MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Antzara Eguna

Harkaitz Cano, Adur Larrea • Txalaparta, 2019 • 136 orri • 20 euro

1984ko azaroaren 20an, Santi Brouard tiroz hil zuten bere pediatria kontsultan, eta bere heriotzak zirrara handia eragin zuen Euskal Herrian. HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra… Harkaitz Cano idazleak eta Adur Larrea marrazkilariak Santi Brouarden bizitza hartu dute hizpide “Antzara eguna” eleberri grafiko honetan. Bere karisma eta konpromisoa agerian dago liburuan; baina, horrekin batera, politikari lekeitiarraren beste ezaugarri ezezagunago batzuk ere jaso ditu, adiskide eta mediku hurbila, txantxazalea, irakurle amorratua eta euskaltzale petoa ere izan baitzen. Horrela, Larreak eta Canok fikzioaren bidez lortu dute Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak biltzea, ekinbide publikoa eta bizitza pribatua jostea, iragana eta oraina lotzea, garai baten kontaketa bizia marrazteko.

 

Airea ez da debalde •

Joseba Sarrionandia • Pamiela, 2019 • 208 orri. 16 euro • «Ez zekiela –zioen “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?” liburuaren sarreran autoreak– irakurtzeak askeago egiten gaituen ala gure arazoez kontzienteago bakarrik». Egunerokotasunez eratutako saiakera literarioaren ubera hari jarraitzen dio “Airea ez da debalde” honek ere. Eta, han bezala, testu laburren bidez gogoetarako plaza irekitzen du, hango eta hemengo istorioak bilduz, historiako pasarteak gogora ekarriz eta, zergatik ez, etxeko pasadizoren bat ere tartekatuz. Idazle iurretarrak bisita egiten digu eta Habanako gauetan isiltasunez paperera eramandakoak ekartzen dizkigu. «Urte askoan ezin izan du aipamen zehatzik egin. Orain argitasunera azaldu denean aipatzen digu non dagoen», nabarmendu zuten aurkezpenean.

 

Mundu bat motxilan •

Unai Ormaetxea • Sua, 2019 • 104 orri. 17,95 euro • Liburu honetan Everestera joango gara Alex Txikonekin batera. Oxigeno barik eta negu betean heldu nahi du munduko gailurrera. Baina igoera horretan bere pentsamenduek erakutsiko digute mendia ez dela lehia, ez dela inorekiko erronka eta, aldiz, garrantzitsua dela nola joaten garen, zerk bultzatzen gaituen, nola jokatzen dugun. Bidea urratu ahala bizitzaz, naturaz eta herriaz hamaika gogoeta, bizipen eta pasadizo azalduko zaizkigu. Gazteentzako nahiz helduentzako liburu kitzikagarria. Ilustrazioak Cesar Llagunorenak dira.

 

Ene herri txikia •

Gael Faye. Itzul: Irati Bereau • Igela, 2019 • 206 orri. 14 euro • Gael Faye (Burundi, 1982) hip-hop mundutik dator. 2016an argitaratu zen jatorriz bere lehenengo eleberri hau eta geroztik hainbat sari lortu ditu eta 30 hizkuntzatara baino gehiagotara itzulia da. Eleberrian kontatzen duen istorioa bere bizitzarekin pareka dezakegu, nahiz eta ez den autobiografikoa: Gabriel 10 urteko haurraren pausoei jarraituko diegu. Burundiko herri batean sortu zen, ama errefuxiatu ruandarra eta aita frantses zuria zuela. Haurtzaro zoriontsua izan zuen arren, gurasoak banantzearekin batera hutuen eta tutsien arteko gerra hasten da. Aita frantsesa izanik, Estatu frantsesera erbesteratzeko aukera emango diote. Bertan integratuko da, baina herriminari eta sendatu ez diren zauriei jarraituz, 33 urte betetzean etxera itzultzea erabakiko du.

 

Gure memoria, gure historia •

Ibon Muñoa • Ataramiñe, 2019 • 441 orri. 15 euro • Guztira, hemeretzi urte daramatza preso Ibon Muñoak, eta Ataramiñerekin ateratzen duen seigarren liburua da hau. 2011n argitaratu zuen “Ametsen txokoan bizi naiz” lana, eta, ordukoan bezala, oraingoan ere bertso errimatuak eta bertso libreak biltzen ditu. Elkarren jarraipentzat har daitezke argitalpenez argitalpenerako testuak, eta hala ordenatu dituzte argitaletxeko arduradunek ere. Horregatik darama liburuko lehen poemak, adibidez, 722 zenbakia. «Bere garaiak bizi du Ibon, eta etorkizuna du amets», aipatzen du Jokin Urainek hitzaurrean.