Ariane Kamio, argazkiak: Conny Beyreuther
Interview
KIRMEN URIBE

«Euskal artistok ez dugu zertan Madrilen oniritzia izan kanpora ateratzeko» - Kirmen Uribe

Ia hogei urte joan dira Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) izeneko idazle gazte batek bere lehenengo poema liburua argitaratu zuenetik. “Bitartean heldu eskutik” (Susa, 2001) zeritzon argitalpen hark euskarazko poetikagintzari beste erpin bat atera zion. Ia hogei urte, “Bisita” gogoangarri hartatik. Denbora luzea igaro da ordutik eta bere urratsen arrastoak ageri dira orain bidean. Denak nobela formakoak. “Bilbao-New York-Bilbao”, “Mussche” eta “Elkarrekin esnatzeko ordua” dute izena. Mundu ikuskera bat orraztu zuen horietan, eta orain mundutik ari da orraziaren puntak marrazten, itsasora begira betiere, Ondarroa begien hondoan jarrita. New York eta Columbia Unibertsitatea, bietan kabitu, “kabiratu”, da Kirmen Uribe azken hilabeteetan, fikziozko nobela berri bat buruan. Bere lumak, ordea, poesiara eraman du berriro eta abenduan herriratu zen “17 segundo” (Susa) besapean hartuta. Badu zer kontatu munduari letra poetikoz begiratzen dion eta dagoeneko heldutasunean den idazle honek. “Bitartean heldu eskutik” hartatik ia hogei urte igaro eta gero.

Ba zuk esan…

“17 segundo”…

Itxaron, itxaron. «17 segundo» baino lehen, bota denboran atzera mesedez. Beka bat amaitu zenuen New Yorken joan den ekainean eta beste bat lortu zenuen udazkenean. Ameriketako Estatu Batuetan zaude azken hilabeteetan. Kontatu zer gertatu den.

[Barrez] Ados, ados. New Yorkera joan nintzen 2018ko uztailean. Hango liburutegi publikoak badu beka bat, Cullman deitzen dena, idazle eta ikertzaileentzat. Hamabost beka dira, horietako bost idazleentzat. Horietako bat eman zidaten han euskaraz nobela bat idazteko. Bekak ez du eskatzen lana bukatzea, behintzat hastea, han idaztea.

Hori da, zeren amaieran ez zenuen proiekturik aurkeztu behar.

Ez, ez nuen proiekturik aurkeztu behar. Proiektua aurretik aurkezten da, baina bukatua ez. Orduan hasi nintzen idazten, maiatzera arte aritu nintzen idazten. Aurretik ikerkuntza lan handia egin nuen liburutegian eta gero eman didate beste beka bat Columbia Unibertsitatean. Hango Barnard College-an, garai batean emakumeentzako sortu zen ikastetxe bat. AEBetako unibertsitateak collegetan daude banatuak eta hau emakumeena zen. XIX. mendean sortua. Eta gaur egun oraindik ere emakumeena da, nahiz eta mutilak ere joaten diren Columbiako edozein fakultatetatik, baina eman diote buelta, eta orain emakumeak indartzeko, ahalduntzeko, toki bat da. Oso gustura egon naiz bertan XXI. mendeko mundu literaturarekin lan egiten.

Kasualitatea, zeren zuk New Yorkera joan aurretik buruan zenuena emakumeak protagonista zituen fikziozko nobela bat egitea zen.

Oraindik ere bai. Nire nobelan bihotza liburuzain bat da eta liburuzain hori egon zen idazten biografia bat 40 urtez eta ez zuen bukatu. Biografia hori sufragista bati buruzkoa zen, hungariarra, bakezalea, Lehen Mundu Gerra geldiarazi nahi zuena, feminista; AEBetan erabat baztertua izan zen eta erabat ahaztua. Bat- batean aurkitu nuen kutxa batzuetan altxor hori. Horrekin hasi nintzen lanean, baina nobelak beste bi alde ditu, Euskal Herriarekin lotuagoak. Fikziozko bi alde. Eta horrekin ari naiz. Nobela luzea izango da eta urte hau ere emango dut idazten.

Zer moduz sentitzen zara fikzioarekin?

Oso libre. Amets Arzalluzek nola egin duen berriki benetako bizitza bat kontatu... hori munduan asko egiten da. Idazleok, zinemagileek, eta arte munduan ere kontatzen dira kontatu ez diren historia horiek. Arte munduan ere, arte kontzeptualean, badago salaketa gogo bat, idazleok ere hartzen ditugu benetako historiak eta literatura egiten dugu horrekin, baita zinean ere. Gogo horretatik sortu zen nobela. Aurreko bi nobelek ere benetako pertsonak dituzte ardatz, baina hemen ja nahi izan dut pixka bat ihes egin eta fikziora joan. Nobelak izango ditu hezur-haragizko pertsonak eta fikziozkoak ere bai.

17 segundotan… zuk zer egiten duzu?

[Barrez] Ezer gutxi. Oso pausatua naiz eta gauzak asko pentsatzen ditut egin aurretik. Agian 17 segundotan egiten dakidana da ezetz esatea.

Ez da erraza, bada, ezezkoak ematea.

Hori bai, hori egiten dut.

Urtebete baino gehiago daramazu kanpoan berez nobela bat idazteko, eta poema liburu batekin itzuli zara. Zergatik?

Poema hauek aspalditik ari nintzelako idazten. 2002tik hona hainbat poema idatzi ditut, sekula ez diot utzi poesia idazteari eta nobelatik urrundu nahi nuen. Nobela eta poemak idazten ari nintzen denbora berean eta une batean nobelatik urruntzeko beharra sentitu nuen, nituen poema guztiak irakurtzeko eta idazten jarraitzeko. Eta liburu forma emateko poema bilduma horri. Hori egin nuen, nobela aparkatu, distantzia hartu, ordura arte idatzitakoa hor utzi eta poema liburua moldatu; zeren “17 segundo” ez da bilduma bat, poema liburu bat da. Ez du jasotzen soilik egindakoa, baizik bere logika dauka. Eta hori dena diseinatzen ibili naiz, eta orain berriro ekin diot orain arte idatzitako nobela irakurtzeari eta oso ondo etorri zaio distantzia hori.

Arnasa pixka bat…

Bai. Pertsonekin ere gertatzen zaigu. Distantziak on egiten du.

Batzuetan ondo etortzen da…

Bai, ondo etortzen da distantzia hartzea familiarekin edo lagunekin… Norberarentzat denbora hartzea. Eta nobelarekin gauza bera gertatu zait.

«Bitartean heldu eskutik» hartako Kirmen berbera ikusi dut nik.

Bai? Uste dut alde batetik berdina dela, baina bestetik igual orban gehiagorekin, zauri gehiagorekin agertzen da. Bizitzak badaki zauritzen, baina izpiritua bera da. “Bitartean heldu eskutik”-en bilatzen nuen narratibidadea, bilatzen nuen beste ahots batzuk sartzea, batez ere, bazterreko ahots horiek, bilatzen nuen soiltasuna, bagentozelako euskal poesia oso apaindu batetik, oso liriko batetik, eta nahi nuen hori gune urbanoago batera eraman, narratiboago bihurtu poesia. Eta orain igual kontrako bidaia egin dut. Hasierako poemak oso soilak dira, hiru-lau irudirekin osatuak, baina gero azken boladan New Yorken idatzitako poemek jauzi egiten dute pixka bat poesia hermetikoago, abstraktuago batera eta banuen gogoa hori egiteko ere. Azkenean bueltako bidaia bat, abstrakziora; beti gustatu izan zait abangoardia… horra joan naiz. Poemak ez hainbeste ulertzeko idatziak, bizitzeko, sentitzeko idatziak baizik, koadro abstraktu bat bezala.

Ez dakit norbaitek esan dizun –eta badakit elkarrizketetan ezin duela kazetariak bere iritzirik eman, esplizituki behintzat–, baina niretzat Kirmen bueltatu egin da.

[Barrez] Ba, agian bai. T.S. Eliotek esaten zuen poesia dela herri txikien adierazpidea eta pertsonena ere bai. Berak esaten zuen pentsamendua askoz ere neutroagoa dela, edo narrazioa ere neutroagoa dela, baina poesia batean agertzen dela herri baten arima eta pertsona baten izaera ere bai. Orduan igual poesiak berak utzi dit ni neu izaten. Poemetan dena agertzen da, nire alde desberdinak agertzen dira. Agertzen da ikusten dudana, poema batzuk argitsuagoak dira, baina iluntasuna ere badago, oso poema ilunak daude batzuk.

Oso hunkigarriak ere bai…

Nahiko honestoak direla esango nuke. Ez dut mugarik jarri hor, ez dut nire burua ezkutatu nahi izan liburu honetan. Bizi izan dudana, sentitzen dudana, pentsatzen dudana kontatu dut. Baina pentsatzen dut, hala ere, badela belaunaldi baten erretratua, zeren hor ikusten da gure haurtzaroa, gure gaztaroa, haurtzaroko politikaren zama hain handi hori, baina baita herri txiki bateko magia ere, 80ko hamarkadako Bilbo, 90eko hamarkadako Gasteiz intsumisioarekin, gaztetxeekin, kartzelako garaia, nola berriz bueltatzen naizen Ondarroara eta hasten naizen gaztaroa uzten. Uste dut gaztaroa utzi nuela hasi nintzenean lagunak galtzen, lagunak hiltzen hasi zirenean. Eta Ondarroan ja umeak izan ditut, beste garai bat hasten da, Euskal Herriko egoera aldatu egiten da erabat… Eta gero dago bidaia bat Japoniara, hango literaturatik eta pentsamendutik asko hartu dut, eta gero New Yorkeko azken esperientzia eta nola ikusten dudan Euskal Herria eta euskal jendea handik.

Poema pertsonalak edo pertsonifikatuak ere badaude eta horiek arrasto sakon bat uzten dute. Adibidez, prakadun neskarena, alabari egindakoa…

Uste dut irakurleak bere egiten dituela poema horiek. Jende askok daukagu alaba bat eta, nahiz eta nik nire buruan nire alaba benetakoa eduki, jendeak edo irakurleak bere alaba ikusten du hor eta hori zoragarria da. Eta “Prakadun neska” da gure aurreko belaunaldia, ezkerrekoa zen belaunaldi hori, 68ko iraultzaren tradizio hori hartu zuena eta lehenengo belaunaldia izan zena euskal abertzaletasun tradizionala berritzen. Gure aitona-amonak oso katolikoak ziren eta bestelako mundu batean sinesten zuten eta beren alabek iraultzan sinetsi zuten, eta Kuban, eta Che Guevaran, eta Bob Marleyn eta Lou Reeden. Olatu berri bat izan zen hori. Eta gero dator gure belaunaldia, iraultza handi handi horietan baino gizarte zibilarekin lotutako iraultzetan lerratu dena.

Ondarroak garrantzi berezia izaten jarraitzen du egiten duzuna egiten duzula.

Bai, beti izango du. Gabriel Garcia Marquezek ere esaten zuen bera bizi izan zela bere herrian mutil koxkorra izan arte; gero ikastera joan zen eta handik aldendu zen, baina behin eta berriz bueltatzen zela mundu horretara, eta hizkera ere bere amonarena erabiltzen zuela; halaxe idazten zuen Gabok. Bere herriko hizkera erabiliz Latinoamerika osoaz hitz egiten zuen. Nik ere Ondarroa erabiltzen dut, baina saiatzen naiz Euskal Herri osoa azaltzen. Beti agertuko da Ondarroa nire literaturan. Hain herri euskalduna, herri pobrea ere bai. Izan zuen arrantzak gorakada bat, baina normalean jende apala da Ondarroakoa. Horrek sortu dit identitate bat. Ondarroarrak bagara asko ematekoak ere, oso idealistak. Intsumisoak izan ginenean, 21 intsumiso geunden Basauriko kartzelan; zazpi ziren MOCekoak, beste zazpi Jarraikoak edo ezker abertzalekoak eta beste zazpi ondarroarrak. Orduan, imajinatu nolako herria den! Eta hori alor askotan ikusten da, euskalgintzan eta beste hainbat borrokatan, ondarroarrek zelako idealismoa dugun.

Eta nola ikusten gaituzte euskaldunok kanpoan?

Oso ondo. New Yorkera joan nintzen nobela batekin, baina baita asmo batekin ere, eta zen Espainiak jartzen digun kristalezko kupula horri iskin egitea. Ez dugu zertan euskal artistok Madrilen oniritzia izan kanpora ateratzeko. Menpekotasun hori hautsi behar dugu. Eta ari gara hausten e! Hor daude Asier Altuna, Jon Garaño, Kukaikoak, Oreka TX-ekoak edo Berri Txarrak…

Esan behar nizun, Berri Txarrak aipatzea ahaztu zaizu!

[Barrez] Bai, eta denok gara, gainera, adin tarte berekoak. Ari gara ateratzen. Eta hara joatearen arrazoi bat hori izan da; utzi Madril eta zuzenean egingo dugu mundura jauzi. Eta harrera oso ona da. Jendeak ezagutzen du Euskal Herria aspalditik, euskara ezagutzen du. Metroan umeekin euskaraz hizketan zoazela, ondokoak galdetzen du, “ze hizkuntzatan ari zarete?”. Ikusten gaituzte herri zahar bat bezala, herri txiki bat bezala, herri aurrerakoi bat bezala ere bai eta hori oso ondo dago.

Herri gisa ikusten bagaituzte ez da gutxi.

Bai, bai, hori oso argi daukate, uste dut guk baino argiago daukatela kanpoan. Guri sinestea falta zaigu, ezta?

Agian gure kulturan pixka bat sinestea ere falta izan zaigu eta orain ari gara jabetzen euskal kulturak daukan gaitasunaz bere mugetatik kanpo hazteko. Batzuetan geure buruari kondena jarri izan diogu, gure irakurle, entzule, gure komunitateari bakarrik zuzentzeko eta azken urteetako esperientziek argi erakusten dute euskaraz sortzeak ez duela esan nahi nahitaez Euskal Herriko mugetan geratzea.

Ez. Orain Broadwayn oso modan dago “Slave Play” deitzen den antzezlan bat; esklabotzari buruz ari dira oraindik. Afroamerikarrek badute zama hori. Aurreko belaunaldiak ere hori bazuen, guk ere badugu zama hori. Gure aita eskolara joaten zenean atzean jartzen zuten, zeren gazteleraz gaizki egiten zuen. Noski gaizki egiten zuela! Bera bilinguea zen. Eta monolinguea zen irakasle batek atzean jartzen zuen eta txiki sentiarazten zuen. Gu hortik gatoz. Kontuz! 70-80ko belaunaldiak esfortzu handia egin zuen sistema kultural bat eraikitzeko eta gu lan horri esker ari gara ateratzen. Hasi izan gara zerotik. Frankismoak asko markatu du.

 

Orain ari gara gainditzen.

Bai, ari gara. Oso izaera eraikitzailea eta baikorra dut. Gero kolpeak hartzen ditut e! Baina sinetsi nahi dut egin dezakegula. Gero ez dakit zer gertatuko den. Mundu mailan dagoen eskuineko mugimendu horrek beldur handia ematen dit. Askotan pentsatzen dut ez ote garen oasi tenporal batean bizi. Euskal kultura oso goian dago, gauza oso onak egiten dira eta ez ote den hori dena eroriko. Baina ahal dugun bitartean, egin!

Idazle bezala zein momentutan zaude?

Idazle bezala ikasten.

Hori beti, ezta?

Beti. Baina uste dut heldutasunean nagoela. “Elkarrekin esnatzeko ordua”-tik aurrera uste dut idazle heldu bat ikusten dela hor. “Elkarrekin esnatzeko ordua” oso nobela konplexua da. Kontatu nahi izan nuen euskal familia baten historia, kontatuz gatazka, baina ez 70eko hamarkadatik hona, baizik kontatuz gatazka nondik datorren. Gatazka askoz aurreragotik dator, garelako gizatalde bat elkarrekin bizi nahi duena eta euskaraz bizi nahi duena. Hortik dator. Nobela oso konplexua da eta poema liburu hau ere bai, lan handia dago atzean. Orduan, banago heldutasun fase batean eta aprobetxatu nahi dut orain lan egiteko. William Faulknerrek bere nobela ezagunenak hiru urtetan idatzi zituen. Etengabe idatzi zuen. Olatu hau aprobetxatu nahiko nuke eta gauzak idazten joan eta publikatzen.

Heldutasunean egoteak zeure buruarekiko exijentzia maila handitzea eskatuko dizula suposatzen dut.

Bai, baina askatasuna ere hartzen duzu. Exijentzia maila asko igo da, perfekzionismoa ere bai, baina beste alde batetik konfiantza ere ematen dizu…

… beste lizentzia batzuk hartzeko….

Bai, beste lizentzia batzuk hartzen dituzu, askeago idazten duzu eta “zergatik ez?” hori erabiltzen duzu. Literaturak ematen dizkizun arau horiek apurtzen saiatu. Azkenean aurrera egiten da horrela. Literaturaren historiak aurrera egin du arauak apurtu direlako eta gizarteak ere aurrera egin du arauak apurtu direlako.

 

 

ALABARI

Rudyard Kiplingek semeari idatzitako “If” irakurri eta gero

 

Zure bihotzaren gakoa banu

esango nizuke:

 

ez utzi inori zure gainetik jartzen

are gutxiago gizonezkoa bada.

Eutsi beti zure duintasunari.

Ez ahaztu ondo lan egitea dela

pertsona duin egiten duena.

Izan zure ogibidea, inoren mende ez izateko.

 

Ez zaitez fida botereaz, erabili egingo zaitu.

Zaude gutxi daukatenen aldamenean.

Izan inozoa, ametsik xaloenek aldatu dute mundua.

Dena den, kontuan izan

ideiarik ederrenak ez duela zentzurik

pertsonaren bat zapalduz gauzatzen bada.

 

Hitz egokiak aurkituz gero

esango nizuke:

 

utzi bizitzen,

bakoitzak bere usteak eta bizipenak ditu,

errespeta itzazu nahiz eta zure kontrakoak iruditu.

Lagundu premia duenari,

zabaldu etxea arrotzari, zalantzarik gabe.

Errespeta sinesgabeak eta sinestunak

eta beraien fedea.

 

Zaindu zure hizkuntza.

Pentsa ez dela gurea soilik

mundu osoaren altxorra baizik.

 

Une aproposa kausituz gero,

esango nizuke:

 

sekula ez sinetsi ez dagoela zer eginik,

ia beti dago aterabideren bat.

Eta ez balego, onar ezazu.

Galduz ere irabazten da batzuetan.

Onartu bizitza eta halaber heriotza.

Heriotzaz jabetzea da

ditugun egitekoen artean zailena.

 

Plazerari eta zoriontasunari ez ateak itxi.

Maita beti pertsona, gizon edo emakume,

azala beti hazten baita eder.

Bete zure apetak.

 

Horretarako adorea banu,

esango nizuke:

 

gura baduzu, izan ama,

umeek erakutsiko dizute umila izaten.

Eta ez bazenu, gozatu bizitzaz bere osotasunean.

 

Maita oihanak eta maita hiriak.

Egon zabalik kitzika guztiei, ez izan aurreiritzirik.

Beldur bazara, onartu beldurra.

Triste bazaude, egon triste.

Ez dugu zertan izan une oro

zoriontsuak eta ausartak.

Entzun ondoan duzunari.

Entzun gazteei, entzun adinekoei.

 

Alaba bihotzekoa,

 

zaren bezala agertu.

Esan pentsatzen duzuna, nahiz eta

hurkoa mindu. Ikasi akatsetatik.

Ez izan beldur gauzak oker egiteko.

Harroa eta itsua baita dena ondo egiten duena.

 

Bilatu egunen joanaren edertasuna.

Sakonki bizi, baina ez azkar.

Ikasi denbora luzatzen,

gauza txikerretan arreta jartzen.

Egin zure bidea, zu zara erdigunea.

Saia ametsak betetzen eta ez utzi inori

amets horiek zapuzten.

 

Eta azkenik, ez egin kasu aholkuei.

Are gutxiago nireei.