Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Giza hegoak

Gizakiak usu izan du hegan egitearen ametsa buruan. Hegazti bihurtutako gizakiak hainbat izan dira historian zehar, zerua autonomikoki zeharkatzeko gurari eskuraezinak, edo ia eskuraezinak, bultzata. Eta ia, diot, badelako munduan inor motor pare bat bizkar gainean jarrita behetik gora ateratzeko gaitasuna duenik.

Goiko irudia pasa den otsailean hartutakoa da, Dubain. Jetman deritzan “super” zera baten ekintza irudikatzen du, pertsona airean egoteko gaitasuna islatuz.

Vince Reffett da argazkiko pilotuaren izena eta motxila propultsore bat darama gainean, hain zuzen Jetman izendatua, gizabanakoaren mugikortasunerako asmatu den gailu berria.

Sistema honek, ordea, baditu bere muga eta berezitasunak eta, tamalez, ez da publiko guztientzat eskuragarri izango. Momentuz, pilotu direnentzat soilik diseinatutako gailua da eta, beraz, espezialistek soilik erabili ahal izango dute. Merkaturatu aurretik ere badira argitu beharreko beste erronka batzuk. Altuera handitan ibiltzeko gaitasuna duen Jetman honekin, tenperatura aldaketak eta oxigeno mailaren gorabeherak ere kontuan hartu beharko dira. Baina, kaletarrontzat merkaturatuta ere, izango da bat baino gehiago tramankulu hau erostera joango ez denik, hain zuzen, hegaztien ikuspuntutik bertigoa besterik ez baitigu sortzen askori ideia futurista honek.