JOKIN URAIN
IRITZIA

Irudimena

Zerbaitetan sinisten erakutsi ziguten; erakutsi izan ez baligute ere, zerbaitetan sinesmena izango genuen beharbada, sinesmena edo itxaropena, edo irudipena, edo susmoa, errezeloa, nahia edo dena delakoa. Ez dakit asmatuko ote nukeen kontzeptu bat bestearengandik zehatz bereizten, zer den sinesmena eta zer irudipena, bata zer den eta bestea zer ez den.

Mundu honetan estutasun berezirik izan gabe heldu diezaiokegu sinesmenari, geroko zorionaren bila, eta hala egiten dute gehienek, irudietan edo irudimenean dauden jainko handi eta txikiei eskatuz eta erregutuz, opariak eta otoitzak eginez. Baina, heriotzaz geroagokoari itxaron gabe, egunean eguneko eta bizialdi honetako munduan izaten ditugu premiarik gordinenak, urgenteenak. Eta ezinak estututa gabiltzanean, zerbaiten beharrak itolarrira garamatzanean, setioak galbidera garamatzala sentitzen dugunean, irtenbideak topatzeko heltzen diogu sinesmenari, irudipenari, ez-dakit-zeri.

Beharrak dira azken batean, eta beharrak irudimeneraino eraman gaitzake batzuetan, dena posible den mundu horretaraino, eta mirariak egin, existitzen ez diren gauzak erakutsi, berez inon ez dauden lekuetara eraman. Literatura josia dago halako munduz, eta zinema eta telebista pantailak ere bai, eta nahi duzuna aukera dezakezu, edo zeure propioa eta originala asmatu. Indartsua baita burmuina, zoragarria!

Literaturan eta pantailetan ematen diguten mundua bera eguneroko erreala baino gustukoago izan dezakegu, atseginago izan dakiguke, eramangarriago, idealago. Gero irudimenak, gureak edo besteren batek erakutsi nahi digunak, esango digu beharbada literaturan edo pantailetako mundu ideal horretan bizi garela eta ez egunerokoan aurrez aurre talka egiten dugun honetan. Burmuina indartsua baita, eta mundu idealak ditu!

Mundu ideal horietatik sinetsarazi nahi digute gauzak ez direla hain gordinak, guztia dela erlatiboa, gaizkia ere ez dela hain gaizto. Bi edo hiru aste izango dira ETBren pantailatik erakutsi digutela Altsasuko kuartelean denak ez direla zitalak, batzuk guardia onak direla.

Bihar edo etzi baten batek beste film batean erakusten ahal digu Altsasukoan ez ezik Intxaurrondokoan ere badirela onak. Film hori egingo duenari, dena den, ohartxoa planteatuko nioke, Irkus: azaldu dezala han zegoen guardia onak zer egin zuen Mikel Zabalza handik igaroarazi zutenean; zer egin duen ordutik gaur artekoan.