Alaia Martin
IRITZIA

Ez da kafe hutsa

Uda gainbaloratuta dagoela esatera nindoan, baina aurkako guztia esanda gauza bera esango dut. Uda sandaliak janzten dituzun egunean hasten da edo hondartzan lehen bainua hartzen duzunean edo bainua hartzeagatik TAOa jartzera behartzen zaituzten egunean edo lehen zomorroak heltzen zaituenean edo Txorierriko igarobidean pilaketarik ez dagoen lehen egunean edo ekainaren hirugarren astearen inguruan edo gaur bertan, ekaina eta igandea izatea delako gutxi gorabehera uda.

Uda ere klase kontua da. Udarako irrikatzen egoten da normalean udan denbora eta denbora dilatatua erosteko beste diru daukana (eta diru hori berarentzat erabil lezakeena), udarako irrikatzen egoten da normalean dirua lan-denboraz erosteko zain dagoena. Lanerako eta lanik ez egiteko aroa da uda.

Piszinetako kloro usaina biriketan itsatsita daramaten sorosleen aroa da udara. Etxean lanean leihoa zabalik egon eta kaleko txankleten trosta entzuten den aroa. Hego haizeak eta kresalak harrotzen dituen ileen aroa eta izerdi zaporeko musuena. Bertsoen errepika petardo hotsez egiten den urtaroa. Baratzean edo landaketa eremuetan besoak erretzeko garaia. Lana kontratupekoa denean eta atsedenerako denborarik gabea, intsolatzeko aroa da uda. Espetxeko patioan asfaltoa belaunetan gora nola igotzen den sumatzeko aroa izango da. Etxe langileentzat kanpo lanetarako gogoa pizteko sasoia. Kafea izotzekin eskatu eta kafesnea sakarinarekin ateratzen dizuten zerbitzari hasiberri esku dardartien aroa. Gozatzeko edo gozarazteko aroa da, eta bat ala beste, beste urte sasoietan baino polarizatuago dagoela esango nuke.

Lan prekarizatuen garaia da udara (ere). Aldi baterako lana izateak prekaritateari garrantzia kenduko balio bezala-edo, aldi baterako izatea bera aski prekarioa ez balitz bezala. Merke lan egiteko garaia da uda. Lanean ohi baino atseginagoa izateko eta merkeagoa izateko garaia da. Beroa arintzeko garagardoaren zain gauden bitartean (eskuorri koloretsuren batekin geure burua haizeztatuz), ezin iritsi, bakarrik lanean ari den kamareroa madarikatzeko garai kuttuna da uda.

KM0 elikagaiak direla –eta pozoitu gabeak eta mimoz jasoak–, lan-baldintza duinetan ekoitzitako arropak direla, eta zaborren kudeaketa egokia dela baieztatzen duten pegatinez eta ziurtagiriez gain, ez legoke soberan taberna, jatetxe, denda eta abarren sarrerako ateetan zehaztuta egotea langile bakoitzaren soldata zein den, ordua zenbat ordaintzen dieten, zenbat ordu eginarazten dieten lan, zenbateko aurrerapenez aldatzen dizkieten txandak, zenbat dezibeletan hartzen dieten kargu kontratupeko edo kontratatu gabeko euren langileei, mesedeak eskatzen edo ordaintzen ote dizkieten edo mesede bat egiten ari balitzaizkie bezala zuzentzen (okertzen) ote diren haiengana. Non edo nor kontsumitu pentsatzeko pista gehiago izatearren, batez ere.