amagoia mujika
IRITZIA

Erdi betea, erdi hutsa

Nik ere izango nituzke hamasei urte, baina orain dakidana jakinda. Zenbatetan ez ote dizuegun esaten. Baina sinistuta gaude zuek, orain hamasei urte dituzuenak, guk orduan baino askoz gehiago dakizuela, informatuago zaudetela, burua askeagoa duzuela eta gozatzeko erreminta gehiago dituzuela eskura. Gaurko hamasei urteko emakume gazteak eta ahaldunduak izan nahi genuke horregatik. Eta poza ematen digu zuek bide horretan ikustea.

Baina... bai, batzuetan ezustekoak hartzen ditugu, zaplaztekoak. Maitasun erromantikoaren gainean diseinatutako telebistako saio gorrotagarrietara lotzen zarete –beste belaunaldi batzuetakoen pare– eta ez zaizue iruditzen programa horiek ezer txarrik daukatenik. Parte hartzen dutenek modu askean aukeratu omen dute hara joatea. Tira, askatasuna ez da kiloka saltzen fruta-dendan. Eta askatasuna mozteko eta bideratzeko disimuluzko moduak eta estrategiak, hamaika.

Harritu eta kezkatu ere egiten gara sexu harremanak gero eta goizago dituzuela konturatzen garenean. Ez dugu inongo estatistiketan edo txosten sekretutan deskubritzen datua. Instagramen bueltatxo bat ematea nahikoa da. Eta badirudi sexualitatea bizitzea baino dibertigarriagoa dela besteei horren berri kontatzea. Hori berri-berria ere ez da. Lehen ez zegoen mugikorrik eta sare sozialik, baina bestelako multzo sozialetan aditzen ziren baten eta bestearen intimitateak.

Amorratu egiten gara oraindik ere egiten direlako zerrenda amorragarri horiek institutuetan; “bukaeraraino” iristen diren neskak, kartsuak, gatzgabeak, estuak... Mutilei buruzko zerrendak bestelakoak dira, lehen bezala orain.

Pena hartzen dugu maitasunak, benetakoa bada, mina eman behar duela oso zabalduta dagoelako oraindik. Zuek ere ez zarete libratuko alferrikako negar saio garratz eta amaigabe batzuetatik.

Horrelakoetan, egin den bidea baino gardenago ikusten da egiteko dagoena, botila erdi betea ikustetik erdi hutsa ikustera pasatzean ematen duen minarekin.

Ahalduntzea ez da goiz batean esnatu eta jertse berri bat janztea. Azalean sartuta ditugunak erantzi behar dira lehendabizi eta hori zaila da. Badakit, era berean, hamasei urteko emakume askok gauzak oso garbi dituztela eta badutela nahikoa indar beren burua ondo maitatzeko. Eta norbere burua ondo maite duenak bakarrik maita dezake ondo beste norbait. Tira, ez nuke dramatizatu nahi, guk ere kolpe latzak jasota ikasi dugu. Espero dut zuek guk baino azkarrago eta guk baino hobeto ikastea, merezi duzue-eta.