19/05/2019

JOKIN URAIN
Zoroak
Nola ez bururatu, Praileaitzetik pasatzean, agian tribuko zoroa zela koba horretan bizi zen xamana, ibai bazterrean harriak bilatu, aukeratu, jaso eta haiekin pazientzia eta konstantzia ikaragarriz lepoko dotoreak egiten zituena. Gaur egun zoroetxera bidaliko genuke bizkor asko.

Ez dakit herri guztietan baina leku askotan izan ohi zen lehen, denak zoroetxeetara eramaten hasi baino lehen, zororen bat; paisaiaren osagarri modukoak ziren kasik, herritar guztien ezagunak. Batzuek adarra joko zieten, besteren batzuek entzun, edo begiratu, edo jaramonik ez. Zoroa, eroa, txoroa... Izen bakoitzak berarekin darama izan bana; ez da berdina txoroa edo zoroa, edo eroa, burutik egina edo zoro xamarra, tamalez arazo direla pentsatu eta denak multzo berean ezartzeko joera baztertzailea dugun arren gehienetan.

Gizakion artean lantzean behin baten bat zoratzea, baten bat beharbada zoro jaiotzea, ez dut uste gertaera berria izan daitekeenik. Gureak baino lehenagoko sasoietan ere, duela milaka urte ere, jaioko ziren, edo zoro bilakatuko ziren batzuk. Garai bakoitzak bere zoroak izan dituela pentsatu nahi dut.

Lasturtik Sasiolara bidean, Praileaitz parez pare. Sasiolan fraideak zeuden garaitik ekarriko du izena komentua zenekotik bi harrikada bidean dagoen haitz-mendixka horrek, baina haiena baino lehenagoko izana aurkitu zioten duela urte batzuk, kobazuloan. Xamanaren koba izan omen daitekeena eta, bertan, indusketa lanak eginez, duela 15.000 urte inguru egindako eskulanak topatu zituzten, lepokoak batez ere. Eta nola ez bururatu, handik pasatzean, agian tribuko zoroa zela koba horretan bizi zen xamana, ibai bazterrean harriak bilatu, aukeratu, jaso eta haiekin pazientzia eta konstantzia ikaragarriz lepoko dotoreak egiten zituena.

Gaur egun zoroetxera bidaliko genuke bizkor asko, lehenengo sintomak sumatu orduko udaltzainei, medikuei, mota guztietako sendatzaile eta asistenteei deituta. Baina aztarnen ikertzaileentzat pagotxa eta gizakiaren historiari buruz jakin-mina duen edonorentzat suerte handia da duela milaka urte ere zoroak bizi izana eta orduko gizarteak zoroak beste modu batean kontsideratu izana. Antzinako zoroek salbatu behar dute gure aldiko zientzia!

Pena da denboran atzera eginez harri xafla zulatzen aritzen zen xamanari bisitatxoa egin ezina zer keinu egiten zituen ikusteko, zer esaten edo abesten zuen entzun ahal izateko. Aztarnen indusketek ez digute, zoritxarrez, horretaraino laguntzen.

Baina zoroak maite dituen gizartea amesten dut, Mikel, munduari beste leku batetik begiratzeko modua ez ezik zorion egoera ere badelako, seguru asko, zoramena.