Alaia Martin
IRITZIA

Klasera

Haserrea labirinto bat da. Badakizu nondik eta noiz sartzen den baina gero ez dago nondik eta noiz irtengo ote den asmatzerik. Egia esan, alderantziz ere gertatzen da. Irten egiten da, irteerako argia aurkitu duenaren indar suharraz eta ez dakizu non arraiotik ote datorren, dakizun bakarra da, ilegala ez balitz, burua aterako zeniokeela parean duzun errugabe askotan jatorrari.

Zenbakiak zenbatzen, biderkatzen, zatitzen eta ekuaziotik askatzen ikasi genuen baina emozioen forma geometrikoen azaleratzean ez gintuzten trebatu. Ikasi genituen mendirik altuenak eta urpeko erreken izenak baina askotan ideiarik ez dugu izaten zainetan daramagunaz eta geure balio eskala errealaren erliebeaz. Bada, umorez, bizitzaren unibertsitatean ikasia dela esaten duenik. Ez du fama ona unibertsitate horrek, baina nahiko publikoa da. Deskontzertatua eta publikoa. Kontua da unibertsitate horretan matrikulatzen diren guztiek ez dutela lehen lerroan esertzea lortzen. Edo hiru hankako aulki desorekatuak jartzen zaizkiela. Edo aulkirik gabe geratzen direla lurretik gorantz begira. Edo atze-atzeko eserlekuetarako gonbidapena eskaintzen zaiela eta handik ez dela arbela ikusten. Gainerakoan, bizitzaren unibertsitatea aski praktikoa da eta irakasleek ez dute erruki handirik izaten ikasle kritikoekin. Batzuk kalera botatzen dituzte. Eta ez dira itzultzen. Klase kontuak, badakizue.

Kontua da dena dela bat edo gai guztiak daudela elkarrekin uste baino estuago josita. Hezkuntza eta edukazioa ez da gauza bera baina askok ikusten du hezkuntza edukazioa lortzeko bide bezala. Irribarrea, neurritasuna eta esker ona. Unibertsitateko ikaslerik baloratuenek ezaugarri horiek behar dituzte euren karpetatan. Kontua da, matematikoki eta geopolitikoki, errazagoa dela irribarretsua, neurrikoa eta esker onekoa izatea oinarrizko beharrak aseta eta sortutako behar berriak ere aseta edukiz gero. Jatorragoa da lasai bizi den jendea. Jatorra izateko denbora duen hori, mundua bere zilborraren forma geometriko bereko piezaz betea topatzen duen jende distiratsu hori. Eta hala ere, gauzak zer diren, lasai bizi den jende horri batzuetan pazientzia falta zaio. Ernegatu egiten dira. Pertsona horiei traba egiten diete TAOko makinetako pantaila ongi ikusi ez eta apur bat denbora gehixeago behar izaten duten adinduek; traba, nortasun agiria berritzean hizkuntzagatik komunikazio arazoak dituztenek; traba, tabernan aldizkari espezializatu bateko erreportaje nagusia irakurtzen ari diren bitartean ondoan jolasean ari diren umeek; traba, terminal berri distiratsuan metroa hartu eta ondoan eztula egiten duen langile bajarik gabeak… Trabaren gaixotasuna gertukoekiko ere garatzen dute; pazientzia galtzen dute gurasoei mugikorreko aplikazio bat jaisteko azalpena birritan eman behar izaten dutenean… Traba eta traba, eta benetako trabak dituztenak traban sentitzen dira azkenean. Egongo da fenomeno honi izena eman dion matematikari edo fisikariren bat. X-ren Printzipioa edo X-ren Printzipio Falta edo izenda dezakeen norbait, nik baino sinesgarriago. Pazientzia ere pribilegio bat da azken batean. Edukitzeko modua izatea eta besteek zurekiko izatea. Baina bueno, bakoitza bere klasera eta karpet diem.