Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Kritika

Elurrak tontorrak margotzen dizkigunean, autoz itsusitzen dira parajeak. Beste inori okurrituko ez zaion plan eder baten asmoz abiatu eta askok nekatuta eta nazkatuta egiten dute etxera buelta. Nondik atera da jende hau guztia? Eta, noski, gaizki egin dutela esaten diete batzuek pulpitutik. Distantzia sozialik ez dutela errespetatu eta arriskua sortu dutela.

Antzeko gertatzen da izoztutako terraza batean tragotxo bat hartzera gerturatzen direnekin. Eguraldi honekin beste inork terrazarako gogorik izango ez duelakoan gerturatu eta aulkien harrapaketan bukatu. Nondik atera da jende hau guztia? Eta, berriz, errieta. Arduragabeak, taberna inguruko aisialdiaren morroiak, herritar eskasak.

Badirudi itxialdiko balkoietako polizia batzuek gustua hartu diotela besteen jokabideak epaitzeari. Izan ere, covid-19a ez da azkenaldian solte dabilen birus bakarra. Albokoak egiten duenari begira bizi direnen birusa ere dezente zabaltzen ari da. Hala ere, uste dut ez dela birus berria, lehendik ere jende asko bizi zela albokoak egiten duenari begira. Arazoa da orain, ardura kolektiboaren izenean, puztuta dabiltzala eta edonori kargu hartzeko indarra sentitzen dutela. Betidanik salatariak izan direnak herritar eredugarri sentitzen dira orain.

«Besteak» kritikatuz bizitzeak baditu bere kargak. Batetik, besteari begira dagoenak ez dio bere buruari begiratzen, ez gauza onak ikusteko, ezta txarrak ere. Kritikatzeak energia mordoa xahutzen du, nekagarria da eta umorea ozpintzen du. Jarrera positiboa makaldu egiten da. Kritikatzeak hizkuntza zorroztea eskatzen du, gutxiespen hitzak nagusitzen dira eta horrek eragin zuzena dauka norberaren ongizatean. Kalterako. Sentipen onak eta baikorrak itzali egiten zaizkio besteak asko kritikatzen dituenari. Ingurukoak ere nekatu egiten dira eta konfiantza galtzen dute. Eta kritikatzen duenaren baitan ere zama handia ekartzen du kritikak, oreka emozionala galtzen du, sentsazio ezkorrak areagotzen ditu, tristura sortzen du. Finean, kritikatzen duenak berak ere sufritzen ditu kalteak.

Bizi dugun egoera muturrekoa dela ulertuta, gure jokaerak modu kolektiboan ulertu behar ditugula onartuta, herritar arduratsuak izan behar dugula barneratuta, osasuntsua litzateke hain suntsitzailea den kritikaren bidea apartexeago uztea. Elkar zain dezagun, ez dezagun elkar kritikatu.

Bakean dagoena bakean utzi. Horixe gure etxeko legea. Norberak egiten eta sentitzen duenari begiratzeko agintzen ziguten, ez bizitzeko ondokoak egiten zuenari eta esaten zuenari begira. Bakoitzak bere ekintzen eta esanen ardura hartu behar zuela. Egia esan, kezkatzen nau geratzen ari zaigun jendarteak.