Andoni Urbistondo
ENEKO ETA IKER POU, sokada BAKARREAN

SOKAREN ANAIAK

Haitzei, mendiei, sokei, eskaladari, abenturari itsatsita bizi diren bi anaia gasteiztar dira Eneko eta Iker Pou (45 eta 42 urte, hurrenez hurren). Sokada bakarra osatzen dute, eta hogei urte pasa daramate gazte-gazte zirenean amestutako bidea egiten: eskaladatik, menditik, bizitzen saiatzen. Antzera segitzen dute bi hamarkada geroago, munduko txokoak bisitatuz, beren balentriak kontatuz. Mallorcako Serra de Tramuntana haitzetan aurkitu dute euren paradisu partikularra, Euskal Herriko eguraldi petraletik ihesi. Baina Euskal Herria ahaztu gabe, sarri bueltatzen baitira txokora. Alaro herrian eskaladaz hitz egiten dute gutxien, eta bizitzaz asko: beldurra, arriskua, zirku mediatikoa, heriotza, erretiroa eta familia bat sortzeko aukera izan dituzte ahotan.

 

Euskal Herrian, eguzkia eta 20 gradu. Mallorcan euria eta 9 gradu. Mundua aldrebes. Serra de Tramuntana mendikate dotoreko haitz eta gailurrak estaltzen ditu lainoak, baina «eguraldi txarra ez da arazoa hemen». Eneko Pouren hitzak dira, Alaro herriko taberna batean. Hamar urte daramatzate uhartean. Joan ziren behin, bertako haitzetan eskalatzera… eta maitasunak lotu ditu azken urteetan uhartera. Eneko, Alaron. Iker, Son Sardinan, Palma hiriburutik gertu: «Menditik gertu, biak. Oinez joan gaitezke eskalatzera».

Gasteizko rokodromoan eman zituzten lehen pausoak, irakasle lanetan, baina zirrikiturik txikiena baliatzen zuten opor luzetxoak hartu eta haitzen batean eskalatzeko. 2000. urtean panorama aldatu zen arte. Ikerrek “Action Directe” bide ezaguna kateatu zuen (9a graduko historiako lehen bidea), orduan munduko bide zailena zena. Eneko Annapurnatik bueltatu berria zen Juanito Oiarzabalek zortzi mila metroko mendi hartan egin zuen taldeko kide gisa, «eta anaia eta biok buruari bueltak ematen hasi ginen, ‘7 Kontinente 7 pareta’ proiektua gorpuztu zen arte. Profesional bilakatu ginen, pixkanaka, eta gaur arte».

Dozenaka igoera eta hainbat bide berri etorri dira bi hamarkadetan, baina hasiera hartan ez zuten pentsatzen bidea hainbeste urtetan luzatuko zenik. «Ez, ez, inola ere ez. Urtero gabiltza babesle edo laguntzen gaituzten etxeekin kontratuak berritzen, gauza erakargarriak bilatzen». Antzera daude orain, borrokatzen. Ez baitakite noiz arte egon daitezkeen kontu honetan: «Batek daki, igual hamar urte gehiago. Bi baldintza bete behar dira, derrigor: fisikoki indartsu mantentzea, motibazioa badaukagulako, eta bigarrena, babesleei eustea. Horiek galtzen baditugu, jai dago».

Egun, The North Face arropa marka da bi anaien babesle nagusi bakarra. Red Bull ere izan zen, 2016 arte. Babesleez gain, euren bidaien proiekzioak han eta hemen erakusten ateratzen dute jornala. Dirurik ba ote dago eskaladan? Enekoren erantzuna: «Hertzainak taldeak esan zuen aspaldi euskal rock-and-rollak ez zuela dirurik ematen, ezta? Guri ondo joan zaigu, eta eskaladari esker bizi gara. Euskal Herriko babeslerik gabe, gainera». Enekok zehaztu du ez duela hori kritikatzen, errealitate jakin baten berri eman baizik.

Hemen, gurasoekin, Monte Perdidon. Bertan hasi zen anaien benetako abentura.

 

Aitona Menorcakoa zen. Eta zergatik Mallorca? Eta ez Katalunia edo beste tokiren bat? Ikerrek garbi dio: «Egun, gure bikotekideak bertakoak direlako». Etorri zirenean, baina, ez zituzten ezagutzen. Sakonago, arrazoiak: «Leku itzela da entrenatzeko, lasaia, eguraldi onekoa Euskal Herriarekin alderatuta. Egun asko haitzean, arrokan zintzilik ematen ditugu, eta uhartea Europarekin oso ondo komunikatuta dago hegazkinez; Gasteiz baino askoz hobeto. Oso eroso bizi gara». Enekok beraientzat garrantzitsua den xehetasun bat eman du: «Fokutik kanpo gaude hemen gaudenean. Kirolari batentzat oso garrantzitsua da hori. Distantziak lagundu digu, zentratzen».

Istorio kosmiko bat ere ba omen dago, poutarrek Mallorcarekin dutena. Euren aitona Menorcakoa zen jatorriz, eta Espainiako Gerra Zibilean errepublikanoen bandoan borrokatu eta Bilbora deportatu zuten. «Han egin zuen bizitza gero». Amaren aldetik Azkarraga dira, «oso euskaldunak. Agian hemen errotu gara erroren bat dugulako».

Gasteizekin asko gogoratzen dira, noski: «Bai, nola ez. Lagunak, familia…». Arabako hiriburuko negua ere ondo gogoan dute, ordea: «Gogorra da, eta hemen ia egunero ikusten duzu eguzkia, entrenatzeko gogoa sartzen zaizu, eta hori ez dago Gasteizen. Hemen jendea kalean bizi da, eta arratsaldero 6-8 laguneko taldea elkartzen gara eskalatzeko. Eta eskalatzen bukatzen duzunean, erraza da pote bat hartu edo elkarrekin afaltzea. Familia handi bat gara, eta giro ona dugu».

Enekoren esanetan, Euskal Herrian erritmoa «aleman samarra» da: «Jendeak astelehenetik ostiralera lan egin eta etxera joaten da, askok seme-alabak dituztelako. Hemen giroak Mediterraneoko kutsu handiagoa du, kale giroa agerikoa da, jendeak lana bukatu eta kalean egon nahi du. Gure inguruko jendea nahiko hippya da, eta ez du etxea edo auto bat erostea pentsatzen. Euskal Herrian agian bai. Jendeak dio Euskal Herrian bezala inon ez dela bizitzen, baina Mallorcan ere ez da gaizki bizitzen. Eta eguraldi ona sekulako altxorra da. Egun bakarrean, asko mugitu gabe, egin dezakegu lan pixka bat, korrika saio bat herritik gertu, arratsean eskalatu eta ondoren Alcudia herrian bainu bat hartu, eguraldia ona edo txarra izango den arduratu gabe. Non ziurta daiteke halako zerbait? Euskal Herrian ez…».

Lauzpabost hilabete egiten dituzte Mallorcan, azarotik apirila-maiatza arte. Beste heren bat Gasteizen, gutxi gorabehera, eta geratzen dena, ba Norvegian, Afrikan, Perun, Antartikan edo tokatzen den paraje galduren batean. Tramuntanako haitzetan dabiltza orain, egurrean, baina Norvegian hiru aste eman dituzte izotz eskaladan. Eta joan den udazkenean euren kirol ibilbideko mugarria jarri zuten, Patagoniako Fitz Roy mendigunean “Haizea” bidea irekita.

Modu alpinoan igo zuten –hasi eta bukatu saiakera bakarrean, bibak-a egiteko bitartekorik eraman gabe–. Horma oso okertua omen, (7b /+/60°/550 metro). Fitz Roy mendiguneko Aguja de la S hormako haitza «ona da, elegantea, polita, gozatu genuen ikaragarri. Agian hamar urte atzera, ez geneukan horma hau igotzen saiatzeko maila, ezagutza. Indarra, agian bai, baina esperientzia ez. Eta orain esperientzia daukagu».

Pico Urriellu edo Naranjo de Bulnes gailurrean, «Orballu» bidea librean eskalatu ondoren, pozarren.

Esperientzia kemenaren gainetik. Esperientziaren harira hau esan du Enekok: «Gaztea zarenean bete-betean zaude fisikoki, baina esperientzia gutxirekin. Esperientzia hartzen duzunerako, indar fisikoa apaltzen joaten da, erretirorako bidean, 40 urterekin edo. Gure artean beti hitz egin dugu indar hori mantentzeko grinaz esperientzia on hori iristen zenerako. Esperientziak asko balio du mendian eta eskaladan. Horri esker gabiltza gure mailarik onenean, pilatutako esperientziagatik».

Eta noiz arte, egurrean? «Nork daki… Alor fisikoak eta motibazioak irauten duen bitartean. Eta oraindik indartsu sentitzen gara. Buruak agintzen du. Asko entrenatzen gara, baina onartua dugu dagoeneko ez daukagula 26 urte genituenean geneukan indar fisikoa», dio Ikerrek. Orain aktibitate bat egin eta atseden tarte luzeagoa behar omen dute, berriro ekin aurretik. Jende gaztearekin aritzen dira eskalatzen sarri, eta «haiek gu baino indartsuagoak dira, baina haitzean ni hobeto ibiltzen naiz. Esperientziak agintzen du».

Esperientzia horrek laguntzen die erretiroan sobera ez pentsatzen: «Zerbait egingo dugu. Ez dakit, jendea eskalatzera eraman, irakatsi… Jendeak galdetzen digu ea B planik badugun, eta gure erantzuna sinplea da: A planarekin jarraitzea. Erretiroan pentsatzeak daramagun bidetik atera gaitzakeela uste dut. Alegia, horretan ez pentsatzea onena. 45 urte egin berri ditut, eta ez naiz jabetu ere egin. Zerbait egingo dugu, lasai. Kamerarik gabe, Instagram-eko istorioak kontatu gabe… Ez daukagu batere arazorik podiumetik jaisteko», bota du Enekok. Beraien kirol ibilbidean zintzotasunez jokatu izanaren balioa nabarmendu du anaia zaharrenak: «Uste dut ez garela handinahikeriaz jardun inoiz, ez dugu ezinezko erronkarik saldu. Zintzoak izaten saiatu gara beti, zer egin nahi genuen, nola eta beste».

Irin guztiak ez dira zuri. Ez pentsa dena nahierara ibiltzea denik, halere. Poutarrek beraien produktua saldu behar dute, eta ez dute ez prentsa arduradunik, ezta managerrik ere. Alegia, beraiek arduratzen dira jendeari zer egiten duten erakusteaz. Izan Twitter edo Instagram sare sozialen bitartez, izan elkarrizketen bitartez edo euren web orrian ikus daitekeen “Be Free” aldizkari digitalaren bitartez. Ikerrek, azalpena: «Hiru kide gara, bi anaiak eta Jordi Canyigueral katalana. Pelikulen muntaketa lanak, grabazioak eta beste egiten dizkigu Jordik, guk espedizioetan grabatutako irudiekin. Bera ere etortzen da gurekin, batzuetan. ‘7 pareta 7 kontinente’ proiektua bukatu genuenetik berarekin gabiltza. Enekok Twitter eramaten du, eta Instagram bion artean. Lan handia suposatzen du, ze mila galdera, interakzio ditugu. Bidaiak antolatzea ere ez da lantegi erraza, urte osoa hara eta hona gabiltza eta».

Enekori ere neke puntu bat sumatzen zaio jardun horretan. «Astero dozenaka gauza eskatzen dizkigute: poster bat, idatziren bat sinatzea, bideo bat egitea ez dakit norentzat, emanaldiak antolatzeko posta elektronikoak… Enkargu asko astero. Goizero bizpahiru ordu ematen ditugu zeregin horiek betetzen, entrenatu edo eskalatzera joan aurretik. Eta astelehenetik igandera». 30 bat emanaldi izaten dituzte urtero, asko Euskal Herrian, «eta oso eskertuak gaude jendea gurekin gogoratzen delako».

Anaien artean dena harmonia ote den galdetuta, ezezkoa bueltan: «Une gogorrak izan ditugu, jakina, baina konpondu gara. Txalupa toki berera doa. Oso ondo ezagutzen dugu elkar», esan du Ikerrek. «Ni beroa naiz, demonioa daukat barruan, eta Enekok lasaitasun handiagoz aztertzen ditu gauzak. Lasaiegi, batzuetan», esan du barrez.

Hogei urteko bidean harroen zertaz ote dauden ez dute garbi. Enekok “7 Pareta 7 Kontinente” proiektua (2003-2008) aipatu du. «Batez ere oso gazteak ginelako, eta enpresa askok lortzen ez dutena lortu genuelako: proiektu bat burutzea». Ikerrentzat, aldiz: «Kirol eskaladan bide berriak irekitzea. ‘Artaburu’ bidea ireki izana sekulakoa izan zen» (Margalef, Katalunia, katalogatu gabea, aurretik egin dituen 9a+ guztiak baino zailtasun handiagokoa, 2018ko abenduan egina).

The Joshua Tree Parke Nazionaleko The Pencil eskalada gunea.

«Alpinismoa ezin da zortzimilakoetara mugatu». Eskaladan dira trebeak Pou anaiak. Ez 8.000 metroko mendietan. Eta onartzen dute, 8.000 metroko mendietan ibiltzen direnak egurtu gabe, alpinismoa 8.000 metroko mendiak baino askoz gehiago dela azaltzen saiatzea dutela helburu. Iker: «Gauza asko daude interesgarriak 8.000 metrotik behera. 8.000 metroko mendi bat bide normaletik igo eta ezer ez aportatu baino nahiago dugu mendi txikiago bat egin, bide berri batetik». Hori esanda, «orain ez daukagu mailarik 8.000 metrora ekarpenen bat egiteko», aitortu du. Enekok ere aitzindariak izan direla uste du. «Gure garaian mendizale profesional bakarrak 8.000 metroko mendietara joaten ziren, eta guri esker aberastu egin da mendizaletasuna. Errespetatzen ditugu hautu hori egin dutenak, baina ez da gure bidea. Eta zortzimilakoen sukar hori apaltzen joango da, denborarekin, diru publikotik edan duten espedizioak direlako ia erabat, eta diru iturri hori agortzen ari delako».

«Agortu» dio, arrazoibide honekin: «Nik ez dut nahi bi hilabete kanpamentu batean egon, eguraldi ona edo txarra datorren zain. Uste dut jendeak nahiago duela aste bat edo biko irteerak egin, Andeetara, adibidez. Askoz erosoagoa da, eta askoz merkeagoa. Mendizaletasuna demokratizatu egin dela esango nuke. 8.000 metroko mendiak 1950 eta 1964a artean konkistatu ziren. Pasa dira urte asko. Egun, dauden bitartekoekin, 8.000 metroko mendi bat igotzea ez da balentria bat. Pertsonalki erronka ikusgarria dela? Ados, baina bestelakoan ez».

K2a da neguan igo gabe geratzen den zortzimilako bakarra, eta Nanga Parbatek ere beretzat gorde ditu Nardi eta Ballarden hilotzak betirako. Konkistarako grina hori lehiaketa huts bezala ikusten dute poutarrek: «Errusiarrak, poloniarrak… Nahiago dut 5.000 edo 6.000 metroko mendi ezezagun batera joan, eta gu eta gure lagunak elkartzea. Zirku horretan barneratzen bazara, zirku hori gustatu behar zaizu», esan du Ikerrek. Enekok normaltzat jotzen du, ordea, «neguan oraindik igo gabe dagoen azken zortzimilakoa delako. Ulertzen dugu mendizaleek lehena izateko grina izatea, eta Alex Txikon lehena bada, ba hobeto. Baina buelta daitezela bizirik, horrek balio du benetan».

Txanponaren beste aldean, zortzimilakoetan ibiltzen direnek Alex Honnold-ek Yosemiteko Captain-en egin zuen sokarik gabeko igoera ere zirkua dela pentsa dezakete. Ezetz dio Enekok: «Aktibitate hori ez da zirkua, izugarria baizik. Historia osoko aktibitate onenetakoa da, onena ez bada, alpinismoa zaku horretan sartuta. Futurista da. Zirkua estatubatuarrek muntatu dute, ados, baina zirkuak muntatzen munduko onenak direlako, eta badakitelako nola muntatu. Guk bide hori egin dugu, eta mutil bat sokarik gabe ikustea… Guk sokarekin, bi edo hiru luzetan, gorriak pasa genituen. Honnold 3-4 urtez aritu da igoera prestatzen».

Ikerrek ere bere iritzia eman nahi izan du: «Hortik soka gabe igotzea, beldurrari halako desafioa eginda, izugarria da. Seguruenik ez du inork errepikatuko urteetan. Jendeak pentsa dezake Honnold zoro bat dela, baina ez da horrela. Azkarra da, asko kontrolatzen du. Eskaladako fanatikoa da, eta solo asko egiten ditu egunero» (solo eskalada soka, arnes eta beste babesik erabiltzeari uko egiten zaion eskalada teknika da).

Honnold, Ueli Steck, Kilian Jornet… beti heriotzaren mugan. Zergatik jokatzen ote dute horrela? Iker: «Pasioagatik. Ez dut uste diruagatik egiten duenik, ez baitago diru kopuru nahikorik bizitza bera arriskuan jartzea merezi duenik. Muturreraino eramatea euren gaitasuna, hori da euren erronka. Honnold-ek badaki ez dela eroriko. Lortzen du halako egoera mental bat, non kontrolatzen duen ez dela eroriko». Enekorentzat Honnold jenio bat da, «eta jenio bat delako egiten du egiten duena. Berak ez du heriotzan pentsatzen, hori pentsatzen baduzu ezin duzu halako paretarik egin».

Psychobloc egiten Mallorca hegoaldeko kostaldean, udako egun beroetan.

«Ezin da beldurrez eskalatu». Beldurra eta eskalada ez omen dira bidaia-lagun onak. Iker: «Guk ez dugu beldurrik izaten, normalean. Beldurra baduzu, ez duzu eskalatzen, beldurra panikoaren atarikoa baita». Eta heriotzaz zer? Sumatu al dute arrisku hori noizbait gertu-gertutik? Iker ausartu da: «Izan genuen pasarte bat, bai. Antartikan, rappel txar bat Zerua Peak gailurrean, ‘7 Pareta 7 Kontinente’ proiektuan. Haitza txarra zen eta rappel asko egin behar ziren. Eneko jaitsi zen. Ni zintzilikatu nintzenean, 400 metroko zuloa nuen hankapean, eta zintzilikatu nintzenean bilera guztiek salto egin zuten. Fisurero batetik zintzilikatuta geratu nintzen, justu-justu. Haitzari heldu nion, 15 gradu zero azpitik, mendiko botak, izerditan blai, mazoa Enekok zeukan beherago, eta bi giltza sartzen saiatu nintzen, giltza horiek izoztua zegoen ur potoarekin kolpekatuz, eskuak izoztuta nituelako. Jaitsi nintzen, nola edo hala».

Jaitsi zirelako dauzkate oinak lurrean, denbora librea dutenean itsasoaz gozatzen eta surf pixka bat egiten dutenean bezalatsu. Eskalada maite dute, eta ari direla Soziedad Alkoholika taldearen musika entzuten du Ikerrek. Musika kontuetan lasaiagoa da Eneko, eta Doctor Deseoren abestiak hautatzen ditu lasaitzeko. Tarteka, Ikerrek familia bat sortu edo ez hausnartzen du Neus bikotekidearekin. Eneko eta Dalila bikoteak ez du halako asmorik. Familia bat sortzeko kontuan baino, burua, ia beti bezala, hurrengo bidaian dute jarrita. Badakite nora joango diren, baina ez dute zehaztasun askorik eman. Irakurlea jakin-minez uzten haitzetan gora bezain trebeak baitira! «Himalaia aldean izango da, ezusteko polit bereziren bat…». Jasoa geratzen da!