JOKIN URAIN
IRITZIA

Kronika kronikoa

Gabonen eta gainerako jaien aparra jaitsita, beste urte baten hasierak berritik gutxi ekarri duela ematen du. Egia da hasi besterik ez dugula egin urtea eta denbora eman behar litzaioke, oraindik gerta bailiteke akorduko ezkur urte onena izatea berau, pesimista guztion ikuspegiak eta iritziak iraultzeraino, eta ez legoke gaizki. Harridura apur bat, narriadura baizik ez dirudien inguruari. Zer demontre!

Dena den, badira aldatzeko zailagoak diren zerak, berezko izaeraren ezaugarriak diruditenak, goizetik gauera eta gauetik goizera alda litekeen animo egoera baino sakonagoak. Oraindik hilabete ez dela Eibarko Untzaga plazan presoen aldeko elkarretaratzean gertatutakoak datozkit. Ezker abertzalearen edo preso ohien ekitaldietan aspalditxotik ezaguna den kazetari espainiarra azaldu zen elkarretaratze horretara, zertara zihoan aurrez pentsatuta noski.

Kazetari mozorroarekin ibiltzen dena berea egin eta joan bezain bizkor azaldu zen Ertzaintza txanda hartzera, eta gertatuaren berri eman nahi zionari dokumentazioa eskatu. «Euskaraz ari naiz; egidazu euskaraz eta emango dizut»… Baina ezetz; ulertzen ziola gazteleraz, eta emateko dokumentazioa… Eta astero legez presoen aldeko elkarretaratzean egotea beste asmorik ez zuen herritarra atxilo eraman zuten, gaua komisarian igarotzera. Kazetari espainiarrak eta Ertzaintzak elkarren artean prestatutako koreografia ematen du.

Auskalo zenbat aldiz eta zenbat lekutan izan diren joan berri den urtean gertaera honen bertsio ezberdinak. Euskaraz egiten ez duen ertzaina, euskaraz egin nahi ez duena, euskaren kontra egiten duena. Finean, euskaraz egin nahi duen herritar euskaldunaren aurrean harro plantatu eta atxilo eramaten duen ertzainaren kronika kronikoa da.

Urtea ez ezik belaunaldia ere berritu beharko da agian euskal hiztunekiko ezinikusia erakusten duten ertzainak desagertzeko. Ez baitu ematen Euskal Heren honetako poliziaren arduradun politikoei asko axola zaizkienik ertzainen jokaera horiek, eta hain gutxi jokaera horien ondorioz gaua komisarian igarotzen duten euskaldunen eskubideak.

Ez dirudi erraza eta ez dakit urte berri bat aski izango den zuen aldeko elkarretaratzeen gehiago beharrik ez izateko, Angel. Baina zailagoa ematen du lagun hurkoa izorratzea beste antsiarik ez duen zitalaren neurriko uniformeak egiteari uztea behingoz.