19/05/2019

Alaia Martin
Dolua
Ez diot harreman guztiak salba daitezkeenik eta ez denik aski egiten haien iraupen karratuaren alde. Esan nahi dudana da harreman asko amaitzen direla harremanak aldatzen direnean.

Dolua» hitz estua eta iluna da. Hitzak ongi adierazten du dolua zer den. Hitzaren tripetatik azalera joanez gero; «dolua» hitza esatean aurpegia belzten da, ezpainek harridura, tristura eta haserre keinua hartzen dute. «Algara» esatearen aurkakoa da «dolua» esatea, aho keinuari dagokionez. Dolua esatea denbora esatea da, bidea esatea da, kontraesana esatea da, amaiera esatea da eta hasiera esatea da. Argi litekeen hitz bat da dolua. Pertsona baten heriotzaren dolua harreman haustura batenarekin alderatzea alde handiko bi gauza alderatzea dela jakinda, alderatzeko moduko mugarri batzuk badauzkate. Askoren arteko teoria baten arabera, doluak bost garai edo mugarri bizitzea eskatzen du: ukazioa, haserrea, negoziazioa, tristura eta onarpena.

Harremanen hasieran informazio, begirune eta interes truke bat egoten da eta ezagutza prozesu bat abiatzen da. Eraikuntza garaia izaten da; zalantza garai bat, goma garai bat, zenbateraino zabaldu eta itxi asmatzeko eta neurtzeko aro bat. Hasierek jarraipenera eraman gaitzakete ala hasieran gera gintezke, izan zitekeenaren zaporea probatu gabe. Hasierak negoziatuak izaten dira, arau jartzaileak edo kentzaileak eta urguriak. Lehen eztabaidak dardararazi ditzake, baina dardara gaindituz gero hotzikaren garaia hasarazten du lehen tenkaldiak. Harremanek jarraipena izan dezakete eta eraikuntza etengabe horretan bide egin; tarteka leihoren bat zabaldu edo arrakalaren bat estali edo tximinia piztu behar izaten da, edo ateren bat bota edo sofa handiago bat erosi edo sukaldean irratian altuago jarri, baina eraikuntza garaia da jarraipena. “Garabi” garaia. Bi izan eta kode bakarrean hitz egiteko saiakera egiten da garai horretan, batzuetan hitzek hegan egin eta komeni bezala jausten dira loreontzietan, besteetan adreiluak bezala erortzen eta hesitzen dute harremana eta beste batzuetan ez dago hitzak altxatuko dituen garabirik. Orduan hasten da jarraipena amaitzen, ziurrenik.

Harremanak amaitu egiten dira askotan. Aldatu esan nahi nuke, baina amaitu ere amaitzen dira batzuetan, aldaketa onartzeko gaitasunik edo borondaterik ez denean. Harreman asko amaitzen dira aldatzen ez direlako. Ez diot harreman guztiak salba daitezkeenik eta ez denik aski egiten haien iraupen karratuaren alde. Esan nahi dudana da harreman asko amaitzen direla harremanak aldatzen direnean. Harreman kodea, arauak eta egunerokoa aldatzea erabakitzean harremanak amaitu egiten direla askotan. Horregatik esango diogu askotan “uztea” harreman baten forma jakin bat amaitzeari. Utzi egiten ditugulako edo gaituztelako pertsonek. Utzi, hartu izan bagintuzte bezala eta utzi, berriz zer eskainirik edo jasorik ez bagenu bezala.

Hasi eta jarraitu elkarrekin egindakoek, batera borrokatutakoek eta etsitakoek utzi egiten dute elkar. Ez dut esaten distantzia ezinbestekoa ez denik eta aldaketak onartzeko irudikatu egin behar ez direnik, gezi eta iruzkin azalgarri aseptiko eta guzti, baina interesgarria litzateke dolu prozesua ere partekatzea. Beharbada, haustura elkarlanean ukatuz onartzea, elkarrekin bezainbeste prozesuarekin amorratzea, urguilua deseraikitzea, errelatoa adostea, tristatzea eta gero elkarri era barean begiratu eta harremantzeko modu berria onartzea ez litzateke txarra.