16/06/2019

Reportage
europako mendiak
Legendazko tontorrak

1583an, jada, Lauss Waghenaer holandarrak bere «Itsas Atlasean» Europako Mendiak (Picos de Europa gazteleraz) erreferentzia-puntu gisa marraztu zituen marinelentzako. Mendeak igarota, Kantabria, Leon eta Asturias arteko mendilerroa euskal alpinismoarentzat ere topagune bilakatu da, goi-mendietako abentura bila abiatu nahi duenak gertu duelako.

Ana Isabel Vega
064_pikoss

Une batez, jar gaitezen duela bost mende Kantauriko uretan nabigatzen ibiltzen ziren marinelen azalean: intuizioa eta kostaldeak eskaintzen zizkien datuak; ez zuten beste baliabiderik. Bat-batean, kostaldearen tarteren batean, Europako Mendiak (Picos de Europa, gaztelaniaz) tontor izugarriak agertzen zitzaizkien. 1583an jada, Lauss Waghenaer nabigatzaile holandarrak bere “Itsas Atlasean” erreferentzia puntu gisa marraztu zituen gailurrok. Torre Cerredo nabarmentzen zen; 2.650 metro izanik eta itsasotik 40 kilometro eskasera egonda, itsasargi natural bikaina da, 200 kilometrora dagoen ontziak ikustatzeko modukoa. Hortik sortu zen gune honen izenaren legenda, Picos de Europa, ozeanoaren bakardadean itsasontziak gidatzen zituen lehen lur europarra. Legendazko lekua.

Baina Europako Mendiak edo Picoak ez dira marinelen eremua, mendiko jendearena baizik, tontorzaleena. Picu de Urrielluren gailurretik, adituentzako eskalada baten ostean, kontrako norabidean begiratu eta ozeanoa ikus dezakegu, edo are ederragoa, hodei itsaso polit bat gure oinetan, haran guztiak estaliz. Picu delakoa, Naranjo de Bulnes ezaguna, da akaso penintsulako mendi enblematiko eta famatuena. 2.519 metroko tontorraren botere eta historiak ikono bihurtu dute, mendi magiko eta bakana. Bisitari guztiek ikusi nahi dute kareharri sendoko bastioi eder hau, eta ahal izanez gero, eskalatu ere bai.

Erronka hori 1904ko abuztuaren 5ean lortu zen. Villaviciosako markes Pedro Pidalek eta Gregorio Perez El Cainejo (Cainen jaioa) artzainak zapaldu zuten gailurra, duela mende bateko material eskasekin iparraldeko aurpegitik igo ostean. Ondoren, mendiaren beste aurpegiak menderatu zituzten beste batzuek eta gero eta tarte handiagoa hartu zuen albisteetan; izan ere, mendiaren mitoa hazten joan zen tragedia eta eskalada mediatikoen bidez. Picu konplikaziorik gabe begiztatzeko toki apropos bat badago: Arenas de Cabrales eta Cangas de Onis batzen dituen errepidea. Parking-behatoki batean geldiunea eginda, mendia arranditsu eta hurbil ageriko zaigu, bolumen izugarria baitu. Behean, haranetan, behiak, ahuntzak eta ardiak bazkatzen ikusiko ditugu, beste altxor bat ekoizteko, Cabrales gazta. Bi eta lau hilabete artean 10 graduan ontzen dituzte gaztok kareharrizko mendigune izugarrian zulatzen dituzten hartzuloetan. Penicillium onddoak ematen dio kolore urdin-berdexka hori. Zapore min hori lagun, beste herri batzuetara goaz, Naranjo ikustera.

Goietako baretasuna. Euskal alpinismoa oso lotuta dago Picos de Europa mendiekin, hurbil baitaude goi-mendietako abentura bila joateko. Adorea eskatzen zuten ibilbideak urratu eta lehen igoerak egin zituzten aitzindari zailduak erronka bila aritu ziren mendigune honetako pareta guztietan. Errepidean aurrera eginda, Asiegorako bidea hartu dugu. Begiratoki zoragarri bat dago bertan, Pedro Udaondoren omenez haren izena duena. Mendi hauen zale porrokatua zen bera; gai zen asteburuan bere lagunarekin motorrez presaka, estu eta larri, bertaratu eta igoera berri bat egin ostean astelehenean 8:00etan lantokian egoteko. 2007ko martxoaren 17an hil zen mendiko alpinista hau, Santa Maria de Enol mendiko Dorreko Markesen Korridorean irrist egin zuenean. Udaondoren itzalpean barneratuko gara legendazko mendi hauetan.