indar desberdinak ondo baino hobeto ezagutzen dituztela ohartu ziren ikertzaileak. «Ezohiko haize kolpeen aurrean zuhaitzak bere hazkuntza aldaraziko du; ez da gorantz haziko, zabaletara handituko da eta sustrai gehiago sortuko ditu», dio Bruno Mouliak. Esaterako, makal gazte batzuen enborretan ezarritako elektroiei esker, haizeteak zuhaitzak makurrarazi zituenean, haien erantzun elektrikoak jaso ahal izan ziren... eta gizakiongan “nerbio-bulkadatzat” hartzen direnen antzekoak erregistratu zituzten. «Den-dena landareen memorian jasota gelditzen da. Zenbat denborarako? Aste bat edo urte bat, ez dago jakiterik».

Aristoteles oker al zebilen? Baina landareak eta, hortaz, zuhaitzak, hain adimentsuak al dira? Zientzialarien komunitateari galderak zenbat gai deseroso sorrarazten dizkio. «Informazio ugari batzen dute zuhaitzek, eta informazio horrek erreflexu hutsak baino gehiago adieraz dezake... baina horrek adimena dutela esan nahi al du?», galdetzen dio bere buruari zientzialariak. Beste ikerketa batzuen arabera, zuhaitzek doinuak eta usainak hauteman ditzakete, baita ondoan dituzten landareak ezagutu eta haiekin komunikatu ere sentsore batzuen bitartez. Misterio honi erantzunak bilatu nahian, eta landareek duten «burmuinik gabeko adimena» ikertzeko ahaleginean, INRA adimen artifizialeko ikertzaileekin batera ari da lanean gaur egun. Zientzialari komunitatearen baitan, orain arteko eszeptizismoa baztertuta, gaiak bide berriak zabaldu ditu. «Hasieran zoratuta geundela uste genuen... baina belaunaldiarteko eragina sumatu dugu, eta gure ikasleak txundituta daude gai honekin!», dio irribarre batekin Bruno Mouliak. “Avatar” filmaren eragina seguruenik (James Cameronek zuzendutako lan arrakastatsua), baita landareekiko sentsibilitate berrituarena ere, planetaren etorkizun kezkagarriak sortzen duen interesaren seinale. «Ikerketa hau zapuzten ari da Mendebaldeko gure zibilizazio honek marraztu duen hesia; hau da, Aristotelesen garaitik indarrean zegoen banaketa hura: alde batetik, abereak, sentiberak eta mugimendu aktiboa izateko gaitasunarekin; eta bestetik, landareak... landare gisa bizitzeko gaitasuna besterik ez zutenak. Landareak etengabe mugitzen ari dira, baina beraien erritmoan, gu baino erritmo lasaiagoan».