21/07/2019

amagoia mujika
Oporrak
Akaso, oporretarako falta diren loak kontatu beharrean, lanak eta eginbeharrek libre uzten dizkiguten uneak oporrak bailiran gozatzen ikasi beharko genuke; errutinazko egunen barruan ere errutina hauts daiteke.

Bai, oporrak behar ditugu. Gelditu, pausatu, askatu. Oporrak noiz eta non. Indar asko joaten zaigu horretan. Eta akaso gutxiegi oporrak nola pentsatzen.

Estua da gaurko mundua. Dena atzorako, dena zuzen, dena azkar eta efikaz. Erabakiak hartu behar dira, zuzen eta egoki, etengabe berritu eta beti asmatu. Behin, gasolindegi batean geratu nintzen kotxea garbitzeko makina horietako batean sartzeko. Kotxeak ez zuen behar handirik, baina nik garbiketak irauten duen zortzi minutuak behar nituen eserita jarri eta begira egoteko. Burua hutsik; orain ura, orain xaboia. Bai, oporrak behar ditugu.

Oporrak merezi dituzula sentitzea gauza ederra da. Norbere burua gozatzeko modua da «merezi dudalako» hori. Eta ez bakarrik oporren kasuan, baita bestelako egoera askotan ere.

Egingo zenituzkeen eta normalean egin ezin dituzun gauzak egiteko tartea ere badira oporrak. Denbora altxor preziatua da egun estuotan. Gozagarria da «hau egingo dut eta bestea egingo dut» ariketa hori, oporretan pentsatzeak ematen duen arnas tarte hori. Hori bai, gero oporretan horiek denak egiten ez badituzu, lasai hartu, ez zigortu zure burua. Batzuetan badugu oporrak eginbeharrez betetzeko joera eta tentazioa; denbora «aprobetxatu» behar horretatik ihes egitea ez baita erraza izaten.

Eta oporrak izateak berak ez du paradisua ekarriko zure hankapera. Zuk hautsi behar dituzu erritmoak, betiko gauzak egitetik ihes egin behar duzu, lo lasai eta nahi adina egin, inprobisatu, ausartu, ez gehiegi planifikatu...

Horiek dira psikologian adituek ematen dizkiguten aholkuak. Eta hemen ari naiz ni, oporretarako falta diren loak kontatuz, aditu horien esanei begira. Eta gauzak nola diren, egiten ari naizenak baduela dagoeneko izena: opor aurreko sindromea. Alegia, ez dudala nik ezer berririk asmatu. Gaur egun ez dago erraza ezer berria asmatzen. Batzuetan iruditzen zait gure egonezin eta poz guztiek dutela ingelesezko izen ponpoxo horietako bat.

Akaso, oporretarako falta diren loak kontatu beharrean, lanak eta eginbeharrek libre uzten dizkiguten uneak oporrak bailiran gozatzen ikasi beharko genuke; egin nahi ditugun gauzak egiteko denbora hartu edota ezer ez egiteko baimena eman gure buruari. Errutinazko egunen barruan ere errutina hauts daiteke.

Ze ona litzatekeen egunero gure buruari opor une bat oparitzea, berdin uda edo negu. Finean, oporrak zer dira, plan zoragarriz betetako egunak edo jarrera zoragarrian bizi ditugun planak? Begiratzeko moduak pisu handia dauka. Ez dut gehiago egutegia begiratuko egunak atzeraka kontatzeko. Tira, saiatuko naiz.