Gurutze Anduaga
Hormen artean hesituta

Adreiluzko bizitzak

Indiako hainbat ingurutan adreilu lanetan ari dira herritarrak. Eraikuntzarako materiala sostengu ekonomiko nagusietako bat da, baina langileen baldintzak egoera duinetik urrun daude. Etxea teilatutik egiten hastera behartuta dago haien egunerokoa.

Argazkiak: Money Sharma | AFP
Argazkiak: Money Sharma | AFP

Gutxi gorabehera hamar milioi langile ari dira lanean Indiako eskala txikiko dozenaka adreilu-labeetan, lan baldintza kaskarretan, beren bizitza arriskuan jartzeraino iristen den kutsadura lazgarriarekin batera.

Labeak Indiako hazkunde ekonomikoaren mirari txiki bihurtu dira, Estatuan hazten ari diren bulego, lantegi eta dei zentro distiratsuetarako eraikuntza-materialak ekoizten baitituzte.

Familia pobretuek maiz behartzen dituzte seme-alabak lan gogorrak egitera, langileak egindako adreilu kopuruaren arabera ordaintzen baitute. AFP albiste agentziaren arabera, langile bakoitzak 800 errupia (10,50 dolar) jasotzen ditu mila adreilugatik.

Tenperatura oso altuekin eta kutsadura maila handiarekin lan egiten dute Indiako adreilugileek. Erreportaje hasierako argazkian, haurrak eskolara bidean, kea darion tximiniaren ondotik. Horietako askok ere lanean dihardute.

Zama astunak garraiatzen eta buztin artean oinutsik izerditan ageri diren langileen eszenek erakusten dute Indiako hazkunde azkarraren onura ekonomikoak oraindik iristeke daudela gizartean bazterturik bizi direnenganaino.

Gobernuz kanpoko hainbat erakundek salaketa ugari jarri dituzte azken urteetan adin txikikoen egoeraz ohartarazteko. Inguru horietako haurren %65ek baino gehiagok bederatzi orduko lanaldiak egiten dituzte udako hilabete beroenetan, eta lanbideak dakartzan osasun arazoetan jarri izan dute arreta; produktu kimikoz betetako aire-hauts artean aritzen dira lanean.

Adreiluzko pareten artean hesituta doa aurrera langile horien bizimodua, arnasgune txikienerako kasik aterabiderik gabe, etxea teilatutik eraikitzen hastera behartuta, haien eskuak direlarik aurrera jarraitu ahal izateko lanabes bakarra.

Ahalegin fisiko handia eskatzen du adreilugile lanbideak, zama handiak garraiatu behar baitituzte. 10,50 dolar jasotzen dituzte mila adreilu egiteagatik. Lan baldintza kaskarrengatik hainbat erakundek salaketak jarri dituzte azken urteetan.