amagoia mujika
IRITZIA

Intziriak

Imajinatu lau emakume, lau belaunaldi, telebistaren parean. Imajinatu kanpoan euria egiten duela, inoiz egin izan ez balu bezala. Eta bat-batean, sexu harremanen irudiak pantailan. Inork ez du burua jiratu. Inork ez du ezer esan. Ixiltasuna.

Bat akordatu da senarra zenaz. Nola uzten zituen galtzontzilloak logelatik kanpo, garbitasun seinale. «Bestela usaina jartzen dute logelan». Akordatu da nola berak sekula ez zuen intziri egiten, nahiz eta batzuetan gogoa izan. Akaso senarrak ez zuen gaizki hartuko, baina bera ez zuten hezi plazera sentitzeko, plazera emateko baizik. Eta, ahal bazen, isil samar eta nabarmendu gabe, igandetako jantzia bezala; garbia eta neurritsua. Eta «gaur egungo» emakume bat izateko gogoa sentitu du, intziri lasai egiteko.

Besteak pentsatu du sofan eserita daudenetatik, bera bakarrik gerturatu daitekeela pantailako jolas horretara. Besteak zaharregiak direla. Bera, akaso, gazteegia. Ez dauka presarik, nahiz eta bere inguruan presa den nagusi, bizitzaren zirrikitu guztietatik sudurra sartu eta han zer dagoen ikusteko presa. Bere aurreko belaunaldiek egin dutena baino gehiago eta basatiago egiteko premia. Eta seguru daki bere aurrekoek baino gehiago dakiela bizitzaz, sexuaz eta denaz. Instagram daukan bakarra bera da.

Hangoak pentsatu du ez duela ezer esango. Aurrekoan irakurri zuela sexualitateaz libre hitz egin behar dela seme-alabekin, naturaltasunez. Libreago sentitu nahiko luke. Teoria badaki, baina gero kostatu egiten da. Gorputzaren parte guztiak berdinak omen dira eta natural ikusi behar dira, berdin sudurra edo zakila. Pentsatu du pantailan ageri den neska gazte hori bere alaba izan daitekeela. Eta deskubritzea, gozatzea, ikastea, desikastea opa dio. Intziri egiteko gogoa duenean intziri egitea. Gustatzen zaiona eta gustatzen ez zaiona ahots goraz esateko askatasuna izatea. Berak orain badu plazeraren askatasun hori, baina alabaren adina zuenean ez zeukan. Orduan ez zuen bere gorputzari entzuteko patxadarik hartzen. Garaiak aldatu direla eta egungo emakumeak libreagoak direla pentsatu du. Beraiek bezain ezjakinak, baino libreagoak akaso.

Hark pentsatu du ez ote duen inork ezer esango, ez ote duen inork telebistako agintea hartu eta katea aldatuko. Zer pentsatu behar du amonak? Eta zer bilobak? Gaurko gurasoak «modernitoegiak» direla pentsatu du, baina hobe dagoela isilik, ez daukala sesiorako gogorik. Gero pentsatu du bezperan ederki pasatu zuela, filmean agertzen diren bi inuzente horiek baino dezente hobeago.

«Txokolatea egingo al dugu?». Sofatik altxatu eta sukaldera abiatu da, justu telebistan intziriak entzun diren unean.